Botoa posta bidez emateko epea luzatu dute

Bihar 14:00ak arte eman ahal izango da botoa postaz. Posta bidez bozkatzeko eskaera jasotzeko helbide bat adierazi eta boto paperak jasotzeko beste bat adierazi duten herritarrei erantzuteko eskatu du luzapena Espainiako posta zerbitzuak. Espainiako Hauteskunde Batzordeak hartu du erabakia.

Correosen bulego bat, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
2023ko uztailaren 20a
11:43
Entzun

Espainiako Hauteskunde Batzordeak bihar 14:00ak arte luzatu du igandeko hauteskundeetarako botoa postaz emateko epea. Berez, gaur arratsaldean amaitzen zen epe hori, baina Correos Espainiako posta zerbitzuak bihar arte luzatzeko eskatu du goizean. Gaur goizeko datuen arabera, estatuan posta bidezko botoa eskatu dutenen %91k jada eman du botoa: denera, 2,4 milioi lagun inguru.

Ikusi gehiago:Posta bidezko botoen uholdea

Correosen arabera, epea luzatzeko arrazoi nagusia da boto paperak jasotzeko eskaeran helbide bat jarri eta ondoren boto papera beste batera bidaltzeko eskatu duten herritarren nahiari erantzutea. Era berean, ordea, adierazi dute ezingo litzatekeela epea ostiraleko 14:00etatik aurrera luzatu, ezingo litzatekeelako bermatu boto guztiak hauteskunde egunerako garaiz iristea.

Gaur, Correoseko 654 bulego 22:00ak arte egongo dira irekita; egunerokoan 20:00ak arte irekita egoten direnak dira, nagusiki. Era berean, gehitu dute beharrezkoa izanez gero itxiera ordutegiak atzeratuko dituztela: «Bulegoren batean jendea zain badago itxiera ordua iristen denean, horiei arreta eskaintzen jarraituko da, posta bidezko azken botoa jaso arte». Erakundeak, dena den, botoa «ahal bezain laster» ematera deitu ditu herritarrak.

Correosek gaineratu du goizean bozkatu ahal izateko 170.000 agiri zeudela postetxeetan jasotzear oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.