Bortxaketa kasu bat, komisarian desagerrarazia

Estrasburgoko auzitegiak tramiterako onartu du 2016an bortxaketa baten biktima izandako bi emakumeren salaketa. Akusatuetako bat polizia baten senidea zen, eta froga ugari desagertu ziren. 2018an auzia artxibatu zuten, epaiketarik egin gabe.

Sanferminetako talde bortxaketaren epaia salatzeko manifestazioa, Iruñean, 2018an. VILLAR LOPEZ / EFE
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2024ko maiatzaren 20a
16:00
Entzun

2016ko abenduaren 8an gertatu zen, Iruñean. Bi emakume ezagutzen ez zuten etxe batean esnatu ziren, biluzik, minduta eta zorabiatuta. Sexu harremanak eduki izanaren sentsazioa zuten, baina aurreko orduetan gertatutakoaren oroitzapenik ez. Ikusi zuten bi gizonezko ere bazeudela etxe hartan. Andreek ez zuten gogoratzen nola iritsi ziren haraino, ezta nor ziren gizon horiek ere. Taxi bat eskatu eta alde egin zuten. Handik egun gutxira, ospitalera jo zuen batek, hankartean zuen minarengatik. Han esan zioten sumisio kimiko bidez eginiko bortxaketa baten zantzuak zituela, eta, protokoloari jarraikiz, Poliziari hots egin zioten. Berehala identifikatu zituzten etxebizitza hartako gizonezkoak, eta, atxilotzeko unean, jakin zuten akusatuetako bat Espainiako polizia baten koinatua zela.

Ordutik aurrera, gero eta gehiago katramilatu zen auzia: frogak komisariatik desagertu ziren, segurtasun kameretako irudiak «mutilatuta» iritsi ziren epaitegira, eta zantzu ugari zeuden pentsatzeko akusatuek norbaiten laguntza izan zutela ikerketak iraun zuen bitartean. 2018an, Nafarroako Probintzia Auzitegiak auzia artxibatu zuen epaiketarik egin gabe ere, eta bortxaketa zigorgabe gelditu zen. Espainiako Poliziaren barne ikerketak ere ez zuen fruiturik eman, eta bere koinatuari abisu emandako polizia ere absolbitu egin zuten. Orain, Estrasburgok esku hartu du auzian: Giza Eskubideen Europako Auzitegiak tramiterako onartu du biktimek aurkeztutako helegitea, eta gertatutakoa ikertuko du, zazpi urte eta erdi geroago.

2016ko abenduaren 8a

Hiru gizon, bi atxilotu

Iruñeko Alde Zaharra jendez lepo zegoen abenduko zubiko ostegun hartan. Bi emakume San Nikolas kaleko taberna batean zeuden goizaldean, dantzan. Lokaleko segurtasun kameretako irudietan ikus daitekeenez,  hiru gizonezko ezagutu zituzten han, eta parrandan aritu ziren haiekin. 02:00 aldera, titarekada bana edan zuten —gizonetako batek emana—, eta, ordutik aurrera, inguruan gertatzen ari zenaren gaineko kontzientzia osoa galdu zuten. 11:00 aldera esnatu ziren, biluzik, gizonezkoetako baten etxean, Erripagaña auzoan. Ez zuten gogoratzen aurreko bederatzi orduetan gertatutako ezer. Ahoa idor zuten, eta zorabiatuta zeuden oraindik. Sakelako telefonoak bateriarik gabe zituzten, eta une hartan etxean ziren bi gizonei eskatu zieten taxi bati deitzeko, handik alde egin ahal izateko. «Andreetako batek gogoan zuen bere lagunaren oihuak aditu zituela, amets edo eldarnio batean bezala, baina ez zen beste ezertaz oroitzen», azaldu du Jose Luis Beaumontek, bi emakumezkoen abokatuak. Taxian igota, biek erabaki zuten ezer ez kontatzea, «ez zeudelako ziur gertatutakoaz».

Hala ere, ondoeza ez zen amatatu hurrengo egunetan. Kontrara: haluzinazioak izan zituzten, eta mina areagotu egin zen. Batek ubeldurak zituen lepoan, eta saihets hezur bat urratua; besteak min handia sentitzen zuen hankartean eta sabelaldean, eta ospitalera joan zen. Larrialdi zerbitzuko osasun langileek esan zioten sexu erasoen aurkako protokoloa aktibatuko zutela, «sumisio kimiko bidezko bortxaketa baten zantzu argiak» antzeman zituztelako. Espainiako Poliziaren barruan, Ufam izeneko unitate bat —Familia eta Emakumea, gaztelaniaz— arduratzen da sexu indarkeriako kasuak ikertzeaz. Iruñeko komisariako Ufam taldeak bere gain hartu zituen peskizak, eta berehala identifikatu zuten susmagarrietako bat, goiz hartan taxiari deitzeko erabili zuten sakelako telefonoari esker.

Bi gizon atxilotu zituzten: etxebizitzaren jabea, batetik, eta bortxaketaren egunean harekin batera zegoena, bestetik. «Hasieratik, atxilotuen jarrera lasaiak harritu egin zituen poliziak, batez ere aintzat hartuta akusazio oso larriak zirela», gogoratu du Beaumontek. Etxebizitzaren jabeak gogo onez eman zien bere sakelakoa poliziei, eta hura aztertzean, ikerketaz arduratzen zen inspektorea konturatu zen gizon hark familia harremana zuela Ufam unitateko beste kide batekin. «Sakelakoaren irudi biltegia begiratzean, polizia baten alabaren argazkia ikusi zuen, eta, horri buruz galdetuta, akusatuak erantzun zuen bere iloba zela. Orduan jakin zuten sexu erasoa ikertu behar zuten polizietako baten koinatua zela». Polizia hori ez zen lanera agertu egun hartan, «ondoezik» sentitzen zelako.

2017ko urtarrila

Frogen desagerpena

Bi atxilotuen jokabidea ez zen izan ezohiko elementu bakarra. Bi urteko prozesuan, Poliziak bildutako froga nagusiak desagertu egin dira aldez edo moldez, eta ez edonon: «Espainiako Poliziaren Iruñeko komisarian desagertu ziren», salatu du Beaumontek. Akusatuetako baten sakelako telefonotik ateratako datuak, horra espedientetik desagerrarazitako lehen gauza: «Bi gizonak atxilotu ostean, sakelakoak kendu eta Madrilera igorri zituzten, Polizia Zientifikoak datu guztiak atera zitzan. Gailuak aztertuta, Iruñera bidali zituzten bueltan, disko gogor batekin batera. Unitate horretan zeuden sakelakoen peritu txostenak, milaka eta milaka agiri zituztenak, baina, egun batetik bestera, atxilotuetako baten txostena desagertu egin zen betirako».

Abokatuaren esanetan, epaileak berehala izan zuen desagerpenaren berri, baina ez zuen epaiketan jakinarazi: «Hilabeteak eman nituen froga horri buruz galdezka, eta epaileak aitzakia absurdoak ematen zizkidan behin eta berriz. Azkenerako, aitortu behar izan zuen txosten hori ez zela existitzen». Epaileak beste peritu txosten bat eskatu zuen, baina handik urtebetera heldu zen: «Ikusi genuen sakelakoaren bigarren ikerketak ez zeramala Madrilgo Polizia Zientifikoaren zigilua, eta Iruñean bertan egin zutela». Hala ere, zenbait datu argigarri topatu zituen Beaumontek txostenean: «Jakin nuen, besteak beste, 2017ko urtarrilean, poliziaren koinatuaren telefonoa Iruñeko komisarian zegoela, norbaitek piztu zuela eta datu pila bat ezabatu zituela. Uztailaren 3an eta 4an, beste telefonoa ere piztu zen, eta beste horrenbeste datu desagertu ziren. Hori ezin du edonork egin: polizia batek egin behar izan zuen, ezinbestean».

Sakelakoen informazioa alde batera utzita, tabernako segurtasun kamerek grabatutako irudiak ere «mutilatuta» iritsi ziren auzitegira, biktimen abokatuaren esanetan. «Poliziak txosten bat igorri zuen, bideoan ikus zitezkeen pasarte esanguratsuenak aipatuz, eta konturatu ginen zenbait pasarte falta zirela bideoan; moztuta zegoela, alegia. Grabaketa osoa eskatu genuen, baina Poliziak ezezkoa eman zigun: 'Ezin dira irudi horiek aurkeztu, ez baititugu gorde'».

2018ko abendua

Whatsapp talde bat

Sexu erasoa gertatu zenetik bi urtera, sumarioa ixtea erabaki zuen Nafarroako Probintzia Auzitegiak, argudiatuta ez zegoela frogarik gertatutakoa bi akusatuei egozteko. Ez zen epaiketarik egin. Ines Hualde epaileak, hala ere, «erabat sinesgarri» jo zuen bi emakumeen testigantza: «Onartu zuen biktimen bertsioak sinesgarritasun osoa zuela, eta sexu harreman horiek beren borondatearen aurkakoak izan zirela, baina akusatuen alde egin zuen, esanez ezin zela frogatu eurek drogatu zituztenik, ezta biktimen egoeraren jakitun zeudenik ere», esan du Beaumontek.

Komisarian desagertutako frogek zeharo baldintzatu zuten auzia, baina aurkeztu zirenak ere baztertu zituen epaileak. Akusatuen arteko Whatsapp mezuak, esate baterako. Hiru kide zituen txat talde horrek: atxilotutako bi gizonezkoak, eta eurekin batera tabernan zegoen hirugarrena —foruzaina berau—. Sexu erasoaren biharamunean, foruzain hark beste bi gizonei galdetu zien ea nola amaitu zuten gaua, eta batek erantzun zuen: «Badakizu nolakoa den etxe hori. Hor gertatzen dena PPV da [Pay Per View, ikusi ahal izateko ordaindu behar den emankizuna]». Txat horretan, sexu jarduera «umiliagarriak» eta «emakumeen aurkako mespretxua» deskribatzen ziren, Beaumonten esanetan. 2016ko abenduaren 21ean, honako hau idatzi zuen gizonetako batek txat horretan: «Sasoiko egon nahi duzu neska hori ikusten duzun hurrengoan egurra emateko, ala? Azken aldian gehiagoren gogoz gelditu zinen [...] eta orain jo eta hil nahi duzu ukabilkadaka, ezta?».

2024ko apirila

Estrasburgoren abisua

Bortxaketari lotutako auzia itxita, frogen desagerpenari eta akusatuei ustez filtratutako informazioari buruzko ikerketek aurrera egin zuten tarte batez. 2019ko martxoaren 8an, Iruñeko 5. Instrukzio Epaitegiak ikerketa abiatu zuen, argitzeko ea nola desagertu zen peritu txostena Espainiako Poliziaren komisariatik. «Ikerketa eskatu zioten nori eta Espainiako Poliziari berari, eta jakina, ezerezean gelditu zen», salatu du Beaumontek. 2021eko ekainean, beste hiru pieza zabaldu zituen Nafarroako Auzitegiak ustezko praxi txarra ikertzeko, baina horiek ere bertan behera utzi zituzten, eta koinatuari informazio sekretua filtratzeaz akusatutako polizia ere absolbitu egin zuten.

Nafarroako auzitegietan bide guztiak agortuta, Estrasburgora jotzea erabaki zuen Beaumontek iazko azaroan, eta aurtengo apirilean heldu zen erantzuna: Giza Eskubideen Europako Auzitegiak tramiterako onartu du helegitea, eta auzia ikertuko du, argitzeko ea biktimen defentsarako eskubidea eta indarkeria matxistari buruzko Istanbulgo 2011ko ituna urratu ote ziren. «Estrasburgok atzera botatzen ditu salaketen %95, eta horrek ematen du oraingo erabakiaren benetako neurria», azaldu du abokatuak. Oraingoan, lau hilabete eskasean eman du erantzuna: «Funtsean, Espainiari galdetu dio ea akordio bat egin nahi duen biktimekin, kalte ordain baten bidez auzia konpontzeko; eta hori egin ezean, epaiketaren fasera igaroko da prozesua». Horrez gain, Espainiak azaldu beharko du 2016ko abendutik gaurdaino zer egin duen, batetik, biktimen eskubideak bermatzeko, eta, bestetik, frogen desagerpena eta suntsiketa eragozteko. Ekainaren 14ra arteko epea eman du Estrasburgok, bere informazio eskaerei erantzuteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.