Gizon bati bost urteko kartzela zigorra ezarri dio Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak, bikotekidea hiltzen saiatzeagatik. Emakumea autotik botatzen ahalegindu zen, Irungo eta Hondarribiko (Gipuzkoa) San Martzial eta Jaizkibel mendien arteko errepidean. Kartzelaldiaz gain, urruntze agindua ere jarri diote: hemezortzi urtez ezin izanen da biktimarengana hurbildu edo harekin komunikatu; eskumuturreko telematiko baten bidez kontrolatuko dute. Komunitatea laguntzeko lanak ere egin beharko ditu 56 egunez.
Hamahiru urteko kartzela zigorra eskatzen zuen Fiskaltzak, baina akusatuak gertatutakoa aitortu duenez, zigorra jaitsi egin diote.
2021eko abenduaren 31n gertatu zen. Epaiaren arabera, bikotea autoaren kanpoan hasi zen eztabaidatzen, baina gizonak emakumea bortxaz sartu zuen autora, iletik tiraka, hiltzeko mehatxu eginez behin eta berriz. «Abiadura bizi-bizian» gidatzen hasi zen, eta, bat-batean kopilotuaren atea ireki, eta emakumearen segurtasun uhala askatu zuen. Emakumea kanpora bultzatu zuen, eta tarte batez «hankak airean zintzilik» izan zituen, eta hainbat kolpe hartu zituen «atearekin eta errepidearekin».
Bitartean, gizona hau esan eta esan ari zen: «Erroitz batetik botako dut neure burua, eta bien bizitza amaituko dut». Jaizkibelgo tiro eremura iritsi zirenean, emakumeak autotik salto egitea lortu zuen. Ondorioz, biktimak zauriak egin zituen; zortzi egun behar izan zituen horien sendatzeko.
Lau atxilotu Nafarroan
Asteburuan, berriz, lau gizon atxilotu dituzte Nafarroan indarkeria matxistarengatik. Tuteran, Burlatan eta Donezteben atxilotutakoak tratu txarrengatik atzeman dituzte, eta Iruñekoa, berriz, sexu eraso batengatik.