Bosgarren heriotza Zaballan

Joan den asteburuan hilotz agertu zen 50 bat urteko preso bat; zer gertatu zitzaion ikertzen ari da kartzela, baina droga gaindosi batekin hil zela hedatu da. Salhaketak protesta egingo du asteartean

Zaballako heriotzak gaitzesteko elkarretaratzea, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
arantxa iraola
2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Zaballako (Araba) espetxeko hildakoen zerrendan beste maila bat egin behar izan da gora: bost preso hil dira urtea hasi zenetik. Espetxeko Langraizko eraikinean izan da azken kasua: joan den larunbatean gizon bat aurkitu zuten hilotz. 50 urte inguruko preso bat zen, eta hirugarren graduan zegoen. Espetxeko zuzendaritzak jakinarazi du barne ikerketa bat abian dela hari jazotakoa argitze aldera. Zabaldu diren lehen informazioen arabera, droga gaindosi baten ondorioz hil zen. Atzo heriotzaren berri lehenik eman zuen espetxeetan diharduen funtzionario talde batek, sare sozial baten bitartez. Aurki heldu zen kartzelan laguntzen aritzen diren elkarteen baieztapena: astelehenetik albistearen berri bazuten. Kezkaz hartu dute. Kalera irteteko deia ere egin dute. Salhaketak, esaterako, elkarretaratze bat egingo du astearte eguerdian Gasteizen, Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren parean.

Soka luzeegi bateko korapiloa da heriotza hau, eta horrek sortu du, bereziki, kezka. Urtarrilaren 17an gertatu zen kartzelan lehen heriotza, otsailean bigarrena, apirilaren 1ean hirugarrena eta apirilaren 25ean laugarrena. Hildakoen artean, gizon gazteak dira gehienak. Urtarrilean hil zenak 28 urte zituen, eta Bizkaian bizi zen. Funtzionarioek familiari jakinarazi ziotenez, droga gaindosi baten ondorioz zendu zen. Salhaketak gogor kritikatu zuen hori, eta nabarmendu zuen espetxeko arduradunek aukera izan zutela heriotza hori eragozteko. Hain zuzen ere, hil zen gaztearen ziegan beste preso bat zegoen, eta kartzelan susmoa zegoen kideak droga jaso zuela. Gau horretan bi presoek gaindosia izan zuten, eta 28 urteko gaztea zendu zen.

Otsailean hil zen presoari buruzko informaziorik ez dago. Are, nahasketa baten ondorioz eman zuten Espainiako Espetxe Erakundeek heriotza horren berri: elkarte batek apirilaren 1eko heriotzari buruz galdetu zuen, eta otsaileko ezbeharraren datuak eman zizkioten. Salhaketak urte hasieratik kritikatu du espetxe barruko heriotzak isilarazteko «politika sistematiko bat» abiarazi izana. Elkarteak azaldu du orain zenbait urte Espetxe Erakundeen Zuzendaritzak ematen zuela kartzelako heriotzen berri, hildako presoaren «oinarrizko datuekin», baina orain urte batzuk utzi ziola horri. Adierazi du espetxean gertatzen diren hamar heriotzatik bakar baten berri soilik ematen duela administrazioak. Otsaileko kasuan, presoak bere buruaz beste egin zuela esan zuten espetxeko iturriek. Argudio bera baliatu zuten apirilaren 1ean zendu zen gaztearekin: Jonathan Costillas Rituerto, 24 urtekoa, Gasteizkoa. Senideek administrazioaren partetik jasotako tratua salatu zuten. Hori zela eta, auzitara jo zuten, erantzukizunak argitzeko. Azaroaren 25ean hilotz agertu zen gizona ere gaztea zen: 28 urte zituen. Goizeko zenbaketan aurkitu zuten hilik. Hala Bedi irratiak jakinarazi zuen, eta gero baieztatu zuen administrazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.