Bost urteko zigorra ezarri diote gidari bati, hiru oinezko hiltzeagatik

Iazko apirilean gertatu zen istripua, Kantabrian (Espainia). Hildakoetako bi Sestaokoak (Bizkaia) ziren.

Istripua gertatu zen lekua. PEDRO PUENTE HOYOS / EFE
Istripua gertatu zen lekua. PEDRO PUENTE HOYOS / EFE
jakes goikoetxea
2024ko azaroaren 4a
13:30
Entzun

Kantabriako (Espainia) Probintzia Auzitegiak bost urteko eta bederatzi hilabeteko zigorra ezarri dio 73 urteko gizon bati, iazko apirilean autoarekin hiru oinezko harrapatzeagatik eta hiltzeagatik. Hildakoetako bi Sestaokoak (Bizkaia) ziren, 42 urteko emakume bat eta haren 19 urteko semea; hirugarren hildakoa 68 urteko emakume bat zen, Errioxakoa (Espainia).

Aldeek akordioa lortu dute zigorrari buruz. Zuhurtziagabekeriaz egindako hiru giza hilketa delitugatik zigortu dute. Zigortuak gertatutakoa eta zigorra onartu ditu. Fiskaltzak sei urteko kartzela eskatu zuen harentzat; akusazio partikularrek, berriz, bederatzi urtekoa. Ezingo du ibilgailurik gidatu bederatzi urtean. Zigortuaren aseguru etxeak ordaindu ditu erantzukizun zibilari eta kalte ordainei dagozkien diru kopuruak.

Alkohola edanda eta azkarregi

Iazko apirilaren 4ko 20:00 aldera, zigortua autoa gidatzen ari zen CA-433 errepidean, Suesan. Ibilgailuaren kontrola galdu zuen, eta hiru pertsona harrapatu. Herriko kanpinean ostatu hartuta zeuden, eta paseatzera atereak ziren, errepidearen ondoko oinezkoen bidera. Autoaren kontrola galdu eta gero, beste auto bat jo zuen. Auto horretan zihoan emakume bat zauritu egin zen.

Gidariari alkohol proba egin zioten, eta baimendutako alkohol tasan halako hiru eman zuen proban. Horrez gain, ikerketan ondorioztatu zuten errepideko abiadura muga gainditu zuela: orduko 79 kilometroko abiaduran zihoan, gehienez orduko 50 kilometroko abiaduran joan zitekeen errepide batean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.