Hiru bakarrik gelditzen dira, baina gogor irauten dute borrokan. Greban dirauten zahar etxeetako langileek lehen egunean bezala erakutsi dute haserrea, ez dira nekatu. Enpresen hitzarmena sinatzeko eskatu diete zentroetako nagusiei, beste behin. Asteroko hitzordua izan zuten zahar etxeetako langileek atzo goizean Donostiako Bulebarrean, euren «eskubideak aldarrikatzeko».
Atzo, beste behin, 11:30ean Bulebarren bildu ziren diputazioaren proposamena sinatzeko falta diren zahar etxeetako langileak. 11:30ean, 50 pertsona inguruk hasi zuten betiko ibilbidea: Bulebarretik, Hernani kalera, Andiara, Urbietara, San Martinera, Etxaidera, eta berriro Bulebarrera, irteerara. 12:00etarako, jada 70 ziren manifestariak: bi emakume buruanzituela egin zuen aurrera manifestazioak, Eutsi borrokari: greba mugagabea lemapean.
Manifestazioan parte hartu zuten guztiek aho batez oihukatu zuten zegokiena: «Borroka egingo dugu, irabazi arte. Ez da dirurik falta, lapurrak sobera daude. Hiru bakarrik gelditzen gara.Egin daiteke, baina ez dute egin nahi», eta antzeko mezuak zabaldu zituzten Donostiako kaleetan zehar. Manifestariek oihu bat egiten zuten pauso bakoitzeko, eta inguruko adineko pertsonek txaloak jotzen zizkieten.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eginiko proposamena onartzea nahi dute SAR Quavitae eta San Ignacio enpresetako hiru zentroetako langileek. Ez dute Espainiako Gobernutik iritsitako «lege arrotzik» bete nahi, Euskal Herriko egoera «desberdina» delako. 330 langile inguru daude grebara deituak, eta 60 inguruk 102 egun daramatzate greban; horietatik 93, greba mugagabean. Villa Sacramento, San Ignacio eta Berra dira Gipuzkoan oraindik ere greban dirauten zentroak; hiruak Donostian daude. Villa Sacramenton eta San Ignacion ez dago hitzarmenik, eta Berran, enpresako batzordeak itun bat sinatu du, baina, langileen eta sindikatuen aburuz, «ez da nahikoa».
Gipuzkoako Foru Aldundiak proposamen bat aurkeztu zien zahar etxeen enpresei, «oinarrizko akordioa» lortzeko asmotan. 9,2 milioi euro jarri zituen diputazioak mahai gainean, zahar etxeei laguntzeko. Horrela, Gipuzkoako 62 zentrok sinatu dute ituna: guztiek, hiruk izan ezik. Adegi Gipuzkoako Enpresarien Elkartea ez dator bat diputazioaren proposamenarekin, eta, lan erreforma aplikatzerik ez dutela nahi jakinarazi duten arren, uste dute hitzarmena ez dela «bideragarria» enpresa askorentzat. Hori horrela, Adegik salaketa jarri zion Ander Rodriguez Gizarte Gaietako diputatuari, joan den uztailean.
Langileak protagonista
Falta diren hiru enpresek diputazioaren proposamena sinatzen ez duten bitartean, langileek kalean jarraituko dute, «dagokiena aldarrikatzen». Isa Fernandez Villa Sacramento zahar etxeko langilea eta ELAko ordezkaria da. Hark «kontrarreforma» eskatzen du, haren «lankide guztiek» bezala. «Rajoyk jarritako arauak ez ditugu inolaz ere bete nahi, ez baikaude haiekin ados», adierazi du Fernandezek.
Villa Sacramentoko langileak dioenez, euren sektorea «ez dago krisian», beraz, ez dago Rajoyren legea betetzeko «arrazoirik». Adibidez, eskatzen duten gauzetako bat da lehen gaixoaldian, ehuneko ehun kobratzea. Ez zaie «bidezkoa» iruditzen erreforma dela- eta «hilean 200 lanordu gehiago izan eta 200 euro gutxiago irabaztea». Gainera, haren hitzetan, soilik langileak kezkatzen dira adineko pertsonez: «Zaharrak ongi egon daitezen, guk ere lanerako baldintza egokiak izan behar ditugu».
Rosa Maria Roldan ere Villa Sacramentoko langilea da duela bederatzi urtetik, eta adierazi du ez direla geldituko gainontzeko zahar etxeek sinatutako akordioa izan arte: «Guk ere eskubidea dugu lan baldintza duinak izateko. Gainera, merezi ditugu».
Roldanek azaldu duenez, lan baldintzek bizitza pertsonalean ere eragina dute: azken hiru hilabeteetan, egunero, euren «eskubideak aldarrikatzen» eta jendeari greban dirautela gogorarazten ari dira kalean, eta horrela bizitzeak «tentsio handia» eragiten du. «Beste enpresa batzuk jada amaitu dute, eta gu ere bukaerara iristeko desiatzen gaude». Hala ere, zahar etxeko langileak «adoretuta» daudela, eta «borrokan» jarraituko dutela esan du. Bidea gogorra da langile horientzat: egun askotan «burumakur» egoten direla jakinarazi du Roldanek, baina «familiaren eta ingurukoen babesak asko laguntzen du».
Adela Canellada, berriz, Berra zahar etxeko langilea eta enpresako ELAko ordezkaria da. Hark salatu du Berrak ez duela errespetatzen «greba egiteko eskubidea», eta kaleratze mehatxuak jasotzen ari direla langileak. Berran enpresako itun bat onartua du enpresa batzordeak, eta itunak greba bertan behera uzteko eskatu die langileei, «bake sozialaren izenean». Egoera horretan, enpresak kaleratze greban dauden zenbait langileri mehatxuak helarazi dizkiela salatu du: «Langileei mehatxuak bidaltzen dizkie etxera, batzuek jada lau agiri jaso dituzte: gu kopiak egin eta guztiak gordetzen ari gara». Iñigo Zubeldia ELAko ordezkariak egoera hori salatu du: «Berrak dioenez, itunak debekatu egiten du greba egitea, baina, legea jarraituz gero, hori guztiz faltsua eta gaitzesgarria da. Bake sozialaren araua hitzarmenetan bakarrik sar baitaiteke, eta ez itunetan».
Zubeldiak jakinarazi du enpresak diru asko gastatzen ari direla langileei kontra egin ahal izateko. Haren aburuz, «adinekoei eskainitako zerbitzuak hobetzeko» erabil zitekeen dirua da enpresak «langileak zapaltzeko xahutzen» ari direna. Zubeldiaren hitzetan, Adegi langileak eta politikariak «kriminalizatzen» ari da, eta, funtsean, ez du hitzarmenik nahi. «Horri aurre egiteko aukera bakarra dugu: borroka», adierazi du ELAko ordezkariak.
Kalean jarraituko dute
Hiru hilabete pasatu dira zaharetxeetako langileak greban hasi zirenetik. Zubeldiak dioenez, behar den denbora guztian «tinko» jarraituko dute:«Garbi daukagu erronkari eutsiko diogula, eta, azkenean, irabazi egingo dugula».
Manifestazioa atzo izan zen, eta berriro izango da datorren asteko ostiralean, 11:30ean. Behar den arte jarraituko dute manifestazioekin. Honela dio Villa Sacramento zahar etxeko langile talde batek: «Nahi duguna lortu arte, kalean jarraituko dugu».
Borrokari tinko eutsiko diote
Zahar etxeetako langileek Gipuzkoako Foru Aldundiaren proposamena sinatzeko eskatu zieten enpresei atzoko manifestazioan62 zahar etxek sinatu dute diputazioaren hitzarmena Gipuzkoan, hiru soilik falta dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu