«Ez da erraza bere burua arriskuan ikusten ez duen biktima bat babestea». Hitz horiek erabili zituen Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, Gasteizko apartamentu hotel batean Maialen Mazonen gorpua aurkitu eta biharamunean; eta haserrea piztu zuten adierazpenok. Gasteiztarra izanik ere, orain gutxi arte Valentzian bizi izan zen Mazon (Herrialde Katalanak), eta han, indarkeria matxistaren aurka, «muturreko arriskuko» babesa ezarria zioten. Mazonengandik urruntzeko agindua zuen haren erasotzaileak ere. Ertzaintzak bazekien emakumea Gasteizen zegoela gizonak agindu hori gutxienez bi aldiz urratu zuela, baina, Segurtasun sailburuaren arabera, biktimak poliziei esan zien ez zuela bere burua arriskuan ikusten, eta bikotekidearen aurkako salaketa kendu nahian zebilela. Beraz, emakumearen aurkako indarkeriaren epaitegira atestatu bat bidaltzea erabaki zuen Ertzaintzak. Genero indarkeriaren aurkako protokoloak, ordea, ezartzen du derrigorrezkoa dela gizonak urruntze agindua urratzen duen kasuetan hura atxilotzea, epaileak hala agintzen badu behintzat. Zergatik ez zuen agindu hori bete Poliziak? Kazetariek galdera egin zioten Erkorekari. «Ez dakit», erantzun zuen.
«Adierazpen horiekin, emakume askok esaten digutena berretsi baino ez da egiten: ez dutela sentitzen instituzioek babestu eta laguntzen dituztenik. Geroz eta emakume gehiago daude salaketarik jarri nahi ez dutenak, ez dutelako erakundeen babesik sentitzen», esan du Inma Matak; indarkeria matxistatik bizirik irtendakoa da, eta Bizitu indarkeria sexistaren aurkako emakumeen elkarteko presidentea da egun.
Ikusi gehiago:Norma Vazquez, psikologoa: «Andre askok ezin dute harreman hori moztu»
Hala ere, «beti ez da nahitaezkoa emakumeak berak salaketa jartzea erakundeek babes neurriak ezartzeko», Garazi Plazaola Irule Abokatuak bulegoko kidea azaldu duenez. Gizarte zerbitzuen bidez esku har daiteke, eta,osasun zerbitzuetan ere, indarkeria zantzuak detektatzen badira kasu horietarako protokoloa aktibatzen da. Poliziaren aurrean edo guardiako epaitegian salaketa jartzea da beste aukera bat; emakumeak edo beste norbaitek aurkez dezake: poliziak, senitarteko batek edo erasoaren lekuko batek. Ondoren, epaitegian, delituaren zantzuak eta berriro gertatzeko arriskua kontuan hartuta, epaileak erabakiko du babes neurriak jarri ala ez. Neurriok askotarikoak izan daitezke, urruntze agindua edota komunikatzeko debekua tarteko. Neurri zibilak ere ezar daitezke, hala nola seme-alaba adingabeak badituzte.
«Neurriak jartzen direnetik, urruntze agindua betetzeko ardura beti izango da erasotzailearena, bere gain jarrita dagoelako. Emakumea, urruntze agindu horrek babesten duena, ez litzateke legea urratzen ariko», nabarmendu du Plazaolak. «Indarkeria matxista jasaten duten andre asko ez dira gai salaketa jartzeko bikotekide ohiak urruntze agindua urratzen badu. Ez da ez dutela egin nahi: ezin dute, egoera horrek sortu dien traumagatik. Hori ulertzea emakume hori laguntzea eta babestea da», gehitu du Matak.
Hala, erasotzaileak agindua urratzen badu, Ertzaintzak abisua eman beharko dio guardiako epaitegiari, eta hark atxilotzeko aginduko du, egoki irizten badio, edo bestelako neurriak hartzea erabaki. Berdin jokatu behar dute urruntzea emakumearen onespenarekin urratzen denean ere.
Zuloak harresian
Hala ere, hutsune nabariak ikusten dizkio Plazaolak eremu judizialari bortxa matxistaren arloan: «Sarri, iruzur sentsazio moduko bat gailentzen da indarkeria jasan duten emakumeen artean. Urte askoan kanpaina oso indartsuak egin dira salatzea sustatzeko, baina, errealitatean, babes neurriak edo kondena bat lortzeko prozesuak oso luzeak dira, eta eskatzen diren baldintzak oso zurrunak, eta askotan ez dira bateragarriak andreek bizi duten egoerarekin». Iruzur sentsazio horrek emakumeei eragiten dien ezinegona ere ikusi du Matak: «Askok esan digute nahiago dutela erasotzaileen ondoan jarraitu, instituzioek eraso egin dietela edo biktimizatzen dituztela sentitu baino». Horrez gain, «baliabide falta» nabari du Plazaolak, ofiziozko abokatuen lan baldintzak «eskasak» direlako, baita bide judizialean ere, oro har, alorrean dagoen «formakuntza falta» dela eta.
Kasua bide judizialetik zein gizarte zerbitzuetatik iritsita ere, beti aztertu behar da emakumearen gaineko arriskua. Zerbitzu bakoitzak tresna propioa dauka horretarako; Ertzaintzaren kasuan, EBA Etxekoen eta Emakumeen Babesa sistemaren bidez egiten da. «Galdetegi luze bat da, eta, besteak beste, aztertzen da ea erasotzaileak aurrekariak dituen, beste neurririk dagoen haren aurka, edo, esaterako, substantziaren bat kontsumitzen duen. Arrisku horien ebaluazioaren arabera ezartzen dira babes neurri batzuk edo besteak», esplikatu du Plazaolak.
Zer gertatzen da, ordea, arrisku horren balorazioa kanpoan egin denean? «Poliziek elkarren artean koordinatu behar dute, eta informazio hori Ertzaintzari helarazi. Gero jarraipena egin beharko litzaioke, arrisku balorazio hori eguneratuta, kasu honetan Ertzaintzak daukan EBA sistemaren bitartez». Izan ere, Mazon «muturreko arriskuan» zen Espainiako Poliziak erabiltzen duen Viogen sistemaren arabera.
Arriskuaren balorazioa kontuan hartuta, beharrezkotzat jotzen diren babes neurriak ezartzen dira. Plazaolak argitu duenez, biktimak salaketarik ez jartzea erabakitzen duenean ere, edo ebazpen judizial baten ondorioz kasua artxibatzen bada, instituzioak derrigortuta daude babesa ematera baldin eta irizten badiote oraindik ere arriskua dagoela: «Emakumeak adierazten duena baloratu behar da, eta kontuan hartu. Baina, horrez gain, ardura ere badago tartean, administrazioarena eta Poliziarena, babes neurri horiek ezartzeko. Bi gauzak bateragarriak dira, eta horrela jasota dago Berdintasun Legean». Hala ere, deitoratu du askotan «ardura biktimarengan» jartzen dela salatzeko pausoa eman nahi ez badu, eta «jarrera paternalista eta infantilizatzaileak» direla horiek.
Indarkeria matxistaren kasuan, gainera, emakumeen erabakiak faktore ugarik baldintzatzen dituzte. Besteak beste, mendekotasun emozionala eta ekonomikoa aipatu ditu Plazaolak. «Indarkeria matxistaren ezaugarrietako bat da dependentzia: ia beti egongo da mendekotasun motaren bat. Horregatik da hain zaila egoera horietatik irtetea, atxikimendu handia dagoelako. Askotan, ia derrigorrezkoa izango da bizirik irauteko: adibidez, bortxa ekonomikoaren kasuan».
Abokatuarekin bat dator Mata: «Erabakiak hartu behar ditu, noski, baina behin bizi duen arriskuaz ohartzeko astia izan duenean, eta harekin lanketa bat egin denean». Gehitu du mendekotasun emozionala dagoen kasuetan arriskuaren pertzepzioa txikitzen dela: «Segur aski, batzuetan arriskuaz konturatuko da, eta beste batzuetan ez. Agian erasotzaileak esango dio aldatuko dela, ez dela berriz gertatuko. Indarkeriaren zikloak gorabehera asko ditu: hura bizi izan dugun emakumeok ulertzen dugu».
Indarkeria matxista
Bortxaren harea mugikorretan
Gasteizko azken hilketa matxistaren harira, eztabaida piztu da babes neurrien eta biktimen gaineko arriskua neurtzearen garrantziaren inguruan. Egungo protokoloak «hutsuneak» dituela diote adituek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu