Bost atxilotu eta hamar ertzain zauritu Donostia eta Gasteiz arteko jazarpen batean

Garbera merkataritza zentroan egin dute lapurreta, eta Gasteizen atxiki dituzte. Lau ertzain ospitaleratu dituzte, eta bat ZIUan dago.

Ertzain bat trafikoa kontrolatzen, artxiboko irudi batean. JUAN HERRERO / EFE
Ertzain bat trafikoa kontrolatzen, artxiboko irudi batean. JUAN HERRERO / EFE
Paulo Ostolaza.
2024ko azaroaren 17a
18:30
Entzun

Ondorio larriak eragin ditu gaur goizean Garbera merkataritza zentroan (Donostia) egindako lapurreta batek. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, bost lagun atxilotu dituzte, eta hamar ertzain zauritu dira operazioan. Horietako lau ospitaleratu dituzte, eta bat ZIU zainketa intentsiboen unitatean dago. 

Bost lagunak Gasteizen harrapatu dituzte, ihes egiteko baliatu dituzten bi ibilgailuetan. Zenbait delitu egozten dizkiete: indarkeria baliatuta lapurretan egitea, agenteen aurkako atentatua egitea, ebastea, eta bide segurtasunaren aurkako delitua egitea.

Ertzaintzak goizeko zazpiak baino lehen jaso du lapurretaren abisua. Zenbait patruila bertaratu dira, eta lortu dute lapurren bi ibilgailuak identifikatzea. Atzo Gasteizen lapurtutako bi matrikula zeuzkaten jarrita, eta bi autoetako bat ere lapurtutakoa zen. 

Jazarpena

Ordubete geroago lokalizatu dituzte, A-1 errepidean, Gasteiz parean, abiadura handian zihoazela. Ertzaintzarengandik ihes egiten saiatu dira A-1ean eta N-622 errepidean, kontrako noranzkoan gidatuz. Azkenean, Abetxuku parean lortu dute haiek gelditzea, baina lapurrek Poliziaren autoen kontra egin dute, eta zenbait agente zauritu dituzte.

Bost atxilotuak gizonak dira: 31 urteko bat, 33ko bat, 35eko bat eta 38ko bi. Bostak atxilotuta daude, eta datozen orduetan jarriko dituzte epailearen esku. Ikerketa zabaldu dute denda berean urte hasieran izan zen antzeko beste lapurreta batekin lotura ote duten jakiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.