Udal eta foru hauteskundeak. Gipuzkoa

Boto gutxi batzuek dena alda dezakete

EAJ eta EH Bildu ez dira elkarrengandik urrun egonen Gipuzkoako foru hauteskundeetan. EAJren eta PSE-EEren arteko akordioak aginteari eutsiko lioke oro har, ordea: baita udaletan ere. EH Bilduk ezkerrean du hazteko tartea.

Markel Olano eta Eider Mendoza, 2019an. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Donostia
2022ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko bi alderdi abertzale nagusiak elkarren lehiakide garbia dira Gipuzkoan. EAJk dauka nagusitasuna orain —51tik hogei batzarkide ditu—, eta hala izan zuen aitzineko legealdian ere. Baina udaletan EH Bilduk dauka indar handiagoa, behintzat zinegotzitan —bototan oso paretsu ibili ziren orain hiru urte—. Heldu den urteko udal eta foru hauteskundeetarako ere estua sumatzen da bi alderdi abertzaleen arteko lehia, Arantxa Elizondo EHUko Politika Zientzietako irakaslearen ustez. Batez ere, foru hauteskundeetan: «Ez dago oso garbi zer gertatuko den».

Elizondok posible ikusten ditu aukera guztiak: 2011n bezala EH Bilduk irabaztea, edota EAJk bere nagusitasunari eusten segitzea. Baina bi kasuetan txikia izanen da bi alderdien arteko aldea, EHUko irakaslearen ustez. Gizaker enpresak iazko abenduan egindako azken inkestaren emaitzak aipatu ditu horren adibide: galdeketaren emaitzen arabera, gora eginen dute nola EAJk hala EH Bilduk, eta EAJk irabaziko lituzke foru hauteskundeak. Horrelako zerbait izanen dela uste du EHUko irakasleak ere, nahiz eta ez duen argi bietako zeinek izanen duen boto gehien: «Hortxe-hortxe egongo dira, eta, EAJ gailentzen baldin bada ere, ez da alde handiagatik izango». Gaur egun hamazazpi batzarkide ditu EH Bilduk, EAJk baino hiru gutiago, eta 15.000 boto ingururen aldea daukate bi alderdiek.

EH Bilduren goraldi posiblearen gibelean azken urteotan Espainiako Kongresuan eta Eusko Legebiltzarrean egindako lana ikusten du politologoak. Izan ere, uste du koalizio subiranistak «rol aldaketa bat» egin duela: «Askoz gehiago dago politika publikoei begira, kudeaketari begira, neurri sozialak-eta laguntzearen alde». EHUko irakaslearen ustez, hain justu, oposizioko lana murriztu du, eta gobernuei «euskarria» eman die: «Baliteke horrek ondorio orokorrean positiboa izatea hautesleei begira».

Ez du uste, adibidez, jarrera horregatik ezkerrean botoak galduko dituenik; aurkakoa baizik: «Hautesleak, ezkerraldekoak, ikusten ari dira askoz arduratsuagoak direla ezker politikak bultzatzen, eta horrek eman diezaioke bultzada bat, konparatuta, adibidez, Elkarrekin Podemosekin». Lehendik ere beherantz doa Ahal Dugu-ren euskal adarra Gipuzkoan: azken hauteskundeetan bi batzarkide eta 10.000 boto galdu zituen —lau batzarkide ditu orain—, eta beheraldi horrek segituko duelakoan dago Elizondo.

PSE-EEk orain artekoari eutsiko dio, aurreikuspenen arabera: bederatzi batzarkide izan ditu azken bi legealdietan, eta 60.000 boto inguru. Elizondoren hitzetan, nolanahi ere, botoen gorabeherek ez diote anitz eraginen, harentzat garrantzia duena EAJrekin duen akordioa baita: «Bere hauteskunde euskarria kontuan harturik, ez da modu proportzionalean ari da kudeaketa politikoan, eta, hor mantenduz gero, aldaketa txiki batzuekin ere, ez litzateke aldaketa praktiko handirik izango».

Litekeena da bi alderdien arteko akordioak aurrerantzean ere segitzea, Eusko Jaurlaritzan ere elkarrekin baitaude, eta oraindik bi urte falta baitira Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako. Zaila da, beraz, akordio hori haustea: «Eneko Anduezak azaldu du bestelako akordiotara iristeko ateak irekita ikusiko lituzkeela, baina iruditzen zait hori gehiago izan dela bere profil berria edo protagonismo politikoa mediatikoki azpimarratzeko modu bat, benetan egiteko asmo bat baino», erran du Elizondok.

Zalantza, izatekotan, EAJren hautagaitzari buruzkoa izanen da, Markel Olano egungo ahaldun nagusiak jada errana baitu ez dela berriz aurkeztuko, eta, aukeran, emakumezko jeltzale bati utzi nahiko liokeela lekua. Eider Mendozarena da aipatzen den izenetako bat. «Gipuzkoa mailan hori da aurpegi ezagunena, orain daukalako erantzukizun instituzional garrantzitsua», dio Elizondok, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea baita. Bertze alderdiek ere ez dute oraindik hautagaitzarik iragarri.

PPk batzarkide bakarra du Gipuzkoan, eta, izatekotan, Voxen presentziak eginen lioke kalte, Elizondoren ustez; nahiz eta azken horrek emaitza «praktikorik» ez izan: «PPren aldekoak zatitu egingo lirateke».

Akordiorik eza salbuespen

Gipuzkoako udaletan 419 zinegotzi dira EH Bildurenak; eta, EAJrenak, berriz, 287. Herri txiki eta ertainetan du EH Bilduk bereziki nagusitasuna, eta horietan ez da aldaketa esanguratsurik espero. Elizondok uste du garrantzia galdu dutela Euskal Herriaren etorkizun politikoari buruzko aldarrikapenek, eta nagusitasuna irabazi dutela gai sozialagoek. Hor ere, EH Bilduren alde: «Izan dezake bultzada bat, bat egin duelako COVID-19ak, Ukrainako gerrak eta krisiak markaturiko testuinguru sozioekonomikoan agertu diren lehentasunekin: laguntza sozialak, sustapen ekonomikoa bultzatzeko neurriak... Horrek izan dezake oso eragin positiboa udal mailan ere».

Udal handiagoetan, ordea, EAJren eta PSE-EEren akordioa mantentzeak izanen du garrantzia, Elizondoren ustez; erraterako, Donostian: «Horrekin ja bermatuta daukate instituzioetan egotea». Berdin antzeko hiri edo herri handietan: «Zinegotzi aldaketaren bat egon daiteke gora edo behera, baina iruditzen zait akordioak jarraituko duela, behintzat antzekotasun batekin». Azken urteotan izan dira bertzelako bideak: Irunen eta Eibarren, adibidez, hitzarmenak egin dituzte EH Bilduk eta PSE-EEk; baita Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk ere, konparaziorako, Errenterian eta Ordizian. Elizondoren arabera, ordea, horiek «salbuespen» baino ez dira izanen: batez ere, EAJren eta PSE-EEren arteko hausturak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.