Ez du erabateko babesik jaso, baina adostasun zabalarekin egin du aurrera. 2005etik indarrean izan den Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea egokitu eta berritu egin du Eusko Legebiltzarrak, aurkako boto bakar batekin. Voxek baino ez du egin arauaren kontra; alde bozkatu dute EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk, eta abstenitu egin dira EH Bidu eta PP+C's taldeak. Arauaren berritasun nagusia da indarkeria matxistari aurre egiteko tresna, baliabide eta politikak indartuko dituela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, besteak beste, biktimen babes neurriak zabaldu eta bortxa matxistaren ondorioak pairatzen dituzten haurren, nerabeen eta menpeko pertsonen arreta hobetuko dela. Hain justu ere, legeari jarri dioten izenburu berriak ongi laburbiltzen du zein izango den arauaren helbururik behinena:Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko legea.
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak «egun historikotzat» jo zuen atzokoa, EAEko Berdintasun Lege berria onetsita berdintasunerantz eta emakumearen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baterantz «urrats sendoa» egingo delako. Gogoratu zuen 2005eko legeak «mugarri» bat ezarri zuela bide horretan, eta ziurtatu arau berriak orduan hasitako bidea sendotu egingo duela. Legean jasota dago Istanbulgo hitzarmena, eta, hala, lotura argia egiten da emakumeen aurkako indarkeriaren eta gizon eta emakumeen arteko desberdintasunaren artean. Hori nabarmentzeko aldatu zuten 2005eko legea, eta ideia horretan jarri zuen fokua Artolazabalek ere: «Berdintasunaren eremuan egin behar zaio aurre emakumeen kontrako indarkeriari».
Sailburuaren esanetan, legearen erreforma «une historiko» batean egin da: osasun krisiaren testuinguruan berdintasunaren aurkako diskurtsoak hauspotu direnean. Eta, haren iritziz, abagune honetan, ezinbestekoa da berdintasunaren aldeko lege tresna sendoak izatea. Xede horri lotuta lege berriak jasotzen dituen hainbat neurri gogoratu zituen Artolazabalek. Besteak beste, aipatu zuen «ikuspegi intersekzionala» bermatuko duela, indarkeriaren biktima izan diren emakumeen erreparazioa bultzatuko duela, prebentzioan eta indarkeriaren «detekzio goiztiarrean» sakonduko duela, eta indarkeriaren biktimen babesa indartuko duela.«Helburua herritarren bizitza hobetzea da, baita etorriko diren belaunaldi berriena ere» .
Legea ontzeko egin den prozesu parte hartzailea nabarmendu zuen sailburuak, halaber. Emakundek abiatu zuen prozesua duela hiru urte, eta bidean gizarte eragile askoren ekarpenak jaso ditu; 400 baino gehiago. Arauak «ahalik eta adostasunik zabalenarekin» onesteko egindako lana eskertu zuen Artolazabalek. Osoko bilkuran ere ikusi ahal izan zen elkarlan hori: elkarte eta erakunde feministetako zenbait ordezkarik bertatik bertara jarraitu zuten eztabaida eta txalo zaparrada batekin ospatu zuten legea onestea.
«Legezko aterki berria»
Legebiltzar taldeen artean ere batasun irudia ikusi zen osoko bilkuran. Izan ere, Voxek ez gainerako taldeek txalotu egin zuten prozesu osoan egindako lana, eta legearen egokitasuna defendatu zuten. Arauari hutsuneak ikusten dizkiotelako jo zuten abstentziora EH Bilduk eta PP+C's taldeek, baina, hala ere, legea beharrezkoa eta egokia dela argi utzi zuten. «Berdintasun eraginkorra» lortzeko mugarritzat jo zuten araua EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk. Taldeek egindako diskurtso denetan presente egon ziren emakumeek egunero pairatzen dituzten eskubideen urraketak, eta garrantzitsutzat jo zuten bortxa matxistaren aurkako arau bat egitea.
Eusko Jaurlaritzak aurkeztu zuen legea erreformatzeko egitasmoa 2020ko azaroan, eta gobernua sostengatzen duten alderdiek legearen onurak nabarmendu zituzten atzoko eztabaidan. EAJko Leixuri Arrizabalagaren iritziz, onartutako legeari esker, emakumeen diskriminazioari eta indarkeriari erakundeek ematen dioten erantzuna «hobetuko» da, eta bortxa matxista genero desberdintasunaren «adierazpen goren gisa» hartuko da. Martxoaren 8aren atarian onartu du legebiltzarrak berdintasun lege berria, eta Arrizabalagak nabarmendu zuen aurten «legezko aterki berri» baten babespean aterako direla kalera milaka emakume.
Eneko Andueza mintzatu zen PSE-EEren izenean. Eztabaidan parte hartu zuen gizonezko bakarra izan zen, eta bere jarrera azaldu nahi izan zuen aurrena: «Gizon feminista gisa igo naiz atrilera, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko urteak borrokatzen ari diren emakumeen indarrari esker nago hemen». Azpimarratu zuen legeak «genero indarkeriaren aurka borrokatzeko» eta «biktimak babesteko» balio duela, batez ere adingabeak.
«Legeak hobetzeko tartea du, baina lege on bat da». Horixe nabarmendu zuen Isabel Gonzalez Elkarrekin Podemos-IU taldeko legebiltzarkideak. Azaldu zuen testuaren aldeko botoa emango zutela, batetik, legeak mugimendu feministaren aldarriekin bat egiten duelako, eta, bestetik, taldearen ekarpen nagusiak jasota daudelako. Horien artean aipatu zituen GAS gurasoen alienazio sindromearen debekua espresuki jasotzen dela, eta sexu indarkeriaren biktimentzako krisi zentroak martxan jarriko direla. Taldeak proposatutako bestelako neurri batzuk legetik at geratu direla gogoratu zuen Gonzalezek, baina argi utzi zuen horrek ezin duela oztopo izan araua babesteko. «Ezin dugu galtzen utzi erreforma honekin irabaziko duguna, asko kostatu zaigulako honaino iristea».
Ados, ñabardura batzuekin
EH Bilduk egindako ekarpen batzuk ere jasota daude legean, hala nola, lan feminizatuetako azpikontratazioari eta soldata arrakalari klausula sozialen bidez aurre egiteko bideak topatzea, eta indarkeria digitala, instituzionala eta obstetrikoa indarkeria matxista gisa identifikatzea. Legea «gustuko» dutela azaldu zuen Oihana Etxebarrietak, nahiz eta ohartarazi «gabezia oso nabarmenak» dituela. Haren iritziz, aukera galdu da, adibidez, emakumeak babesteko ardura hartzen ez duten instituzioei aurre egiteko mekanismoak ezartzeko, edota zaintza sektorea eraldatzeko «pauso ausartagoak» emateko. Ildo horretan, Etxebarrietak deitoratu zuen etxeko langileei buruz egindako proposamena ezjaso izana: «Sektore prekarizatu, etxekotu eta ikusezin horrek toki gehiago, ikusgarriagoa eta ausartagoa behar zuen». Lege berrian zaintzen balio soziala aitortu egiten da, baina Etxebarrietaren ustez, egungo egoerak harago joatea eskatzen zuen.
PP+C'Sko Laura Garridok ere azpimarratu zuen hutsuneak atzematen dizkiola legeari, besteak beste, isunen atala ez dagoelako behar bezala indartuta eta zehaztasun handiagoa beharko lukeelako indarkeria matxistaren definizioak. Hala ere, Garridok argi utzi zuen legea «berandu» datorren arren, «beharrezkoa» dela, eta «eredugarritzat» jo zuen taldeen artean izandako elkarlana.
Bestalde, Voxeko Amaia Martinezek gogor kritikatu zuen lege berriak generoa aintzat hartzea: «Ez da gizon eta emakumeen arteko kontu bat; biktima guztiek merezi dute arreta, eta biktimario guztiek zigorra. Lege honek desberdintasunean sakontzen du».
LAB sindikatuak, berriz, ohar batean adierazi zuen legeak ez duela «egiturazko aldaketarik» proposatzen eta «prekaritatera» kondenatzen dituela emakume langileak. Bilgune Feministak sare sozialetan esan zuen legea ez dela nahikoa, eta «benetako politika feministak» behar direla.
EAEko Berdintasun lege berria
Bortxa matxistari aurre egiteko lege berria onetsi du Eusko Legebiltzarrak
EAEko Berdintasun Legearen erreformak biktimen babesa indartuko du. EAJ, PSE eta EP-IUk alde bozkatu dute, EH Bildu eta PP-C's abstenitu dira, eta Voxek aurka bozkatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu