Paxi Etxepare (Larresoro, Lapurdi, 1993) lehen agerralditik goiti hasi zen Jaka Horiak mugimenduan militatzen. Larunbatero parte hartu izan du mobilizazioetan, eta lehen aldiz, iraila bukaeran atxilotu zuten poliziek Parisen. Jasan duen errepresio juridikoaz mintzatu da BERRIArekin.
Parisera joan zinelarik zer gertatu zitzaizun?
Askotan izan naiz Parisko manifestazioetan. Aldi oro bezala, zakuak miatu zizkiguten. Usaian, babes materiala hartzen digute. Oraingoan urrunago joan ziren: CRSek ezagutu ninduten erranez Baionan nintzela G7koen goi bilerako protestetan. Argiki erran zidaten haiek ere han zeudela eta ezagutu nindutela. Eta atxilotu ninduten babes materiala nuelako. Argi da estatu errepresibo batean bizi garela; asmoak epaitzen dituzte, ekintzarik izan gabe.
Estatuak mobilizazioa oztopatzeko erabiltzen du errepresioa?
Bai, arrunt. Adibidez, esan zuten Eliseoko Zelaietan eraso terrorista bat izateko arriskua bazela, baina ez zen egia. Arrisku handiegia ikusten zuten jaka horien manifestazioa bertan ibiltzeko, eta hori baliatu zuten. Zeuden terrorista bakarrak gu ginen: herritarrak. Terrorismoa nahi dutena egiteko baliatzen duten aitzakia bat da. Lege berriak pasarazten dituzte jendea zaintzeko... Estatu autoritario bat da, argi eta garbi.
Salatu duzu eskubide urraketak pairatu dituzula.
Komisariara iritsi nintzelarik, esan zidaten abisu bat bakarrik ukanen nuela. Baina atxiloaldian sartu ninduten. Galdegin nuen familia deitzeko eskubidea, baina errefusatu zidaten. Nire intentzioak susmagarritzat zituztelako atxilotu ninduten. Bost orduz eduki ninduten auzitegian esplikaziorik eman gabe; ez nekien ea epaitua izango nintzen ala ez. Eta gero prokuradoreak abisua eman eta debekatu dit sei hilabetez Parisera joatea. Euskal Herrira iristean abokatu batengana jo nuen eta galdetu nion ea zer egin zitekeen. Baina arazoa da ez naizela auzipetua izan; beraz, ez dut modurik estatua auzitara eramateko.
Errepresio juridikoaz gain, fisikoa ere pairatu du Jaka Horien mugimenduak.
Zauritu kopuru ikaragarria izan da. Poliziaren oldarraldiak noiznahi hasten dira; berez eman behar dituzten abisuak ez dituzte ematen, eta hasten dira joka. Toki publikoak debekatzen dizkigute; alta, manifestazio eskubidea eskubide konstituzional bat da. Haiek legegai zuzenketak baliatzen dituzte toki bat ala bestea debekatzeko, edo orain istiluen aurkako legea plantan ezarri dute, gogorkiago zapaldu ahal izateko mugimendua.
Zer espero duzu larunbateko manifestaziotik?
Guk erakutsi nahi dugu borroken bateragarritasuna posible dela. Hastapenean, gure mugimenduak akats bat egin du pentsatuz sindikatuak, alderdi politikoak... denak zaku berean zirela, eta ez genuen haiengan sinesten. Baina orain ohartu gara sindikatuen eta sindikatuetako militanteen artean badela diferentzia bat. Militanteengan sinesten dugu, eta elkarrekin borrokatu behar dugu, justizia soziala delako gu denon oinarrizko aldarria.
Eskubide urraketak, karrikatik auzitegira
Paxi Etxepare. 'Jaka horia'
«Bost orduz eduki naute auzitegian esplikaziorik eman gabe»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu