Boterea nola eskualdatu aztertuko dute gaur Lopezen gobernuak eta EAJk

Prozedura azkartzeko eskatu du PPk, eta Eusko Legebiltzarreko bozeramailea Quiroga izango duela azaldu du

Erredakzioa
2012ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Jarduneko Eusko Jaurlaritzak eta etorkizunekoa osatuko duen alderdiak bilera egingo dute gaur, botere aldaketa nola gauzatu aztertzeko: Patxi Lopezen gobernu sozialistak eta Iñigo Urkullu buru izango duen ordezkaritza jeltzaleak. Aurreikuspenek diotenez, abenduaren 10eko astean egingo da, ziurrenik, Urkullu lehendakari izendatzeko saioa; Jaurlaritza osatzekoa, ondorengo astean izango dela espero da.

Idoia Mendia jarduneko Jaurlaritzaren bozeramaileak eman du bileraren berri, eta jakinarazi du boterea eskualdatzeko sistema aztertzeaz gain Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko liskarren iturri diren hainbat gairi buruz ere mintzatuko direla. Horien artean premia berezia izango du EAEko administrazio publikoko funtzionarioen Gabonetako sariari dagokionak. Gobernu sozialistari dagokio erabakia hartzea, eta, Espainiako Gobernuaren aginduari muzin eginda, EAEko 70.000 funtzionarioei saria ordaintzearen alde dagoela esana du. Jaurlaritzak hori ordaintzeko «dirua eta borondatea» badituela esan du Mendiak. Baina Jaurlaritzaren agintea eskuz aldatzear dela eta, gaia EAJrekin aztertu beharra duela adierazi du.

Beste gai batzuk ere izango dituzte mahai gainean PSE-EEko eta EAJko agintariek; besteak beste, botiken berrordaintzea, etorkinei eman beharreko arreta, eta osasunari zein hezkuntzari dagozkien murrizketak.

Jarduneko jaurlaritzak botere aldaketari buruzko bileraren berri eman duen egun berean, aldaketarako prozedura azkartu dadila eskatu du PPk. Urkulluren inbestidura saiorako epeak ahal bezain beste murrizteko esan dio EAJri, eta 2013rako aurrekontuak lantzen hasteko. «Krisi egoera larriak azkar aritzea eskatzen du, eta ez egungo desgobernuan jarraitzea».

Epeak laburtzeko laguntza eskaini dio Antonio Basagoiti PPko presidenteak EAJri. Haren esanetan, bateraezintasunen batzordeak ez du bost eguneko epea amaitu beharrik. Bere lana bi egunetan egin dezakeela uste du, eta horretan laguntzeko prest agertu da. Hala, Urkulluren inbestidura saioa abenduaren erdialdea baino lehen egin ahalko litzatekeela adierazi du.

Egun hori iritsi aurretik lanean hasteko gomendatu dio EAJri; «proposamen serioak» egin ditzala eta datorren urteko aurrekontuetarako babes bila has dadila. Horrekin, Jaurlaritza osatu bezain pronto legebiltzarrean aurrekontu proposamena aurkezteko moduan egongo litzatekeela esan dio: «Ez dago galtzeko denborarik; ardura osoz jokatzeko unea da».

PPko legebiltzar taldearen organigrama ere aurkeztu du Basagoitik. Orain arte legebiltzarreko presidente izan den Arantza Quiroga PPren bozeramaile izango dela jakinarazi du. PPk lehen aldiz jarriko du emakume bat lan horretan. Laura Garrido, Borja Semper eta Iñaki Oiartzabal izango dira haren ordezkoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.