Aurtengo Herri Urrats aurkeztu du gaur goizean Seaskak. Maiatzaren 9an izanen da, eta Ipar Euskal Herriko ikastolen elkartearen bosgarren kolegioa eraikitzeko helburuari erantzunen dio. Koronabirusaren krisiak dena baldintzatzen duen garai hauetan, gogoeta luzea izan dute ikastolen festa ospatzeko moduari begira, eta, hainbat aukera aztertu ondotik, bere horretan atxikitzea erabaki dute, maiatzeko bigarren igandean: «Herri Urrats data bat da, toki bat da; ohitura bat da», adierazi dute. Oraindik ez dakite zer forma hartuko duen, baina zehaztu dute «inoren osasuna arriskuan ezarri gabe» eta baimendua izanen denaren neurrian atxikiko dutela ospakizuna. Festak izan ohi duen helburu ekonomikoari erantzuteko, Boga dirua biltzeko kanpaina abiatu dute gaurdanik. 300.000 euro lortu nahi dituzte gutxienez, baina gehiago lortzeaz ez dira kexatuko. «Kolegio baten eraikuntza milioiak kostatzen da», ohartarazi du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak.
Boga izanen da, hain zuzen, aurtengo Herri Urratsen leloa: arraunean bezala, elkarlanari esker aitzina joateko. «Bakoitzak bere ekarpenak egiten ditu, bakoitzak bere indarra erabiltzen du. Indar batuketak du arraun barkua aitzina eramaten. Indar batuketak ditu ikastolak aitzinerat eramaten». Boga.herriurrats.eus/ helbidean, bosgarren kolegioaren eraikuntza zati bat babesteko aukera izanen du hala nahi duenak: teilak, ateak, lehioak, berogailuak, igogailua... 20 eta 2.000 euro arteko ekarpena egiteko aukera dago. «Belaunaldi guzietako herritarrak, neurri guzietako enpresak, herriko etxeak eta instituzioak, denak deitzen ditugu, bakoitzak bere ahalen arabera ekarpen bat egitera».
1984an sortu zenetik, urtero antolatu da Herri Urrats Senpereko aintziraren inguruan, 2020an izan ezik; hasieran pusatu eta bertan behera utzi zuten azkenean. «Erabaki mingarria izan da denentzat: urtero Senpereko lakura hurbiltzeko ohitura duten milaka pertsonentzat, urtero ondoan ditugun hornitzaile guzientzat, sostengatzen gaituzten partaideentzat, artistentzat eta, nola ez, Seaska eta ikastolentzat». 300 eta 400 mila euro artean biltzen dute Herri Urratsen bidez, ikastolen eraikuntzak konpondu eta berriak sortu ahal izateko. Seaskaren egoitzen diruztatzea nagusiki autofinantzatua izaki, ezinbestekoa zaie herritarren ekarpena.
Ikasle uholdea
Ikastola bakoitzaren egoera ekonomikoa hurbiletik zaintzen duten bitartean, 2021eko iraileko sartzea prestatzen ere hasiak dira. Ondoko hiru urteetan, Pirinio Atlantikoetako departamenduan 3.000-4.000 ikasle gutxiago izanen direla aurreikusi du Frantziako Hezkuntza ministerioak, akademia ikuskariaren arabera, haur sortzeak anitz apaldu baitira. Horiek horrela, heldu den ikasturterako ez dute ikasle kopuruaren emendatze handirik espero lehen mailako ikastoletan. Haatik, bigarren mailan aitzineko urteetako «uholdearekin» segituko dutela iragarri dute, Baionako Bernat Etxepare lizeoan, eta bereziki lau kolegioetan. Uholde horri buru egiteko, bosgarren kolegio bat sortzeko lanetan ari direla berretsi dute. Joan den irailetk, mila ikasleren heina gainditu dute kolegioetan, eta ondoko bost urteetan %30 emendatuko da.
Lau kolegio ditu gaur egun Seaskak. Iazko udaberrian bukatu zituzten Larzabaleko (Nafarroa Behera) Manex Erdozaintzi Etxart kolegioa berritzeko lanak, 2013an handitu zuten Kanboko (Lapurdi) Xalbador kolegio historikoa, eta 2017an ireki zuten Estitxu Robles Arangiz kolegioa Baionan (Lapurdi). Ziburuko (Lapurdi) Piarres Larzabal kolegioa da laugarrena. 300 ikaslerentzat pentsatua da, baina 329 ditu gaur egun, eta ondoko urteetan handitzen joanen dela aurreikusten dute. Tokian berean ezin denez handitu, bosgarren kolegio bat behar dute «lehenbailehen». Bi eremutan ari dira proiektua lantzen: Azkaine eta Senpere (Lapurdi) inguruan, eta Lapurdi barnealdean, Hazparneko eskualdean.
Herriko etxeekin eta lur jabeekin elkarrizketak abiatuak dituzte, eta ikerketa fase tekniko batzuetan sartuak dira pista konkretu batzuk aztertzeko. Ez dute gehiagorik erran nahi izan, komunikazio goiztiar batek ez dezan pista horietako bat «pikutara bidali». Ongi bidean, maiatzaren 9an iragarri nahiko lukete non izanen den kolegio berria.