Bortz urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra, adingabe bat bortxatzeagatik

2022ko martxoan gertatu zen, Erriberan. Bestalde, 23 urteko gizon bat atxilotu dute Donostian, emakume bati sexu erasoa egitea egotzita.

Emakumeen kontrako indarkeria salatzeko elkarretaratze bat, Iruñean, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Emakumeen kontrako indarkeria salatzeko elkarretaratze bat, Iruñean, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko otsailaren 21a
13:15
Entzun

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bortz urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, 16 urteko adingabe bat bortxatzeagatik. Hala, Nafarroako Probintzia Auzitegiak ezarritako zigorrari urtebete eta hamar hilabete gehitu dizkio.

Sententziak dioenez, erasoa 2022ko martxoan gertatu zen, Erriberan: biktima, erasotzailea, beste emakume bat eta beste gizon bat etxebizitza batera joan ziren, eta laurek hainbat droga kontsumitu zituzten; ondoren, adingabea gaizki sentitzen hasi zen. Biktima eta erasotzailea bakarrik gelditu ziren etxean, bertze biak joan egin ziren eta. Orduan, gizonak adingabea bortxatu zuen, drogak kontsumitu zituela baliatuta.

Joan den azaroan, Nafarroako Probintzia Auzitegiak hiru urte eta zortzi hilabeteko zigorra ezarri zion, baina fiskaltzak eta akusazio partikularrak errekurtsoa jarri zioten erabakiari.

Atxilotu bat Donostian

Bestalde, Ertzaintzak 23 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo Donostian, emakume bati sexu erasoa egitea egotzita. Segurtasun Sailak azaldu duenez, igande goizaldean gertatu zen erasoa, Aiete auzoan. Atxilotua emakumea bizi den ostatuko gelara joan zen, eta bertan egin zion eraso. Musuak eman eta sexu ukituak egin zizkion. Neskak ez zuenez harekin sexu harremanik izan nahi, gizonak iraindu egin zuen, eta gelatik alde egin zuen. Biktimak atzo jarri zuen salaketa Ertzaintzan, eta atzo bertan atxilotu zuten gizona.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.