Azpiegiturak. Aireportuak. Elkarrizketa: Jon Gangoiti. Bilbao Air elkarteko zuzendaria

Bost bidaiaritik bat galdu dute bost urtean Euskal Herriko aireportuetan

2008aren aldean, 590.000 bidaiari gutxiago izan dituzte aireportuetan lehen urte erdian; Miarritzekoa salbu, beherantz ari dira denakHondarribia, Noain eta Foronda ahultzen ari dira: hiruren artean, bidaiarien %8 dauzkate

Bost bidaiaritik bat galdu dute bost urtean Euskal Herriko aireportuetan.
Garikoitz Goikoetxea.
2013ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Bazirudien etenik gabeko goraldia zela, bidaiariak gero eta gehiago izango zirela. Bazirudien etenik gabeko hazkundea behar zutela azpiegiturek, aireportuek gero eta handiagoak izan behar zutela. Krisiak bidea eten duen arte. Beheranzko bide argian sartu dira aireportuak: 2008an goia zuteneko datuekin alderatuta, bost bidaiaritik bat falta da orain. Urtarriletik ekainerako datuak urtez urte aztertuta: orain bost urte baino 590.000 bidaiari gutxiago izan dituzte aurten. %8 jaitsi da kopurua urtebetean. Miarritzekoa izan ezik, beherantz ari dira beste laurak. Eta bereziki, txikiak: Hondarribiko, Noaingo eta Forondako aireportuek dituzten bidaiariak batuta, ez dira hamarretik bat ere.

Bost aireportu ditu Euskal Herriak 150 kilometroan. Zenbakiek diote egoera jasanezin bihurtzen ari dela urteek aurrera egin ahala. Zorra sortzeko bidea dira Hondarribiko, Noaingo eta Forondako aireportuak. 2011koak dira azken datuak: Hondarribiko aireportuak bost milioi euro pasatxoko galera eragin zuen, ia zortzi milioikoa Noaingoak, eta hamar milioi pasatxokoa Forondakoak. Aurreko urteetan pilatuz joan diren zorrari gehitu behar zaio hori. Irabazitan Loiuko aireportua soilik dago, eta han ere ez da orain urte batzuetako konturik; 2011n, esate baterako, bi milioi eurora ez zen iritsi irabazia, urtebetean erdira jaitsita. Miarritzeko aireportuak ez du ematen diru kontuen berri.

Forondako aireportuak du egoera makurrena. Hegaldi erregularrik ez —jarri eta kendu denbora luzean ibili ziren—, eta ordutegia erdira jaistea erabaki zuen AENA aireportuak kudeatzeko Espainiako erakundeak. Gauez soilik irekitzen dute orain, salgaien garraiorako. AENAk lana erregulatzeko txosten bat aurkeztu zuen, eta lau beharginetik hiru baino gehiago kaleratu: 120tik, 94. Iragarri zuten beharra izanez gero aireportua zabalduko zutela hegaldiak hartzeko, baina langileek diote baimenik ez dutela ematen ohiko ordutegitik kanpo. Nabari da aldea datuetan: ekainera arte, 2.000 bidaiari pasatu dira aireportutik. Iaz, epe berean, 17.500 ziren.

Handiago, eta jende gutxiago

Zenbakietan goitik dabiltza, baina egoera antzekoa dute Hondarribiko eta Noaingo aireportuetan ere. Hiru langiletik bat kaleratu dute haietan: hemezortzi Hondarribian, eta hogei Noainen. Ordutegietan mugak jarri dituzte, gainera, eta, Hondarribikoan, langileek salatu dute segurtasuna ezbaian geratu dela, zeregin horietako beharginak kaleratuta.

Adierazgarria da Nafarroako aireportuaren egoera. Orain hiru urte berritu zuten, handitu eta zabaldu, 45 milioi euro gastatuta. Urtean milioi bat bidaiari hartzeko prestatu zuten. 200.000 ere ez ziren izan iaz. Eta beheranzko bideak ez du etenik: ekainera arte, 80.500 bidaiari izan dira, iazko epe berean baino %19 gutxiago. %67 galdu ditu 2008arekin alderatuta.

Handitzeko planak badira Hondarribiko aireportuan ere. Baziren. 2008 inguruko goraldia igarota, beheranzko bidean da. Ekainera arteko datuak aintzat hartuta, urte hartako bidaiarien erdiak baino gehixeago ditu aurten. Urtebetean, hamar bidaiaritik ia bat galdu du. Egoera horretan, handitzeko planak atzeratu egin dira. Espainiako Gobernuak «salbuespenekotzat» jo du aireportu hori, pista luzeagoa egiteko obrak egin gabe funtzionatzen jarrai dezan.

Loiun, %15 gutxiago 2008tik

Jaitsiera aireportu nagusira ere iritsi da orain. 2009an ere jasan zuen %20ko erorialdi bat, eta gora ari zen ordutik. Aurten arte. Iaztik, %9 pasa jaitsi da bidaiarien kopurua; 180.000 pertsona gutxiago. 2008ko goraldi garaiarekin alderatuz, handiagoa da jaitsiera, %15 baino handiagoa. Aireportu txikiagoen aldean, beraz, askoz apalagoa da bost urteko jaitsiera. Eta errentagarria da aireportua.

Salbuespena Miarritzeko aireportua da. Urte batetik bestera alde handirik egin gabe, baina igotzeari ere utzi gabe. %1,7 bidaiari gehiago izan ditu aurten; 8.500 lagun gehiago. Bost urteko bidean, jaitsi ez, igo egin dira bidaiariak: %10 gehiago dira orain. Prezio apaleko konpainia batzuek alde egin dute Loiuko aireportutik —Ryanairrek, esate baterako—, baina Miarritzen badira oraindik.

Hamar urteko bideak ematen du diagnosi orokorra. Nagusitzen ari dira Bizkaiko eta Lapurdiko aireportuak: %12 gehiago dira Loiun, %36 gehiago Miarritzen. Denera, hamar bidaiaritik zazpi dabiltza Loiun, eta bi Miarritzen. Ahul dira besteak: Hondarribiak %20 galdu du, Noainek %50 eta Forondak %96. Hirurak batuta, bidaiari guztien %8 soilik dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.