OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak 29. biltzarra egin du asteburuan, Gasteizen. Osasungintza berria? Bere jardunetik ikasten duen osasun sistema goiburupean antolatu dituzte mintzaldiak. Aurreko hainbat bilkurarekin alderatuz oraingoan jende gutxiago izan dela onartu du Felipe Aizpuru Barandiaran osasun ikertzaileak (1957, Gasteiz). «60 bat lagun. Garai onenetan, 200 ere baginen». Ez dio aldatzeko itxurarik hartzen horri: «Pentsatzen dut hori izango dela joera: gazteek ja ez dute ikusten halako gauzen beharra guk ikusten genuen eran. Ikastolara joanak dira, medikuntza ere euskaraz ikasi dute sarri...». Jardunaldi mamitsuak izan direla esan du: «Oso pozik gaude». Osasun sistemek gero eta «eraginkorrago» nola jardun aztertu dute. Osakidetzako erakunde zentralean dihardu berak, analisi aurreratuen unitatean. Jardunaldien egitaraua ontzen jardun du; hizlari ere bai.
Osasun sistemak jardunaren jardunaz hobetzeko modua lotu duzue digitalizazioarekin. Hein batean, handitu egin ditu egindakotik ikasi eta erabaki hobeak hartzeko erak, ezta?
Egun, medikutara banoa, niri buruzko informazio osoa hor du:ikus dezake, adibidez, zer gertatu zitzaidan atzo, esaterako, ospitalera joan nintzenean... Horretarako balio du digitalizazioak. Baina guretzat hori bakarrik gutxi da. Egun, adibidez, gure elkargoa bakarrik kontuan hartuta, bi milioi pertsonaren informazioa daukagu; Osakidetzak egunero gutxi gorabehera 100.000 kontaktu dauzka herritarrekin... Informazio hori guztia pilatu eta ondo aztertzen badugu, datu horiek ezagutza bihur daitezke. Ikerkuntzarako ere aukera eman dezake.
Digitalizazioari esker erdietsitako datuak finduz eta partekatuz joan ahala, beraz, osasun sistema eraginkorragoa egin daitekeela diozue...
Zero akats; hori da helburua. Egun, tamalez, ez da hori gertatzen. Iatrogenia delakoa mundu osoan hirugarren heriotza kausa da; osasun aktibitateak sortutako arazoak hartzen ditu kontuan. Zenbaitetan, ezin da saihestu: adibidez, zure gaitzarentzat botika bat hartu behar duzunean nahi eta nahi ez, eta badakigunean botika horrek nahi gabeko ondorioak dituela. Baina beste gauza batzuk eragotzi daitezke. Esaterako, egun saiatzen gara ospitalean dauden pazienteak lehenbailehen etxera bidaltzen: jendeak pentsatzen du hori egiten dugula aurrezteko, baina ez. Ospitale batean zenbat eta egun gehiago pasatu, orduan eta probabilitate handiagoa duzu ospitale infekzio bat izateko; hori oso arriskutsua da.
Datu horiek jaso eta era ahalik eta egokienean aurkezteko prozesuan ba al da eredu gisara hartzeko osasun sistemarik inon?
Eskandinaviarrei begiratu izan diegu; Finlandian, adibidez, edo Suedian eta Danimarkan, badituzte sistemak zeintzuetan pertsona bakoitzak jaiotzen den unetik duen kode identifikatzaile bat; horrek erraztu egiten du, adibidez, osasun datuak hezkuntzakoekin erkatzea... Ez dut uste erabili dutenik hori era orokor batean, baina badaude erreferentzia partzial batzuk non saiatu diren halako ereduak erabiltzen eskala txikian. Ondo joan direla ematen du, eta ez dugu zalantzarik: etorkizunak bide horretatik joan behar du.
Pazienteen artean usu kezka izaten da espezialitateen arteko koordinazio falta; zorabiatuta sentitzen dira. Hor ere aipatzen duzun gisako esperientziak aski lagungarriak izango dira, ezta?
Hori da lantzen ari garen honen guztiaren beste zutabe garrantzitsu bat. Honekin guztiarekin espero dugu erabaki partekatuak hartu ahal izateko tresnak ematea, bai medikuentzat eta bai pazienteentzat. Pazienteen eta klinikarien arteko erlazioa adituen arteko erlazio gisara ikusten dugu guk: mediku edo erizainak ez gara inor pazienteek ez badigute ezer ere esaten. Pazienteek, berriz, behar dute gure ezagutza: gure esperientzia. Alde horretatik, nik uste dut datozen urteetan gero eta gehiagotan ikusiko ditugula erabaki partekatuak. Gure biltzarrean ere hitzaldietako batek horra zer izen zuen: Pazienteen iraultza. Orain arte osasuna beti egon da profesionalen eskuetan: pazientea bazetorren guregana galdezka: «Zer egingo dut? Zer egingo zenuke zuk zure ama balitz?». Bada ez, horiek ez dira galdera zuzenak. Galdera zuzena da: «Ea, mediku. Zer gertatuko zait halako egiten badut? Eta beste halako egiten badut?». Benetako boterea norberaren nahietan dago; ni gaixoa banaiz, gai izan behar dut erabakitzeko kirurgia bat egingo dudan edo ez, baina ondo jakinda ondorioak...
Depreskripzioaren gaia ere jorratu duzue. Gainpreskripzioa dagoelako izango da, noski...
Bai, hori ere oso inportantea da. Batez ere, zaharrengan; baina ez haiengan bakarrik. Izan ere, botikak ipintzen ditugu, baina gero ahaztu egiten zaigu kentzea. Noizean behin egin behar da pazienteen errepasoa: «Ea, zer hartzen ari da?». Zenbaitetan, hamazazpi botika dira. Bada, ikusi beharko da zer eragin daukaten; gainera, kontuan hartu behar da botikek pertsona zaharrengan daukaten eragina ez dela berdina izaten. Batzuetan, adibidez, hipertentsioaren kontrako botikak hartzen ari badira, probalitate handiagoa izaten dute eroriko bat izateko: sarri, aldaken hausturak-eta izaten dira halakoen ondorioz. Beraz, errepaso hori oso garrantzitsua da. Erabaki behar dugu, adibidez, 90 urte dituen paziente bati emango diogun botika bat gehiago bizitzen lagunduko diona edo inportanteagoa den mina kentzeko hartzen duena.
Eta lehengoa berriz, ezta? Osasun sistema unean uneko datuekin eguneratuta egotea giltzarri da alde horretatik ere...
Bai, bai, hori ere bai. Izan ere, horrela mapa osoa daukagu; ez bakarrik bi, hiru edo hogei paziente aintzakotzat hartzen dituena, baizik eta ikuspegi osoa.
Felipe Aizpuru Barandiaran. Osasun ikertzailea
«Botikak ipintzen ditugu, baina kentzea ahazten zaigu gero»
Osasun sistemek jardunaren jardunaz erantzunak hobetzeko dituzten erez aritu da OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea 29. biltzarrean; Aizpuruk Osakidetzan dihardu, eta bilkuraren antolatzaileetako bat izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu