Baionako Auzitegiko Zigor Aretoak bost urteko kartzela zigorra ezarri zion atzo 77 urteko gizon bati, Arberatze-Zilhekoako (Nafarroa Behera) bi neska adingaberi sexu erasoak egiteagatik. France Bleuk jakinarazi duenez, gizonak 2017an eta 2018an egin zituen sexu erasoak. Neskek 7 eta 8 urte zituzten. Zigortuak eskolaz kanpoko jarduera bat eskaintzen zien ikasleei, bere etxeko baratzean —eskolaren ondoan—, Arberatzeko Herriko Etxeak kontratatuta.
Neskek salatu zutenez, gizonak ukituak egin zizkien. Nesketako batek sexu erasoa jasan eta bost urtera kontatu zion amari, ohar batean idatzita. Gizonak zakila ukitzeko eskatu ziola idatzi zion, besteak beste. Neska batek kontatu eta gero, besteak ere kontatu zuen. Terapia jasotzen du gaur egun.
Epaiketan, zigortuak ukatu egin zuen neskei sexu abusuak egin izana. Haur pornografiari buruzko irudi asko topatu zituzten haren sakelako telefonoan eta ordenagailuan.