Espainiako Poliziak gutxienez bost gazte atxilotu dituela jakinarazi du Nafarroako Ahotsa.info webguneak. Pablo Hasel rap abeslari kataluniarra espetxeratu ondoren eginiko protesten ostean izaniko istiluetan «desordena publikoak» eragitea egotzi diete atxilotuei; zehazki, otsailaren 20an Iruñean eginiko manifestazioaren ondoren piztutako istiluetan. Atxilotuetako bat aske dago jadanik, Ahotsa.info-ren arabera. Atari digitalaren arabera, beste bi pertsona ere deklaratzera deituta daude.
Protesta ugari egin zituzten otsailaren amaieran, musikaria espetxean sartu izana gaitzesteko eta adierazpen askatasunaren alde. Hain zuzen, Iruñerriko GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak deituta egin zuten manifestazioetako bat. Iruñeko Errekoleten plazatik abiatu zen ia mila lagun bildu zituen manifestazioa, eta Sarasate pasealekuan bukatu zen. Manifestazioan, adierazpen askatasunaren aldeko eta polizia indarren aurkako aldarriak egin zituzten. Amaieran, edukiontzi batzuk erre zituzten, eta poliziei harriak ere bota zizkieten. Polizia manifestariei oldartu zitzaien.
Iruñerriko GKSk aditzera emanzuenez, Poliziaren presentzia arratsaldetik izan zen «itogarria», eta hasieratik «jarrera oldarkorra eta probokatzailea» izan zuten. GKSren arabera, «ulertzen dugu mobilizazioak oinarrizko askatasunen urraketaren eta hondamendi ekonomiko zein sanitarioak eragindako ezinegonaren ondorio direla». Aurrerantzean ere adierazpen askatasunaren alde egiten segituko dutela esan dute.
Bost atxilotu Iruñean, Haselen aldeko protestekin lotuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu