Grenobleko errugbi taldeak Bordelen partida bat jokatu zuen 2017ko martxoaren 11n, eta ondoren Baionako emazte batek salaketa jarri zuen sei jokalariren kontra: bortxatu egin zutela salatu zuen. Zaintzapean hartu zituen Poliziak, eta egunotan epaitu dituzte haietako bost. Orduan 20 urte zituen Baionako emakumeak, eta ikasle zen Bordelen. Salaketa jarri zuenean kontatu zuen besta biharamun hartan jokalari horietarik baten hoteleko ohean biluzirik iratzarri zela, makulu bat aluan sartuta zeukala. Zazpi urteko inkestaren ondotik, hamar egunez iragan berri da Bordelen bost errugbilarien kontrako krimen auzia, talde bortxaketagatik eta bortxaketa egiten uzteagatik.
Atzo ilunabarrean eman du Girondako (Okzitania) krimen auzitegiak ezarri dizkien zigorren berri: gizonetako biri hamalauna urteko kartzela zigorra, bati hamabikoa, bati laukoa eta beste bati bikoa.
Denis Coulson eta Loick Jammesi jarri dizkiete zigorrik handienak, Rory Griceri hamabikoa, Chris Farrelli laukoa —bi gibelapenarekin— eta Dylan Hayesi bikoa —gibelapenarekin—. Zigor handienak dituzten hirurak atzo bertan sartu zituzten kartzelan. Epaiari dei egingo diotela jakinarazi dute.