Bost parke eoliko egiteko baimena eman du Eusko Jaurlaritzak

Gazume, Kolometa, Arkamo, Iturrieta eta Alda-Arlabako Gurutzeta dira baimendutako lekuak

2006ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak bost parke eoliko eraikitzeko baimena eman du. Euskal Autonomia Erkidegoaren Energia Eolikoaren Lurraldearen Arloko Planak identifikatutako bigarren taldeko lekuetan egin daitezke. Energia berriztagarrien erabilera bultzatu nahi dute erabaki horrekin.

Ekainaren 21ean, Eusko Legebiltzarreko Industria Batzordearen aurrean aurkeztutako 2010erako Euskadiren Energia Estrategiak aurreikusten dituen lau jardueretako ildo nagusienetakoa da. Planaren helburua da, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontsumitzen den energiaren %12 energia berriztagarrien bidez lortzea.2010erako lortu nahi zuten, baina ikusirik iaz %4,4 baino ez zela energia berriztagarrien bidez bete, energia iturri horien ahalbidetzea «azkartzea» erabaki dute. Bere garaian 11 kokaleku aukeratu ziren 10 megawattetik gorako parke eolikoak jartzeko. Kokalekuak bi taldetan banatu ziren. Lehen taldean sei zeuden: Elgeta-Urkilla, Oiz, Badaia, Ordunte, Ganekogorta eta Mandoegi. Horietatik Oizen, Badaian eta Elgeta-Urkillan ezarri dira parke eolikoak. Ganekogortan eta Mandoegin egiteko baimenak eman dira, baina oraindik proiekturik ez da aurkeztu. Ordunten, aldiz, parke eolikoa egitea galarazi zuen Eusko Jaurlaritzak. Natura 200 sarearen barruan dago eta Garrantzi Komunitarioko Lekua izendatu da. Parke eolikoa egingo balitz ingurunean sortutako kalteak «atzeraezinak» eta «onartezinak» izango liratekeela esan zuen Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak.

Elgeta-Urkillako Parkeak 850KWko potentzia duten 40 haize errota ditu. Guztira, 34 MWko potentzia du, eta 24 milioi euro gastatu ziren eraikitze lanetan. Oizen 30 haize-sorgailu daude, 850KWko potentzia dutenak, horiek ere. 25,50MWko potentzia du parkeak. 23 milioi euro inbertitu ziren. Eta Badaian 1.670KWko 30 haize-sorgailu daude. 50MWko potentzia dago, eta 49 milioi euro behar izan ziren sortzeko.

BIGARREN TALDEAREN BEHARRA. 2010. urterako 624 megawatt izatea da helburua eta gaur egun 145 megawatt sortzen da EAEn. Lehen taldeko kokalekuekin helburu hori lortzea «ezinezkoa» dela iritzi dio Eusko Jaurlaritzak. Horrenbestez, bigarren taldean eduki dituzten kokalekuetan parke eolikoak egitea «beharrezkotzat» jotzen du. Bigarren taldeko lekuak dira: Gazume, Kolometa, Arkamo, Iturrieta eta Alda-Arlabako Gurutzeta mendiak.

Eusko Legebiltzarreko Industria Batzordeak Jaurlaritzari helburuak betetzeko neurriak har ditzaten eskatu zion: «Beharrezko sustapen, araudi, teknologia garapen eta zabalkunde neurriak har ditzala eskatzen diogu, diseinatutako estrategiaren barnean, aurreikusitako helburuak bete daitezen. Irizpide hauek hartuko dira kontuan: energia eraginkortasuna bultzatzea, baliabide berriztagarriak indartzea eta garapen iraunkorraren aldeko ekarpena». Eusko Jaurlaritzak uste du bigarren taldea erabiltzea onartuta, Lagebiltzarreko Industria batzordeak eskatutakoa betetzeko urratsak egiten direla: «Energia eolikoaren alorrean finkatutako helburuetara hurbiltzeko».

EAEn gastatzen den energiaren %12 energia berriztagarrien bitartez lortzea da planaren helburua

Jaurlaritzak dio 2010. urtean 624 megawatt lortzeko beharrezkoa delaparke eoliko gehiago egitea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.