Bortxa gabeko bizitzak, andre elbarrientzat ere

Elkartean koordinakundeak gida bat argitaratu du, elbarritasunen bat duten emakumeek jasaten duten indarkeria matxista atzemateko. Eragileek gogora ekarri dute mendekotasunak bestelako oztopoak jartzen dizkiela biktima horiei.

Emakume elbarrien aurkako indarkeria ezkutuan dagoela salatu dute eragileek. BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
2022ko uztailaren 31
00:00
Entzun
«Ikusezina» da andre elbarriek jasaten duten indarkeria matxista; «askotan emakumeak eurak ere ez dira ohartzen gertatzen ari zaiela», Rosa Ugalde Berdintasun teknikariak nabarmendu duenez. Horregatik, bortizkeria hori azaltzeko, identifikatzeko eta hari aurre egiteko, gida bat argitaratu berri du Elkartean-ek, elbarritasun fisikoa dutenen elkarteen EAEko koordinakundeak. Egoera horretan dauden emakumeak ez ezik, haien ingurukoak eta eurekin lan egiten dutenak ere ohartarazi nahi dituzte, sentsibilizazioa zabaltzeko eta emakume horientzako zerbitzuak hobetzeko. «Pixkanaka ari gara gaia agendan jartzen».

Gipuzkoan elbarritasun fisikoren bat duten pertsonak biltzen ditu Elkartu taldeak, eta gidan parte hartu duten elkarteetako bat da; hor dihardu Ugaldek, eta bertan ikusten dutenaz mintzatu da: «Elkarteotara heltzen diren emakumeen bidez ezagutzen dugu biolentzia hau, baina badakigu askok ez dutela horretarako aukerarik; beraz, pentsatzekoa da errealitatea guk ikusten dugunaz harago doala». Hain zuzen, gidak dio bortizkeriaren prebalentzia handiagoa dela andre elbarrien artean, Espainiako Gobernuak 2019an genero indarkeriaz egindako makroinkestako datuetan oinarrituta: «Desgaitasuna duten emakumeen %20,7k jasan dute bikotekideen indarkeria fisikoa edo sexuala; desgaitasunik ez dutenen artean, %13,8 dira».

Ugaldek azaldu duenez, emakume izatearen eta elbarritasun bat edukitzearen gurutzatze horrek konplexuago bihurtzen ditu bortizkeria matxistarekin lotutako prozesuak: «Desgaitasunak erabat baldintzatu ditzake gure harremanak, oso lotuta daudelako laguntza premiarekin. Halako egoeretan, oso normalizatuta dago indarkeria jasatea, baita emakumeentzat ere: barneratua dute gertatzen zaien guztia mendekotasuna edukitzeagatik gertatzen zaiela, eta kostatzen zaie ikustea emakume izateagatik ere badela. Beste emakumeekin hitz egiten dutenean hasten dira hainbat egoera identifikatzen».

Bortxa aktiboa zein pasiboa

Gizonek egindako bortxaz ari da Ugalde: «Bikotekidea edo bikotekide ohia, zaintzailea edota etxeko beste gizonen bat. Eta ikusten ari gara, etxean ez ezik, instituzioetan eta lantokietan ere halako egoerak jasaten dituztela». Bortizkeria mota ere askotarikoa izan daiteke. Gidan, indarkeria aktiboa eta pasiboa bereizi dituzte. Ekintza bidezkoa da aktiboa, eta eremu sozialera edo ekonomikora ere hedatzen da: «Indarkeria fisikoa izan daiteke, baina horra heldu baino lehen, era guztietako tratu txarrak jasaten dituzte, batez ere psikologikoak. Pentsa zer den egunero entzutea: 'Hau ezingo duzu inoiz egin ni gabe', 'Nork egingo dizu kasu ni ez banago'... Horrek guztiak autoestimua gutxitzea eragiten du, eta bakartzea, gizartetik urruntzea, salatzeko izan ditzakezun baliabide apurrak galtzea».

Indarkeria pasiboa, berriz, abandonuarekin lotu dute batik bat. «Funtsean, behar bezala ez zaintzean datza: botikak ez ematea edo gehiegi ematea, utzikeriaz tratatzea, ondo ez elikatzea, ez garbitzea, arropa gehiegi janztea bero egiten duenean edo gutxiegi hotz egiten duenean...».

Hain justu, halako egoerak identifikatzen laguntzea da Elkartean-en gidaren helburu nagusietako bat. Izan ere, bortxaren detekzioan eragozpen handiak daudela antzeman dute: «Gizarte zerbitzuen ohiko interbentzioa oso lotuta dago kolektibo gisa dituzten beharrekin: mendekotasun ziurtagiriak lortzearekin, adibidez. Eta sarri langileek ez dute gehiago sakontzen emakume horien errealitatean. Guk tresna bat eman nahi diegu, jarraipena egin ahal izateko, eta indarkeria egoera posibleak detektatzeko».

Ildo horretan, Ugaldek salatu du andreen sinesgarritasuna ere zalantzan ikusi dutela maiz: «Gizarteak uste du desgaitasuna duten emakumeek babes handia daukatela, eta ez da kontziente halako egoerak ere badaudela, hau da, indarkeria ere jasan dezaketela. Pentsatzen da etxea dela lekurik seguruena, baina agerikoa da ezetz; are gutxiago, norbere kabuz moldatu ezin denean edo norbere burua defendatu ezin duenean. Edozein emakumerentzat da zaila biolentziatik ateratzea, baina ezin bazara etxetik korrika atera...». Hartara, adierazle sorta bat ondu dute gidan: «Emakumeek esaten dutenaz gain, beste seinale batzuei ere errepara dakieke: kolpeak, botiken gorabeherak, mugikortasuna murriztea —aulkia edo makuluak kentzea zigortzeko—...».

Prestatu gabeko zerbitzuak

Andre elbarriek pairatzen duten bortizkeria ikusaraztea da Elkartean-en xedea, baina indarkeria detektatu ondorengo prozesuan ere badago zer hobetua. Ugalderen arabera, tratu txarretatik ateratzeko pausoak ere ez dira errazak emakume horientzat, maiz laguntza ez dutelako berehala jasotzen: «Indarkeriatik ateratzea eskubide bat da, baina gero zer baliabide dago eskubide hori gauzatzeko?».

Berdintasun teknikariak gogora ekarri du gizarte zerbitzuak eremu arrotzak direla emakume gehienentzat, baina elbarritasun fisikoren bat duten andreek bestelako mugak ere badituztela erantsi du: «Irisgarritasunean pentsatzen badugu: gurpil aurkian dagoen emakume bat zerbitzu guztietara joan daiteke? Biktimak bere etxetik alde egin behar badu, eskainiko zaion bizitokia egokituta egongo da? Andrea, adibidez, gorra bada, langileekin komunikatu ahalko da? Zerbitzuak ez daude prestatuta, eta ez dago formakuntzarik halako egoeren inguruan».

Gizartea apurka sentsibilizatzen ari dela uste du Rosa Ugaldek, baina, halere, arduraz jokatzeko eskatu du, eta bortizkeria ikusirik albo batera ez begiratzeko: «Emakume guzti-guztiek izan behar dute aukera bizitza berri bat hasteko biolentziarik gabe, eta gizarte osoak egin behar du posible».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.