Bosgarren kolegioa badu Seaskak: Senpereko Kattalin Elizalde

Eskola sartzea izan dute Ipar Euskal Herriko ikasleek. 82 ikaslek beren sartzea egin dute Senpereko ikastetxe berrian. Izpiritu «kolektibo eta kooperatiboaren» emaitza dela esan dute eskolako kideek

Iñaki Lekuona zuzendaria azalpenak ematen atzo, Kattalin Elizalde kolegio berriko eskola sartzean, Senperen. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Senpere
2023ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Uda honetan egoitzak zuen itxura ikusita, sinesgaitza zen sartzea atzo eginen zutela sinestea. Alta, hitza ez dute jan, eta Senpere (Lapurdi) aldeko 82 ikasleri harrera egitea lortu dute, iragarritako egunean. Atzo izan zuten eskola sartzea Ipar Euskal Herriko ikasleek, eta Kattalin Elizalde kolegioko ikasleentzat berezia izan da: ikastetxea doi-doi finitua da, eta parte handi batean obrek segitzen dute oraindik.

Ikusi gehiago:Ipar Euskal Herriko ikasleen %68k ez dute euskararekin harremanik izanen

Halere, klaseak eman ahal izateko baliabide nahikoa badute, eta jangela ere bai. Senpereko, Sarako, Azkaineko, Zuraideko, Basusarriko, Arrangoitzeko, Ahetzeko, Arbonako (Lapurdi) eta Zugarramurdiko (Nafarroa) ikasleak joanen dira bertara; hain zuzen, Kanboko (Lapurdi) Xalbador eta Ziburuko (Lapurdi) Piarres Larzabal kolegioek gainezka egin baitute azken urteetan. Horiek horrela, Seaskak beharrezkoa zuen ikastetxe berri bat. Kattalin Elizalde da galdeari erantzun dion bosgarren kolegioa. Seigarren eta bosgarren mailetako ikasleak hartuko dituzte oraingoz, eta urtez urte kolegioko lau mailatako ikasleak hartzera helduko dira.

Iñaki Lekuona kolegioko Historia irakasle eta zuzendariak estreinatu zuen ikastetxea, atzo goizean, eta ongietorria eman zien gazteei. Ongi ote ziren galdetu, eta datozen urteetako erronken berri eman zien. «Kolegiora ikastera heldu zarete, partikularki euskaraz ikastera. Zuen gurasoek eman dizueten altxorra da hizkuntza, zaindu behar duzuena».

Ikasturtea hasteko, gero, Kattalin Elizalderi buruzko azalpenak izan zituzten ikasleek. Urtero irrikaz itxoiten zuten momentua ere heldu zen. Banaka deitu zituzten irakasle arduradunek, ikasgelak osatzeko. Eta urteroko patua arraberritu da: batzuk kontent lagunekin direlako; besteak urduri, lagunak beste gelan izanen baitituzte.

Prestaketa lanak

Armelle Etxenike euskara irakaslea izanen da Senperen, eta iaztik lanean ibili da gainerako irakasleekin batean kolegio berriko proiektua abiatzeko. Harentzat ere sartze «berezia» izan dela aitortu du, «talde berria» baita harentzat. Baina pozik da proiektua gauzatu delako. Ikasle gutirekin baldintza «bikainak» dituela uste du, eta eskolak emateko «atseginago» izanen zaio. Gainera, leku berria izanda, behar bezalako baliabideak izanen dituztela erran du. Berritasun horren seinale da, erraterako, kolegio barneko usaina. Tindu usaina dute oraino paretek.

Erraterako, iragan ostiralean bukatu zituzten prestaketa lanak. Ateak ireki baino bi egun lehenago, alegia. Anne Pagola kolegioko gurasoa da, eta bulegoko kidea. «Emeki, gauza guziak plantan ezarri ditugu. Guk ere zalantzak bagenituen hasieran, obrak berantago hasi zirelako. Baina fite sinetsi dugu, eta zuzendariaren baikortasunari esker ere gauzak aitzinarazi ditugu». Lekuonak baieztatu du beti gauzak «baikorki» ikusi dituela. «Proiektu hau hasi zenetik, baziren dudak eta zalantzak, baina inguruko gurasoek ere horretan sinesten laguntzen dute. Izpiritu kolektibo eta kooperatibo ikaragarria bada Seaskan, eta proiektu honen inguruan berriz ere ikusi dugu azken 50 urteetan Seaskak erakutsi duen hori».

Kasik dena ongi abiatua bada ere, azken arazo batzuk konpontzeko lanetan ari dira denak. Izan ere, kolegiora iristeko autobusen zerbitzua biziki eskasa dela salatu dute gurasoek. Kasurako, goizean Azkainetik pasatu beharra zen autobusa ez da pasatu. Arazo hori gelditzen zaie konpontzeko, eta Pagolak eta Lekuonak batez ere gurasoen zailtasunak izan dituzte gogoan.

Yannick Odeau seigarreneko mutil baten aita da, eta arazo horiek «pixkanaka» konponduko direla uste du. Haren kasua berezia da, gainera, seme gehiena Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan baitute —laugarren mailan da, eta Senperen ez da oraino laugarrenik—, eta ume gazteena, Sarako ikastolan. Hala eta guztiz ere, segurtatu du Senpereko kolegioan «baldintza onak» izateko adi jarraituko dutela. «Hizkuntza guztietan ikasirik ere, inportantea da ez ikasle gehiegi izatea gela bakoitzeko, irakasleak ere baldintza onetan aritu ahal izateko».

Kattalin Elizalde gogoan

Eguna hasteko, Kattalin Elizalderi buruzko eskola bat eman zieten ikasleei. Hari buruzko informazioak urriak izanda ere, haren izena ezarri diote ikastetxeari. Senperekoa zen Elizalde, eta sorgin ehizaren garaian atxilotu zituzten lehenetarikoa izan zen. Gisa bateko boterea zukeen hark, eta Senpereko gaztelutik Mutrikura (Gipuzkoa) ihes egitea lortu zuen. Pierre de Lancre inkisidoreak agindu zion Gaztela-Aragoiko erresumari «Frantziara» itzultzeko, sorgina zelakoan.

Historian garrantzia izan duten baina arrunt ezezagunak diren emazteen ohoratzeko keinu bat da, bestalde. «Sinbolo anitz biltzen ditu emazte horrek, eta hura berreskuratzea erabaki dugu, historian zehar desagerraraziak izan diren emazte gehiegi baita», erran dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.