'Gal auzia'. Dokumentuak

Bost informazio fiskalarentzat

Donostiako Lurralde Auzitegiko Juan Kalparsoro fiskalaren idatziak hainbat «datu eta informazio berri» aipatzen ditu, Felipe Gonzalez Espainiako gobernuburu ohiak GALen izandako inplikazio eta ardura posibleak ikertzeko bidea eman dezaketenak.

Felipe Gonzalez GALekin nahasten duten hainbat dokumentu. Tartean, CIAren txosten bat. BERRIA
Eider Goenaga Lizaso.
2021eko otsailaren 20a
07:54
Entzun

Pili Zabalak aurkeztutako salaketan jasotako «datu eta informazio berriak» aipatzen ditu Juan Kalparsoro fiskalak bere idatzian. Bost dira informazio horiek, eta bostak jaso ditu Kalparsorok bere idatzian.

1. CIAren 1984ko txostena

Gonzalezek ETAren aurka mertzenarioak erabiltzea onartu zuela idatzi zuen AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentralak, 1984an, GAL sortu eta gutxira. CIAren agiriek ez dute argitzen mertzenario talde hori eta GAL gauza bera diren. Hau da esaldi zehatza: «Irudi du [Espainiako] gobernuak erabakita daukala ETAren aurkako borrokan estrategia ez-ortodoxo bat erabiltzea. [Ezkutatutako esaldi motz bat] Gonzalez ados dago armadak kontrolatutako mertzenario taldeak osatzearekin, terroristak legez kanpo borrokatzeko. [Ezkutatutako beste esaldi bat] Mertzenarioek ez lukete derrigorrez espainiarrak izan behar, eta haien misioa litzateke ETAren liderrak hiltzea Espainian eta Frantzian».

CIAk ez ditu mertzenario taldea eta GAL zuzenean lotzen, baina jarraian aipatzen du GAL izeneko talde bat ari dela atentatuak egiten, eta talde hori «gobernuak aurreikusitako eskuadroien izaera berekoa» dela. «GALek ondo ezagunak diren ETA(m)-ko bi ekintzaile hil ditu Frantzia hegoaldean, eta Espainiako negozio gizon bat bahitu Hendaian». Ramon Oñederra Kattu eta Mikel Goikoetxea Txapela ziren hildako biak, Lasa eta Zabalaren heriotza baieztatu arte GALen lehen biktimak izan zirenak; eta Segundo Marey enpresaria zen Hendaian bahitutakoa.

«Madrilen ustezko inplikazioa baieztatuko balitz, Espainiako Gobernuaren eta Alderdi Sozialistaren kredentzial demokratikoak oso serioski zikinduko lirateke», dio CIAren agiriak, bien arteko erabateko lotura inola ere baieztatzen ez duen arren.

CIAren agiria 1984koa den arren, 2020ko ekainean atera zen argitara, AEBetako gobernuak agiriak desklasifikatu eta lau urtera, La Razón egunkariak argitaratu zituenean.

2. 1983ko uztailaren 6ko CESIDen bulego oharra

Kalparsorok CESIDen 1983ko uztailaren 6ko Bulego Oharra ere aipatzen du bere idatzian. Agiri hau ez da berria. 1997ko apirilean altxatu zuten dokumentu horren gaineko sekretua, Espainiako Auzitegi Gorenaren aginduz, eta ordutik dokumentu hori GALen «sortze agiritzat» jo dute. Gerra zikina berriro abiatzeko erabakiari buruzko lehen froga dokumentala ere bada. Ekintzak Frantzian dio dokumentuaren tituluak, eta, besteak beste, hauxe dio ekintzak hasteko erabakiaz: «Soilik terrorismoaren kontrako borroka bere osotasunean gidatzen duen horrek erabaki ahal izango du mota honetako ekintzak abiatzea edo ez abiatzea». Borroka hori bere osotasunean gida zezakeen bakarra Gonzalez zela ulertu izan da beti. Izan ere, ETAren kontrako jardunean CESID, Espainiako Polizia eta Guardia Zibila zebiltzanez, bi ministerio inplikatzen zituen —Barne eta Defentsa ministerioak—, eta horien koordinazioa Gonzalezek baino ezin zezakeen egin.

Aldeko eta kontrako faktoreak aztertzen ditu, halaber, oharrak. «Inork ez luke sinistuko halako ekintza konplexu bat inkontrolatuen esku egon daitekeenik. Beraz, honako hauek espero litezke: gobernuaren kontrako salaketak (eztabaida parlamentarioa); Frantziako diplomaziaren erantzuna; Zerbitzu Sekretuak eta erakunde ofizialak ekintza horien atzean dauden ziurtasuna. Beharrezko azpiegiturak euren esku dituzten mertzenarioen erabilera litzateke modu egokiena helburu honetarako».

Bulego oharra GALen sorrerarekin lotzea eragin duen puntu esanguratsuena oharreko azkena da: «Egoera edozein dela ere, ekiteko modu gomendagarriena bahiketa bidezko desagerraraztea dela pentsatzen da».

CESIDen agiri hau dagoeneko sekretupetik aterata zegoen Auzitegi Gorenean Marey kasua eta Auzitegi Nazionalean Lasa-Zabala auzia epaitu zirenean. Barne Ministerioko hainbat goi kargudunohi auzipetu edo zigortu ere egin zituzten auzi horietan, baina akusazioak ez ziren inoiz Felipe Gonzalezenganaino iritsi.

3. Ercilla hotelean 1983an egindako afaria

Pilar Cernuda kazetariak 1994an kaleratu zuen Gonzalezi buruzko El Presidente (Presidentea). Hango pasarte bat jasotzen du Pili Zabalaren salaketak. «Guztiz egia da, GALen jarduerak ezagutzen hasi baino aste batzuk lehenago, eta lehen biktimak gertatu baino lehen, Bilboko Ercilla hotelean egindako afari batean, Felipe Gonzalez jaunak, duela gutxiko atentatu baten berri izan zuenean, hunkituta, amorruz, esanzuela terroristak txikitzeko haiek erabiltzen dituzten arma berberak erabili behar direla, terrorismoaren armak, alegia». Kazetariak, dena den, Gonzalezek gerra zikina abiatzeko agindurik eman izana ukatzen du.

4. Eduardo Serraren adierazpenak telebistan

Jose Maria Aznar Espainiako presidente zela, Defentsa ministro izan zen Eduardo Serra, eta haren adierazpenak Gonzalezen kontrako froga gisa aurkeztu ditu Zabalak. La Sexta kateko Salvados saioan egin zituen adierazpenak Serrak, Jordi Evole aurkezleak galdetuta, eta Garbiñe Biurrun epailea eta Iñaki Gabilondo kazetaria aldame-nean zituela, 2014an.

«Inteligentzia zerbitzuetako agiriak ez desklasifikatzearen protagonista» izateaz harro hitz egin zuen. «Ez desklasifikatzea nik proposatu nuen, orduko gobernuaren gehiengoaren iritziaren kontra; [agiri horiek] ustez, gobernuko aurreko presidentea inkulpatzen zuten, ETAren aurkako borrokan legetik at jardutearen kolaboratzaile izateagatik». Serraren hitzetan,«Espainiar guztiona zen ondasunbat» babestu nahi izan zuen horrela, «terrorismoak hondamendiak egiten jarrai dezan eragotziz».

5. Robert Pandraud ministroarekin bilera

ETAren santutegia deitzen zioten Ipar Euskal Herriari 1983an, GALen jarduna hasi zenean. Eta gerra zikinari ekiteko helburua babesleku hori suntsitzea izan zen, horretarako Frantziako Gobernuaren inplikazioa bilatuz. Frantziako Estatuaren lurretan joz, gobernua mugiarazi nahi zuten. Frantziako Gobernua errefuxiatuak atxilotu eta Espainiaratzen hasi zenean bukatu zen GAL.

Robert Pandraud terrorismoaren kontrako politiken arduradun nagusia izan zen Jacques Chirac presidentearen garaian; 1986tik 1988ra aritu zen, GALen amaierako urteetan, hain zuzen. 1990ean France Presseko bi kazetarik elkarrizketatu zuten, eta 1986ko abuztuaren 5ean Felipe Gonzalezekin eta Jose Barrionuevo Barne ministroarekin Madrilen izandako bilera bat aipatu zien. Gonzalezek bere oporraldia eten zuen bilera horretara joateko. «Nik daukadana emango dizuet, eta estradizioekin hasiko naiz, baina dena geldituko dut Frantzian GALen atentatu antindependentista gehiago gertatzen badira». Pandrauden esanetan, hori izan zen, hitzez hitz, bileran esandakoa. «Akordio bat» itxi zutela esan zuen.

Frantziako enbaxadak garai hartan filtratutako informazioen arabera, bilera hartan «Frantzian errefuxiatutako euskal separatisten zerrenda bat» aztertu zuen Pandraudek. Segidan hasi ziren errefuxiatuen estradizioak, eta GALen atentatuak gelditu egin ziren.

Atentatu bakar bat gehiago egin zuen GALek: 1987an, Juan Carlos Garcia Goena hil zuen. Jose Amedo poliziaren abisu edo mendekutzat jo izan da atentatu hura. Egun, auzi hori da GALekin lotuta irekita dagoen bakarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.