Bortxa matxistaren erreparazioa lantzeko gida bat aurkeztu dute

Emakundek eta Eudelek ondu dute, udalek tresna gisa erabil dezaten biktimen erreparazioan

Izaskun Landaida eta Gorka Urtaran, atzo, gidaren aurkezpenean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2021eko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Udalentzako gida tekniko bat aurkeztu zuten atzo Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak eta Gorka Urtaran Eudeleko presidenteak. Gida horren bidez, udalek eskura izango dituzte hainbat irizpide jakiteko nola eman erreparazioa indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeei. Jasandako kaltea konpontzeko baliabideak eskaintzen ditu, baita biktimaren ingurune komunitarioa berreskuratzeko irizpideak ere. Tresna «aitzindaria» dela esan zuten bi arduradunek, eta haren baliagarritasuna nabarmendu. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaletan mila ale banatuko dituzte, erreparaziorako irizpideak udal politiketan txerta ditzaten.

Duela bost urte abian jarritako proiektu baten emaitza da baliabide tekniko hau. Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako udalen sarea den Berdinsarearen barruan gauzatu dute, eta Eudelek koordinatu du, Emakunderen laguntzarekin. Gida udaletako berdintasun arloen eta udalerri txikienen lankidetzarekin ere landu dute, eta, hain justu, herri txikietan tresna horrek izango duen eragina nabarmendu zuen Urtaranek: «Gizarte kontrola handiagoa da era horretako herrietan, eta zailagoa da giza harremana berreskuratzea. Zaila da, era berean, aurreko egoerara bueltatu ahal izatea indarkeria matxistaren biktimarentzat».

Indarkeria matxistaren biktimei erreparazioa emateko garaian udalak bete beharko dituen irizpideak ezartzen ditu gidak. Bost puntu nagusi daude nabarmenduta: egoera leheneratzeko bideak; kalte-ordain mota ezberdinak emateko aukerak; errehabilitaziorako arreta bermatzeko tresnak; biktimaren gogobetetzea lortzeko irizpideak; eta gertatutakoa berriz ez gertatzeko bermeak. Bost puntu horien bidez diseinatu ahalko du udal bakoitzak erreparaziorako bere estrategia integrala.

Gidaren helburuetako bat hauxe baita: «Erreparazio sozial eta sinbolikoko politikak lantzen hastea, bizirik iraun duten biktimen erasan guztiei arreta emateko, bai eta beren eskubideak urratzea bideratu duten baldintzak gehiago errepika ez daitezen bermatzeko neurri zehatzagoak gauzatzea ere».

Ekintza zehatzak

Irizpide orokorrak bildu dituzten arren, ekintza jakin batzuk ere eman dituzte gidan. Betiere argi utzita adibide orientagarriak direla. Udalak antola ditzakeen ekintzen artean honako hauek daude, besteak beste: arreta sanitarioa zein psikologikoa eskuratzen laguntzea; erreparaziorako protokolo eta ordenantzak indarrean jartzea; erasotzaileei bideratutako sentsibilizazio programak ezartzea; emakume biktimak bil daitezela sustatzea; ahalduntze eskolak sortzea; hirigintza jarduerak egitea indarkeria matxistaren errealitatea ikusarazteko; sentsibilizazio tailerrak egitea; indarkeria matxistaren biktimentzako ezohiko laguntza ekonomikoak ezartzea; prozesu judizialak irauten duen bitartean biktimari babesa ematea; eta, lan eremuan, udalerriko enpresetan sexu jazarpenerako protokoloak onar ditzatela sustatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.