Botikez, hitzak ondo neurtuta

BioNTech konpainiak zenbait minbiziren kontrako txertoak iragarri ditu asteburuan; alzheimerra arintzeko botika izan zen albiste irailean. Itxaropen zio dira berriok, baina tentuz eman behar dira.

BioNTech botika konpainiaren laborategi batean txertoak egiten. BIONTECH SE /EFE.
arantxa iraola
2022ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Asteburu honetan berriz zabaldu da esperantza: BioNTech botika konpainiako arduradunek BBCn emandako elkarrizketa batean adierazi dute aski aurreratuta dituztela minbizi klase zenbait tratatzeko txertoak. Noizko egon daitezkeen ere iragarri dute: «2030. urterako». Aditzera eman dutenez, RNA mezularian oinarritutako txertoen bidez —COVID-19aren kontra erabili dira estreinakoz— lortuko da minbiziaren aurka ere egitea. Oihartzun handia izaten dute osasunarekin lotutako halako berriek askotan. Orain hiru aste ere, adibidez, lau haizeetara hedatu zen beste itxaropen bat: Eisai eta Biogen botika konpainiek jakinarazi zuten lantzen ari diren botika batek astirotu egiten duela alzheimerraren garapena gaitzaren lehen faseetan: botika hartzen duten erien narriadura %27 urritzen da. Heldu zen berria hartzaileengana: indartsu. Badira botikaren eske joan zaizkiela kontatu duten medikuak, eta albistea jakinarazi zuten bi konpainiek, berria hedatze hutsarekin, igoera handiak izan dituzte burtsan.

Prentsa ohar baten bidez zabaldu zuten alzheimerraren kontrako botikaren albistea. Hedabide batean egindako elkarrizketa baten bidez zabaldu da minbiziaren kontrako txertoen berria. Horien garapenaren gaineko ikerketak ez dituzte argitaratu oraindik, eta, ondorioz, halako goiburuak era neurritsuan emateko beharraren inguruan ere ozendu dira hainbat ahots. Ikertzaile ezaguna da Koldo Garcia; genetikak urdail-hesteetako gaixotasunetan duen eragina eta garrantzia ikertzen du. Zientzia dibulgazioan ere oparo jarduten du, eta tankerako goiburu deigarriek sortzen duten «euforia» apaltzen ikusten du bere zereginetako bat. «Gauzak inoiz ez dira hain sinpleak, ezta hain errazak ere; normalean halako lanak oso inguru kontrolatuetan egiten direnez, ingurune normal batera pasatzean, zailtasunak izaten dituzte», ohartarazi du.

Erantzukizunez

Horregatik, tentuz ibili behar dela uste du Garciak. «Halako berriak transmititzean, ni beti apala naiz, beti zuhurtziaz jokatzen dut; izan ere, erantzukizun handia daukagu jende askorekin, eta, batez ere, gure erantzukizuna da itxaropen faltsuak ez zabaltzea», nabarmendu du. Gainerakoan, zientzialarien «sinesgarritasuna» bera kolokan dagoela adierazi du. «Eta konfiantza da daukagun gauzarik handiena; jendeak ez badu konfiantzarik egiten dugun lanean, ez du ezertarako balio». Ondo daki ateratzen diren albiste gehienen atzean, goibururik itxaropentsuenen atzean ere, «ñabardurak» daudela, eta betiere horiei erreparatuta hitz egin behar dela pentsatzen du.

Gogorarazi du prentsa oharren bidez-eta heltzen diren albisteetan, adibidez, zientzialarien ekarpenez harago, «komunikazio taldeen» erabakiak ere egoten direla, eta komunikazio harreman horretan ikerketaren benetako «mugak» zehazteko era izan behar dutela beti ikertzaileek; areago, «zintzotasunez» egin beharreko lana dela hori. Baina ez da egiteko erraza. Sortzen dituzten albisteen klik azkar eta ugariak behar dituzte hedabideek; ikerketa taldeak ere klik horien gose izaten dira sarri askotan. Horrek bi aldeak tentatzen ditu goiburu deigarrien aldera. «Lan zaila da espektakulutik, metrikatik eta klikbeiten eremu horretatik ihes egitea», aitortu du Garciak. «Diru batzuk lortzen dituzu ikerketa bat egiteko, eta gero horiek justifikatzeko ahalik eta titulu hoberena eta inpaktu handiena behar duzu». Jokaera horien eragin negatiboen artean, ohartarazi du ikerketa taldeen arteko «lehiakortasuna» ere sor daitekeela: «Toxikoa». Eta paradoxa handia dakarrela horrek: «Zientzia, berez, auzolan erraldoi bat baita».

Euskampus fundazioko zabalkunde zientifikorako arduraduna da Uxune Martinez; ikusten du hark ere«sentsazionalismoa» tankerako hainbat albiste zabaltzeko orduan. «Ematen du mundua salbatuko dutela», adierazi du. «Prentsa oharrek zenbaitetanematen duten informazioa, adibidez, oso deigarria izaten da, eta horren balio erantsia egoten da askotan emaitza jakin batean». Emaitza horiek ezin dira, ordea, besterik gabe «orokortu». Ikerketaren «testuingurua»aintzat hartu behar da beti. Gogorarazi du sarri «albo ondorioak-eta» ere ez direla aipatzen: «Baina beti egoten dira». Horrelakoak ere, beraz, adierazi behar dira.

«Beraz, zer egin behar dugu horrelako albiste bat jasotzen dugunean? Kritikoagoak izan behar dugu. Egun zientziatik heltzen den informazio asko bere horretan hartzen dugu, eta berriak landu beharrean ematen du iragarkiak lantzen ari garela; ematen du zentro bateko bozeramaileak garela, edo laborategi batekoak», ohartarazi du Martinezek. Jarduteko modu hori baztertuta, beste era batzuk bilatu behar dira.

«Adituekin» batera

Horretarako, hedabideek zientzia arloko «adituekin» harreman joriak lantzea da bideetako bat. «Kontrastea beharrezkoa da halako albisteak emateko orduan». Martinezek garbi du hori dela «esperantza faltsuak» hauspotu gabe informatzen aritzeko bideetako bat. Inoiz ahantzi ezin den hitz bat baitago: «Etika». Era berean, gizartean, oro har, halako berriak irakurtzen eta interpretatzen laguntzeko «alfabetatzea eta ahalduntzea» sustatu behar direla ere oroitarazi du Garciak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.