Gizon bat korrika. Gibelean beltzez jantzitako gizon talde bat agertzen da haren atzean; tiro egiten dute. Hurrengo irudian, gizona lurrean ikusten da, odoletan; Poliziak jaurtitako gomazko pilota bat jaso du buruan. Urtarrilaren 12an Bordeleko Jaka Horien mobilizazioan grabatutako bideoak milaka ikustaldi izan ditu. Ez da bakarra. Jaka Horien kontrako mobilizazioa hasi zenetik, gisa bereko dozenaka bideo zabaldu dira. Mugimendu horren aurka erabilitako bortizkeriaren polemikaren erdian, ia 3.500 polizia mugituko dira Ipar Euskal Herrira datozen egunetan, Miarritzen (Lapurdi) egitekoa den G7koen goi bilera dela eta.
David Dufresnes kazetariak egin duen datu bilketaren arabera, 24 pertsonak begia galdu dute, bost pertsonak esku bat galdu dute, eta 315 pertsona buruan zauritu dituzte. Azken hilabeteetan izandako bortizkeria «nehoizko handiena» izan dela uste du Marion Guemasek. ACAT Torturaren Ezeztapenaren Aldeko Ekintza Kristaua gobernuz kanpoko erakundean egiten du lan, eta Frantziako Poliziaren jardunari buruzko lan bat prestatzen ari da. «Datuen arabera, azken 8-9 hilabeteetan izan diren zauritu larrien kopurua azken hamabost urteetan izan denaren parekoa da. Adierazgarria da». Zauri fisikoez gain, Poliziaren bortizkeriak eragindako trauma psikologikoak neurtzeke daudela dio. «Zinezko arazo bat da, ondorio horiek ez dira kontuan hartzen».
Gertakariak «berez mintzo dira», Pascale Pascariello Mediapart hedabideko ikerketa saileko kazetariaren hitzetan. «Ez dugu sekula ikusi hainbeste zauritu larri. Beldurra eragiteko borondatea agerikoa da. Mezua argia da: manifestazio batean parte hartzen baduzu, larri zauritua izateko arrisku handia duzu».
Poliziaren bortizkeria justifikatzeko, «nehoiz ikusi gabeko manifestaziorik bortitzenak» izan direla erran dute behin eta berriz agintariek. Alta, azken urteetako beste mobilizazio istilutsu batzuetan gisa bereko bortizkeria ikusi izan da, zauritu kopuru horietara iritsi gabe. «Poliziek indarra erabiltzeko eskubidea dutela argudiatuko dute, baina indar hori legitimoa eta proportzionala izan behar dela ahantziko dute usu», nabarmendu du Guemasek. «Erabaki politiko bat da», Pascarielloren iritziz. «Frantziako Poliziaren ordena atxikitzeko doktrina aldatu da».
Frantziako Poliziaren ordena atxikitzeko doktrina XX. mendean ezarri zen progresiboki, besteak beste, unitate berezituen sorrerarekin. Helburu nagusia, polizia indarren eta manifestarien arteko distantzia atxikitzea izan da beti, eta indarraren erabilera graduatua izatea. «Beste herrialde anitzek eredutzat hartu izan dute; prestakuntzak egin izan dituzte beste herrialdeetako polizientzat», Guemasen hitzetan.
Faktore bat baino gehiago ikusten ditu doktrina aldaketa esplikatzeko. Ordenaren atxikitzean berezituak diren polizia kopuruaren apaltzea, eta horretan berezituak ez diren unitateen erabilpen gero eta handiagoa. Ordena atxikitzearen judizializazioa: «Manifestazio bat hastetik buru, babestu nahi dute, baina ondorio penalak ere bilatzen dituzte». Atxiloketak egiteko manifestarien kontaktura joan behar dute. Azkenik, erabilitako armak. 1990eko hamarkadatik poliziaren esku ziren armak garatu dira, besteak beste, flashball gomazko pilota jaurtigailuak agertzearekin. Gaur LBD 40 arma erabiltzen dute, 40 milimetroko gomazko pilota jaurtitzen duen fusila, zehaztasun handikoa. «Ofizialki, salbuespenezko egoeretan erabiltzeko zen, baina langile auzoetan anitz erabili dituzte, eta polizientzat eguneroko tresna bilakatu dira». Azken urteetan, gero eta gehiago erabiliak dira manifestariei jazartzeko; Jaka Horien mobilizazioetan masiboki erabili dituzte.
BAC unitateak
Doktrina aldaketa horretan, elementu garrantzitsua dira BAC Kriminalitatearen aurkako brigadak, Guemasen ustez: «Haien funtzioa gainera salto egitea da, atxilotzea; fase judizial horretan gaude. Arazoa da ez direla ordenaren atxikitzera prestatuak; Frantziako Poliziaren ohiko doktrinaren ohikoak ez diren praktikak dauzkate».
Street Press hedabideak dokumental bat ekoitzi du udaberri honetan: Jaka Horiak, estatu errepresioa. Youcef Brakni historia irakasleak BAC unitateen jatorria esplikatzen du bertan. Haren hitzetan, Pierre Bolotte prefetarekin lotura zuzena dute. Aljeriako gerlan parte hartu zuen, eta Aljerko gudaren garaian Aljerko prefetaren kabineteburua zen. «Polizia teknika kolonialak ikasi zituen; besteak beste, esku hartze brigada beltz-arabiarra. Zibil jantzita, Aljerko auzo arabiarrak kontrolatzeko funtzioa zuten». Aljeriatik Guadalupera bidali zuten 1967an. Urte hartan, «duitasunaren aldeko errebolta» gertatu zen , eta armada bidali zuten manifestariei tiro egitera; «Bolotte prefetak eman zuen agindua», Brakniren hitzetan. Paris bazterraldeko Seine Saint Denis departamendua sortu zutenean, hura izan zen lehen prefeta. Hara iristean, BAC unitateak sortu zituen. «Ez dugu itsuak izan behar: azken hilabeteetan ikusi dugun bortizkeria aspalditik dago langile auzoetan. Jaka Horiekin masiboa bilakatu da».
Uztailaren 20an, Jaka Horien 36. asteburuaren karietara, mobilizazio bateratua egin zuten. Jaka Horiak eta Adama kolektiboa —Adama Traoreren heriotza salatzeko sortutako taldea— batera ibili ziren protestan. Manifestazioaren bukaeran, mintzaldi andana bat egon zen; besteak beste, Maxime Nicolle Jaka Horietako aurpegi ezagunarena. «Barkamenak» eskatu zizkien langile auzoetako biztanleei. «Badira hilabete batzuk gure inguruko jendea kolpatzen ikusi dugula, baina, zuek, badira urteak bortizkeria hori jasaten duzuela. Barkatu, ez dugu jakin; barkatu, ez dugu entzun; barkatu, erraten zigutena sinetsi dugu».
Bortizkeria saritua
Jaka Horien mobilizazioa hasi zenetik, maiz egin zaio galdera Frantziako Gobernuari Poliziaren bortizkeriei buruz. Zaurituen argazkiak eta bideoak bolo-bolo zebiltzan bitartean, jarrera bera izan dute Emmanuel Macron presidenteak eta gobernuko ministroek: ukazioa. «Ez dut polizia bakar bat ere ezagutzen Jaka Horiei eraso egin dienik; haatik, badira poliziak defentsa baliabideak erabitzen dituztenak», adierazi zuen Christophe Castaner Barne ministroak, urtarrilean.
Polizien aitzinean «miresturik» dago Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefeta. Jaka Horien mobilizazioetan 2.800 polizia zauritu direla baieztatu du; «inoiz ikusi gabeko» bortizkeria bati aurre egin behar izan diotela. «Horri aurre egiteko, baditugu hilgarriak ez diren baliabideak: granadak, LBD jaurtigailuak... zauriak eragin ditzaketenak. Ikerketak eramanen dira, justizia pasatuko da, eta, hutsak egin badira, zigortuko da». Gisa bereko diskurtsoa du Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak ere. Haren arabera, askoz ere bortizkeria gehiago dago polizien kontra. Haren hitzetan, inork Poliziaren arau hauste bat salatzen badu, ikerketa eramana da, eta,frogatua bada zigortua da. G7koen goi bileraren harira ere horrela jardungo dutela dio.
IGPN Frantziako Poliziaren Ikuskaritza Nagusiaren ardura da arau hauste horiek ikertzea. «Gaur egun, haren funtzioa nuloa da», Pascarielloren ustez. «IGPNko buruak ere ukatzen du polizia bortizkeria adiera, eta gaur-gaurkoz polizia bakarra ere ez da kargutik kendu». 550 seinalamendu izan dira IGPNen, eta 265 ikerketa abiatu dituzte Jaka Horien mugimendua hasi zenetik; «zauritu kopuruarekin alderatuta, irrigarria da. IGPN gaur egun formula magiko bat da: IGPNren esku uzten da, ikerketa abiatzen du, baina bere horretan gelditzen da». Naoneden hildako Steve Maia Caniço gaztearen kasua ere esanguratsua da Pascarielloren ustez. «Indarraren hainbesteko erabilpen bortitz eta neurrigabera iritsi gara, besta egiten ari diren batzuen kontra arrazoirik gabe eta modu arriskutsuan gas negargarriak masiboki erabili baitituzte, badakizkigunondorioekin. Hara zertara iritsi garen. Hor ere IGPNren ondorioak penagarriak, zentzugabeak eta faltsuak dira». IGPN ez zaio instituzio independentea iruditzen. «Funtsean, askoz ere eraginkorragoa da instituzioa kritikatu edo salatu duten poliziak aurkitu eta auzipetzeko. Indarraren gehiegizko erabilpena salatu dutenak ikertuak izan dira, eta batzuk kargutik kendu dituzte».
Poliziarik ez da zigortua izan, baina Barne ministroak medailak banatu ditu Jaka Horien mobilizazioan «eredugarriak» izan direnak saritzeko. Anitz bortizkeria kasuei lotutako ikerketa judizial ala administratiboetan ageri dira. Nizan Genevieve Legay Attac mugimenduko militante ezaguna zauritu zuen oldartzeko agindu zuen komisarioa sarituen artean da —jendarmeek oldarraldian parte hartzeari uko egi zioten, neurriz kanpokoa zelakoan—. Manifestazio bati leihotik begira zela, negarra eragiten duen granada batek buruan jota hil zen Zineb Redouane Marseillan; operazioko tenientea ere saritu dute. «Ukazioa baino gehiago da: bortizkerien egileak, eta, nahiz eta zauritu, manifestarien kontaktura doazenak zoriontzen dituzte; kezkagarria da», gaineratu du Pascariellok. «Nik neuk uste dut lerratze autoritario bat gertatzen ari dela Frantzian. Argi da. Errepresio politiko bat dago protesta mota ororen kontra».
Bortizkeriaren polizia
Azken hil hauetan Frantziako Poliziak erabili duen bortizkeriak ez du bat egiten historikoki izan duen ordenaren atxikitze doktrinarekin. Zaurituen kopurua 20 urteotakoaren parekoa dela salatu dute elkarteek, baina Frantziako Gobernuak gehiegikeriak ukatzen ditu eta Poliziaren jarduna babesten du etengabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu