11/13 sumarioko akordioa

Bost hilabetez sartuko dituzte preso Zulueta eta Enparantza

Hasi eta bukatu egin da Madrilen 11/13 sumarioko epaiketa. Aldeek akordioa egin dute, eta 47 lagunek onartu egin dituzte leporatutako akusazioak. Amaia Izkok nabarmendu du "modu kolektiboan" erabaki dutela akordioa onartzea. Hilabetea amaitu baino lehen espetxeratuko dituzte Enparantza eta Zulueta.

Maider Galardi F. Agirre - Oihana Elduaien Uranga
2019ko irailaren 16a
17:50
Entzun

Enparantza eta Zulueta iraila amaitu aurretik giltzapera. Zuluetak hiru urte eta sei hilabeteko zigorra jasoko du eta Enparantzak bi urte eta zazpi hilabetekoa. Hala ere, aurrez behin-behinean egindako espetxealdia kontuan hartuta, bost hilabete egingo dituzte preso. "Talde terroristako buruzagi" izatea egotzi diete bi horiei.

Gainerako 45 auzipetueei "talde terroristako kide" izatea leporatu diete. Haietako batzuek bi urteko zigorra jasoko dute, eta gainerakoek urtebete eta sei hilabetekoa. Beraz, 45 horiek ez dira espetxera joango.

Espetxea saihestuko duten arren, hiru urterako inhabilitazio absolutua jasoko dute epaituek. Eta haietako hamaseiri egunerokoan eragingo die horrek, arlo publikoan egiten dutelako lan. Hiruk, gainera, betirako galduko dute lanpostu publikoetarako lortutako plaza. Amaia Izkok, berriz, ezingo du jarraitu zinegotzi izaten.

Akordioaren baitan, egozten dizkietan akusazioak onartu dituzte epaituek. Fiskalaren galderei bakarrik erantzun diete, akusazio horiek onartuz. Batzuek euskaraz egin dute, eta besteek gazteleraz. Akusazioak onartu ostean, aldeek esan dute ez dagoela frogarik egin beharrik. Beraz, ondorioetara pasatu dira zuzenean. Ondorioetan zigor eskaera berriak jakinarazi ditu fiskalak, eta amaitutzat eman dute gaurko saioa eta epaiketa. Akordioa alde guztiek sinatu dute, Fiskalatzak, AVT zein Dignidad y Justicia herri akusazioek eta defentsak.

Anfonso Guevara epaimahaiburuak eta Clara Bayarri zein Ana Maria Rubio magistratuek osatzen dute epaimahaia. Haiek epaia ateratzea eta irmo egitea falta da orain, baina, BERRIAk jakin ahal izan duenez, Zulueta eta Enparantza hilabe hau amaitu baino lehenago joango dira espetxera. Aukera izango dute zigorra bete nahi duten kartzela aukeratzeko, eta Euskal Herrikoak aukeratuko dituzte.

Auzitegitik ateratakoan Amaia Izko abokatu eta epaituak nabarmendu du "inor espetxera ez joatea", zela beraien helburua, baina, Zuluetak eta Enparantzak giltzapera joan beharko dutela. Epaitu guztien arten hartu dute erabakia, gainera, Izkoren esanetan: "Modu kolektikoan erabaki dugu onartzea". 

Izan ere, "guztiz baldintzatuta" zeudela esan du Izkok, "prozeduraren ezohikotasunak" eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren "beraren ezohikotasunak" baldintzatuta. Horregaitik, zigor eskaerak handiak zirelako, eta zigor horiek jasotzeko "beldur" zirelako, akordioaren alde egin dute. "Etorkizunarekin baldintzatzen gaituzten katramilak", atzean uzteko, eta "etorkizunari ateak zabaltzeko". Prozedu "kolektiboa" egin dute, eta oinarrian Zulueta eta Enparantzaren "konpromisoa" dagoela azpimarratu du Izkok, "erabaki dutelako arlo pertsonala sakrifikatzea irtenbidea ahalbidetzeko".

Euskal Herriko gatazkari lotutako beste bi epaiketetan, gutxienez, egin dira akordioak. 2016an Ekin-ekin lotuta bi epaiketa egin zituzten, eta bietan erdietsi zuten akordioa: apirilean izan zen bat, eta maiatzean bestea. Segurako auzia bezala ezagutzen den auzian ere bi epaiketa egin zituzten, eta bietan lortu zuten akordioa: 35 lagunen kontra Espainiako Auzitegi Nazionalean egindakoa da bat; eta Hasier Arraizen kontra EAEko Auzitegi Nagusian egindakoa, bestea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.