Miren Dobaran eta finantza erakundeetako arduradunak. JON URBE / FOKU

Bost finantza erakundek bat egin dute bezeroen artean euskararen erabilera sustatzeko

Hego Euskal Herriko 1.643 kutxazainetan euskara erabiltzeko gonbita egingo diete erabiltzaileei; Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak eta finantza erakundeetako ordezkariek nabarmendu dute kanpainak «zabalkunde» handia izango duela.

arantxa iraola
2023ko azaroaren 17a
18:00
Entzun

Bankoa-Abanca, Caixabank, Rural Kutxa, Kutxabank eta Laboral Kutxa finantza erakundeek bat egin dute bezeroen artean euskararen erabilera sustatzeko kanpaina batean. Gaur goizean aurkeztu dute, Donostian, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranekin batera egin duten agerraldi batean. Kanpainaren keinu nabarmenena zein izango den azaldu dute: gaur hasi eta abenduaren 3ra arte, bost entitate horiek Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dituzten kutxazain guztietan mezu hau helaraziko zaie bezeroei: «Kutxazainetan ere euskara aukeratu. Bai, oso erraza da». Laboral Kutxak eta Kutxabankek Nafarroan dituzten kutxazainetan ere agertuko da mezua. Kanpainak «zabalkunde» handia izango duela nabarmendu dute eragile guztiek: 1.718 kutxazainetan ikusi ahal izango da mezua.

Horren bidez, bezeroak animatu nahi dituzte kutxazainetan euskarazko hautua egitera. Entitate batean hautua eginda gainerakoen kutxazainetan ere aintzat hartzen dutela esan dute, eta horregatik nabarmendu nahi dietela bezeroei urrats aski erraza dela, eta garrantzitsua euskararen sustapenean aurrera egiteko.

Dobarenekin batera, agerraldian izan dira Kutxabankeko Gipuzkoako Sareko zuzendari Marta Madinabeitia, Laboral Kutxako Pertsonen Departamentuko zuzendari Iñaki Egizabal, Rural Kutxako erakundeetako arduradun Iñigo Calafell, Abancako euskara koordinatzaile Ana Urkiza eta Caixabankeko Instituzioetako Gipuzkoako zuzendari Gaxpar Gumbe. Kutxabankeko eta Laboral Kutxako ordezkariek hartu dute hitza. Akordiorako bidean borondate ona egon dela nabarmendu dute; Egizabalek gogoratu du «lehiakideak» direla beren eguneroko jardunean, baina euskarak batu egin dituela oraingoan.

Miren Dobaranek nabarmendu du euskararen normalizazioan urratsak egite aldera alor «pribatuan» ere urratsak egin behar direla, eta alde horretatik aintzat hartzekoa dela finantza erakundeen jarrera. Gogoratu du halako keinuak aski garrantzitsuak direla euskarak «prestigioa» irabazten jarraitzeko bidean ere.

Gida bat ere aurkeztu dute, euskaraz jardun nahi duten bezeroei «kalitatezko zerbitzua bermatzeko» propio pentsatua. «Elkarlanean» adostutakoa dela esan dute, eta arrunt erabilgarria: «Gidak jarraibideak ematen ditu euskaraz jarduteko hautua egiten duten bezeroak artatzeko, eta sarritan sortzen den estres linguistikoa ekiditeko laguntza emango dio langileari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.