Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Euskaltzaindiak 2023an jarri zuten martxan Pello Apezetxea Zubiri beka. Apezetxea ikertzaile eta ekintzailea izan zen hainbat arlotan, eta bereziki aintzat hartzekoa da euskara babesteko, ikertzeko eta sustatzeko egin zuen lana. Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen 2002an, eta 2022an zendu zen, 89 urte zituela. Haren ikerketa lanei «segida» emateko antolatu zuten beka. Jon Martin Etxebeste, Paula Laita Pallares eta Ane Osua Cabida ikertzaileek irabazi zuten lehen deialdia, eta plazan da haien lanaren fruitua: Bortzirietako hizkuntza aniztasuna eta migratzaileen euskararekiko jarrerak aztertu dituzte.
Ikusi gehiago
Ikusi gehiago
Epaimahaiaren arabera, ikerketa «osoa eta landua» aurkeztu du ikerketa taldeak. Nabarmendu dute, halaber, ikerketa teknika «berritzaileak» erabili dituztela eta, esate baterako, Haur Hezkuntzako ikasleen artean egindako «esplorazio esperimentala» goraipatu dute. Beran, Lesakan, Etxalarren, Igantzin eta Arantzan aritu dira ikertzaileak.
Jasotako datuetatik ondorio ugari atera dituzte. Esaterako, egiaztatu dute Bortzirietako ikasle gehienak D ereduan ari direla, baina atzerritar «anitz» pilatzen dela A eta B ereduetan. Ikusi dute, halaber, migratzaile gehienek euskararekiko jarrera «ona» dutela. «Areago, gehienek euskara gehiago ikasi nahiko lukete». Baina atzeman dituzte euskarara hurbiltzea zailtzen duten aldagaiak ere. «Euskaldunek bai erdaldunek gaztelaniarekin lotzen dute ikus-entzunezkoen kontsumoa. Euskara ez dute modernotzat jotzen», ohartarazi dute. Oso zabalduta dago, halaber, euskara «oso zaila» den ideia.
Jasotakoak jasota, arloan hobera egiteko proposamenak ere egin dituzte ikertzaileek. Esaterako, kultur eta kirol jarduerak «elkargune» direla esan dute, eta berebiziko garrantzia dutela. Euskara ikasteko «berariazko ikastaroak» ere proposatu dituzte, propio migratzaileen artean ohikoenak diren ordutegiak, lanbideak eta bizilekuak aintzakotzat hartuta antolatutakoak.