Bost donostiarretik lauk uste dute turismoak hirian eragindako arazoak «oso larriak» direla

Donostiako Udalak finantzatuta, EHUk inkesta bat egin du donostiarren artean, turismoari buruzko pertzepzioez galdetzeko. Herritarren %72ren iritziz, turismoak ez die inoiz edo ia inoiz mesederik egin.

TURISMOA DONOSTIAN
Turista talde bat Donostiako Pasealeku Berrian, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2024ko martxoaren 1a
13:30
Entzun

Donostia bisitatzen duten turistek ateratzen duten argazkia Kontxako badiarena izan ohi da. Hori ez da, ordea, hiriaren argazki bakarra. Donostiarrek turismoaz eta hiri ereduaz duten pertzepzioa aztertu du EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Gune Irekiak ikerketa taldeak —Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatuta—, inkesta baten bidez. Herritarrek argazki hau atera dute: donostiarren %80k uste dute turismoak hirian eragindako arazoak «oso larriak» direla.

Izan ere, turismoak Gipuzkoako hiriburuan duen eragina ez da nolanahikoa. Txanponaren aurkia hau da: hiriko barne produktu gordinaren %13,9 turismoari dagokio, eta 15.000 lanpostu sortzen ditu, Donostiako Udalaren arabera. Hala ere, txanpon guztiek dute ifrentzua: donostiarren %90i «kezka» eragiten die turismoaren egoerak.

Turismoa eta hirirako eskubidea. Donostiako herritarren pertzepzioak ikerketa lana aurkeztu zuten atzo egileek Donostiako Parte Zaharrean. Aurkezteko lekua ere ez zen nolanahikoa, etxe turistikoek Parte Zaharreko etxebizitza parkearen %35 hartzen baitute. Gizarte psikologia eta ekonomia arloko EHUko hiru ikertzailek egin dute lana: Xavi Minguezek, Imanol Mozok eta Julen Izagirrek. Txostenaren aurkezpenean izan ziren Jon Insausti Turismo zinegotzia eta Kino Martinez Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko idazkari nagusia; izan zen udaleko oposizioko, desazkunde turistikoaren aldeko mugimenduko eta auzo elkarteetako kiderik ere.

605 donostiarren lagin adierazgarriarekin osatu dute inkesta. Bi donostiarretik batek uste du turismoa hiriarentzat onuragarria dela ekonomikoki, baina, oro har, turismoak hirian duen eraginaren pertzepzio negatiboa dute donostiarrek, ikerketak argitara eman duenez. Donostiarren %82k uste dute turismoak eragin negatiboren bat duela hirian, eta bost herritarretik hiruk uste dute turismoak «kalte larria» eragiten diola hiriari.

Iazko abuztuan 97.836 bisitari izan ziren Donostian —txangozaleak kontuan izan gabe—, Eustaten arabera. 2011tik, Donostian ia bikoiztu egin da hoteletako bezeroen kopurua; %86 handitu da, hain zuzen. Horren harira, EHUren ikerlanaren beste ondorio bat hau da: lau donostiarretik hiruk uste dute Donostian ez dagoela tarterik turismoa hazteko, eta herritarren %77k ez dute uste Donostiako Udalak turista gehiago erakarri beharko lituzkeenik.

Duela hilabete gutxi aurkeztu zuen Donostiako Udalak 2027ra arteko turismo politika zehazten duen turismo plana. Horri buruz hitz egin zuen BERRIAk Insaustirekin iazko irailean: «Egia da orain arte hiriak, aurreko planetan, bazeukala helburu haztea, kolore guztietako udal gobernuetan. Ezin da ukatu». Hala ere, Insaustik orduan nabarmendu zuen hazkundea «ase» dela jada, eta «beste bide bat» hartu behar duela udalak: «Orain mahai gainean dugun planak ez du hazkundea helburuen artean. Horrela da, jarduera ekonomiko honetan nahikoa izan dugulako. Helburua ez da haztea, kudeatzea baizik. Industria honek ere behar ditu bere mugak».

Turismo Planak lehentasuna ematen dio ostatu turistikoen lizentziak arautzeari, baina era berean ematen dio turismoa sustatzeari ere. Alde horretatik, «premium» turismoa sustatzea da udalaren lehentasun nagusia; Donostia Turismok turismo mota horri buruz duen webgunean, Maria Cristina hotela eta Akelarre eta Arzak jatetxeak iragartzen ditu, besteak beste.

Turismoa eta prezioak

Gune Irekiak ikerketa taldeak egindako txostenaren arabera, donostiarren %95ek uste dute turismoaren ondorioz garestitu direla taberna eta jatetxeen prezioak, eta %82ren ustez, merkataritzan ere eragin hori izan du turismoak. Etxebizitza da herritar askoren kezka iturria, eta gehienek zuzenean lotzen dute turismoarekin, ikerketak argitara eman duenez: donostiarren %91k uste dute turismoak eragina duela Donostiako etxeen prezioen garestitzean, eta %88k turismoarekin lotzen dute alokairuko etxeen eskaintza murriztu izana.

Pertzepzio horiek hainbat daturekin lotuta egon daitezke. Adibidez, Parte Zaharrean, Erdialdean, Grosen, Antiguan eta Amara Berrin daude, udalaren arabera, Donostiako hotelen, etxe turistikoen, tabernen eta jatetxeen %68. Beste datu bat: merkatu libreko etxe bateko metro koadroak, salmentan jarrita, 5.015 euro balio ditu Donostian —Euskal Herriko prezio garestienetakoa da—. Alokairuan, berriz, 12,3 euro balio du batez beste metro koadroak, eta erdigunean, zehazki, 13,8 euro.

Gainera, bost donostiarretik lauk uste dute beren ohiko aisialdiko eremuetatik lekualdatu dituztela turismoaren ondorioz. Horrekin lotuta, Donostiako Udalaren turismo politikari buruz ere galdetu diete herritarrei. Donostiarren iritzia argia da: %78k uste dute udalaren eta beste erakundeen politikak bideratuago daudela turismora bertako herritarrengana baino. Alde horretatik, hamar donostiarretik zazpik adierazi dute ez dutela konfiantzarik udal gobernuaren turismo erabakietan, eta ez du uste turismo arloan zuzen ari denik.

Emozioei dagokienez, bi donostiarretik batek haserrea eta mehatxua sentitzen du turismoaren inguruan. %9k baino ez dute poztasuna sentitzen.

Donostiako Udalaren arabera, turismoak 15.000 lanpostu sortzen ditu hirian. Hala ere, lau donostiarretik hiruk ez dute sentitzen haien bizi kalitatea hobetu denik turismoaren garapenaren ondorioz. Are, herritarren %72ren iritziz, turismoak ez die inoiz edo ia inoiz mesederik egin.

Hiriarekiko atxikimendua

Aurkezpenean, txostenaren egileek azaldu zuten eredu turistikoaren aurka protesta egiteko prest dauden herritarrek —bostetik hiruk— hiriarekiko duten atxikimenduarengatik egingo luketela protesta. Galderen tartea ireki zutenean, horren harira egin zien galdera udaleko Turismo zinegotziak: «Kontu bat. Atxikimenduari buruz hitz egiten duzuenean, jaso duzue ea adinaren arabera diferentziak dauden?». Azaldu zioten adinaren aldagaia ez zutela zeharkatu atxikimenduarenarekin. Horren ostean, bere pertzepzioa azaldu zuen Insaustik: «Bakoitzak bere hiria bizi du eta bizi izan du. Nik argi daukat nire amonaren hiria bat dela, amarena beste bat dela, eta nirea beste bat».

Bizilagunekin taldeko Asier Basurtok ere hitza hartu zuen, eta «eskerrak» eman zizkien egileei: «Donostiarrak gara, eta badakigu zer iritzi dagoen donostiarren artean. Uste dut denok garela oso kontziente, eta ikerketa zientifiko baten bitartez agerian jartzea oso baliagarria da hirian aldaketak bultzatzeko».

San Jeronimo kaleko kriptan helarazi zieten txostena erakundeei, sektore ekonomikoari, gizarte mugimenduei eta, oro har, herritarrei. Atzo. Hala ere, txostena eskuan zuela jaitsi zituen kriptako eskailerak Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko idazkari nagusiak. Lehenago irakurria zeukala igarri zen bere hitzartzean. Ikerketaren lagina kritikatu zuen, eta nabarmendu zuen inkestan gainordezkatuta zeudela auzo turistikoenak: «Nire ustez, bizitza konponduta duten Erdialdeko bizilagunei egin zaizkie elkarrizketak». EHUko ikertzaileek nabarmendu zuten ikerketa zientifikoa dela.

TURISMOA DONOSTIAN
Asier Basurto, Jon Insausti eta Kino Martinez, hurrenez hurren, atzo, San Jeronimoko kriptan. JON URBE /FOKU

Iaz beste inkesta bat ere argitaratu zen turismoari buruz, eta Donostiako turismo plan berria osatzeko baliatu zuen udalak. Ikertaldek egin zuen inkesta, Donostia Turismok eskatuta. Hau da inkesta horren ondorio bat: donostiarren %35 inguru bisitari kopurua mugatzearen aldekoak dira —%46 Parte Zaharrean—, eta %68k uste dute ez litzatekeela turista gehiago erakarri beharko.

Ikerketa horren lagina, kopuru aldetik, atzo aurkeztutakoaren antzekoa da: iazkoa 690 lagunek osatu zuten, eta aurtengoa, 605ek. Biak dira adierazgarriak eta zientifikoak. Iazkoak, ordea, ez zien herritarrei galdetu ea turismoak kezka eragiten dien, ezta turismoak eragin ditzakeen arazoak larriak diren ere. Inkesta hori Donostia Turismok eskatu zion Ikertalderi. Hau da Donostia Turismo enpresa publikoaren administrazio kontseilua: hamabi kidetik zazpi udalbatzako ordezkariak dira, eta bost, Donostian interes komertzialak dituen turismo sektorekoak —Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea da bat—. Haiek onartu zuten udalaren turismo plana, eta, ondorioz, turismo politika.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.