Emakume batek salatu du gizonezko batek bortxatu egin zuela joan den asteburuan, Bilbon. Abandon gertatu zen erasoa, hiriburuko erdigunean, larunbat goizaldean, El Correo kazetak jakinarazi duenez. Emakumearen esanetan, gizonezkoak kale txiki batera eraman zuen, eta bertan bortxatu egin zuen.
Ezagutu berri zuen, eta sakelako telefonoa eta diru zorroa ere lapurtu zizkion.
Emakumeak salaketa jarri du: erasoa gertatu eta berehala, kalean zeuden udaltzainengana jo zuen, eta gero Ertzaintzan jarri zuen salaketa. Hain justu, ertzainak arduratu dira ikerketaz; oraindik ez dute inor atxilotu.
Sei urteko zigorra
Donostiako Auzitegiak gaur jakinarazi du sei urteko kartzela zigorra ezarri diola gizon bati 2017ko otsailean emakume bati egin zion sexu eraso bategatik.
Hasieran, fiskaltzak bederatzi urteko zigorra eskatzen zuen, baina ahozko epaiketan gertatutakoa aitortu du akusatuak, eta akordio batera heldu da akusazioarekin eta fiskaltzarekin. Mozkorra zegoela aitortu dute leungarri gisa.
Kartzela zigorraz gain, 6.000 euroko kalte ordainak ordaindu beharko dizkio biktimari, eta hamar urtez ezingo du harengana hurbildu, ezta harekin harremanik izan ere. Kartzelatik irtendakoan sei urtez behatuko dute.
Erasoa 2017ko otsailaren 10ean izan zen, biktima, erasotzailea eta beste gizon bat hainbat tabernatan parrandan ibili ostean, Intxaurrondo auzoko garaje batzuetara joan zirenean. Hirugarrenak alde egin zuen unea baliatu zuen zigortuak erasoa egiteko. 26 urte zituen une hartan.