Eusko Legebiltzarrerako apirilaren 5eko hauteskundeetan, bost talde nagusietako lehendakarigaiak euskaldunak izango dira. Lehen aldia da halako zerbait gertatuko dela. Elkarrekin Podemoseko hautagaia zein izango den jakitea falta zen, haien primarioak zirela eta, eta EPko partaideek Miren Gorrotxategi hautatu dute, ez Rosa Martinez —euskara ikasten ari da—.
Bost lehendakarigaiak Bizkaian bizi dira, baina Iriarte Gipuzkoako zerrendan aurkeztuko da —donostiarra da—, eta Urkullu, Arabakoan. 1960ko hamarkadan jaiotakoak dira guztiak.
Lehendakarigaiak
EAJ: Iñigo Urkullu (Alonsotegi, Bizkaia, 1961). Eusko Legebiltzarrerako aurreko bi bozetan ere EAJren lehendakarigaia izan zen, eta 2012ko abendutik Jaurlaritzako lehendakaria da. 2008-2012 artean, EAJren EBBko presidentea izan zen. 2012tik legebiltzarkidea da, eta 1994-2007 artean ere izan zen. Euskal Filologia ikasketak ditu.
EH Bildu: Maddalen Iriarte (Donostia, 1963). 2016tik legebiltzarkidea da, eta urte hartako inbestiduran EH Bilduren lehendakarigaia izan zen. Kazetaria da, eta 1986tik 2016ra ETB1en aritu zen.
Elkarrekin Podemos: Miren Gorrotxategi (Abadiño, Bizkaia, 1967). 2016tik iaz arte Espainiako senataria izan zen. Konstituzio Zuzenbideko irakaslea da EHUn.
PSE-EE: Idoia Mendia (Bilbo, 1965). 2016an ere PSE-EEren lehendakarigaia izan zen. 2009-2012 artean, Jaurlaritzako eledun eta Justizia eta Administrazio Publikoko sailburu izan zen, eta 2012an, Herrizaingo sailburu. Legebiltzarkidea da 2012tik, eta aurretik ere izan zen (2002-2009). 2014tik, PSE-EEko idazkari nagusia. Zuzenbide ikasketak ditu.
PP-C's: Carlos Iturgaiz (Santurtzi, Bizkaia, 1965). 1996tik 2004ra EAEko PPko presidentea izan zen. 2014tik iaz arte, Europako parlamentaria. 1994tik 2004ra, legebiltzarkidea.