Frantziako Poliziak sei gazte atxilotu ditu goiz honetan. Horietako lau Urruñan (Lapurdi), eta beste bat, bosgarrena, Baionan; bada beste atxilotu bat ere, baina hari buruz ez dago informazio zehatzik oraingoz. Baionako komisariara eraman dituzte. Eguerdian elkarretaratzea egin dute Baionako komisariaren aitzinean, atxiloketak salatzeko. Arratsalderako denak askatuko ez balituzte, beste deialdi bat ere egin dute 18:30erako. Oraingoz, Poliziak libre utzi du gazteetako bat. Beste bostei atxiloaldia luzatu die 24 orduz.
Atxilotuetako biren senideen arabera, leporatzen diete azken bi urteetan uztailaren 14an izandako manifestazioetan izandako andeatzeetan parte hartu izana, bai eta erretreten erreformaren kontra Baionan izandako manifestazio bateko istiluetan ere.
Hasieran zabaldu bada ere atxilotuak bost zirela, Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak BERRIAri erran dio Polizia judizialak sei lagun atzeman dituela. Prokuradorearen arabera, lau afera egozten dizkiete atxilotuei: andeatzeak egitea, Poliziaren kontra oldartzea eta Hendaiako tren turistikoaren gidariari eraso egitea.
Atxilotutako bi gaztek AEK Alfabetatze-Euskalduntze Koordinakundean egiten dute lan, Lapurdin. Lapurdiko AEK-k X sare sozialaren bidez jakinarazi du hori, goizeko atxiloketak salatzearekin batera.
Sostengua
Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak atxiloketak salatu ditu: «Militantzia politikoa are kriminalizatuago den garai honetan, eskubide politikoen defentsan antolatzea dagokigu». Aske erakundeak eta Jardun koordinakundeak ere deitoratu dituzte atxiloketak: «Beste behin, Frantziako Estatuak militantzia politikoaren kontrako enegarren oldarraldia abiatu du», salatu dute.
Xuti Gazte taldeak «elkartasuna» adierazi die atxilotuei, eta «berehala askatzeko» eskatu. EH Bai koalizio abertzaleak, agiri batean, erran du atxiloketa horiek «neurrigabeak» direla: «Aski da. Euskal Herria fase berri batean sartua dagoen honetan, iraganeko eskemen arabera jokatzen segitzen du Parisek. Euskal herritarren aurkako errepresioa erabiltzeari utzi behar dio behingoz Frantziako Estatuak».