Bortxa matxistaren biktimen eta umeen arretarako plan bat onartu du Nafarroak

2021era bitarteko jardunbideak zedarritzen ditu Nafarroako Gobernuaren egitasmoak. 22,5 milioi euro bideratuko dituzte ekintza planera

Beldur Barik jaiaren aurkezpena, atzo. BERRIA.
arantxa iraola
2016ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Emakumeen aurkako indarkeriaren kontra egiteko ekintza plan bat onartu zuen atzo Nafarroako Gobernuak. Testuaren helburu estrategiko nagusiak honako hauek izango dira: indarkeria matxistarik gabeko bizi eredu bat garatzea, tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei eta haien seme-alabei arreta osoa ematea, arloan diharduten profesionalentzako trebakuntza bideratzea, eta genero indarkeriaren aurkako legearekin zerikusia duten eragileen arteko koordinazioa sustatzea. Lege horretan jasotzen zen, hain justu, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako plan bat egiteko beharra, eta horri lotuta hitzartu dira testuan zehaztutako 80 neurriak. 2021era bitarte, atalkako planak egingo dituzte, plangintza nagusi horren irizpideetan oinarrituta; hezkuntzan, osasunean, gizarte zerbitzuetan, lan arloan, Poliziarenean eta justizian.

Nafarroako Gobernuko informazio iturriek oroitarazi dute bi parte hartze prozesuren bidez ehundu dutela plana, eta alorreko hainbat eragileren hitza aintzakotzat hartu dutela bertan. Hain justu, 198 ekarpen jaso zituen testuak, eta %96 onetsi dira. Eskakizun gehienak alorreko profesionalen trebakuntzarekin lotuta egon zirela nabarmendu dute. 22,5 milioi euro bideratuko dituzte plangintza hori gauzatzera.

Beldur Barik programa

Azaroaren 25a hurbil denez, indarkeria matxistaren inguruko egitasmo gehiagoren berri ere izan zen atzo. Emakundek, esaterako, iragarri zuen 2016ko Beldur Barik topaketa Urdulizen (Bizkaia) egingo dela, azaroaren 26an, larunbatean. Topaketan, Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketako —12 eta 26 urte bitarteko gazteentzako lehiaketako— sariak banatuko dira. Beldur Barik lehenengoz 2009an egin zuten, Emakundek eta Eudelek bultzatuta, gazteen artean indarkeria sexista prebenitzeko; erasoak identifikatzeko giltzak eman nahi dizkiete.

Gasteizko mugimendu feministak ere ohar bat plazaratu zuen atzo. Oroitarazi dute, besteak beste, adingabeak «indarkeria heteropatriarkalaren» biktima direla usu, eta era «antolatu» batean bortxa sistema horren aurka batzeko eskatu dute. «Kriminalizazio» ahaleginei aurre eginda, bat egiteko eskakizuna egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.