Nekane Txapartegi Nieve. Iheslari ohia eta militante feminista

«Borrokaren lorpena da nire itzulera»

Jasan ditu atxilotzea, tortura, bortxatzea, epaitzea, ihesa, ilegaltasuna eta kartzela. Jasan ditu, edo egin die aurre. Eta argi du: «Berriro egingo nuke». Horien guzien ahotsa da Txapartegi; iheslari izana; jada ohia.

IDOIA ZABALETA / @FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Asteasu
2022ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
«Ez naiz moldatuko. Ez dut egingo zuek nahi duzuena». Esaldi horiek borobildu dezakete Nekane Txapartegi Nieveren ibilbidea (Asteasu, Gipuzkoa, 1973); ala bertze honek: «Etsi gabe, beti aurrera». Hamabortz urtez Suitzaren barnean «preso» egon ondotik Euskal Herrira itzuli eta egun gutira erran dizkio BERRIAri, Korrika bere eskualdetik igaro eta lasterka egin duen egun berean.

Itzuli zara; ez zuk espero bezala.

Ihesbideari eman nionean, buruan neukan konponbide kolektibo-politiko baten ondorioz denak etxeratuko ginela: hori zen nire ametsa, eta uste dut askorena. Azkenean ez da izan nik nahi nuen bezala, baina are gutxiago Espainiako Estatuak nahi zuen bezala: estradizio baten bidez atxilotuta nahi ninduten.

Espainiako Auzitegi Nazionalak ETAko kide izatearen akusazioa kendu dizu, eta soilik dokumentuak faltsutzea leporatuko dizute. Zer espero duzu epaiketan?

Epaiketa ez da Auzitegi Nazionalean izango, delitua ez delako iristen horretara. Beste zigor epaitegi batean izango da.

Baina Madrilen izanen da, ez?

Bai, baina Auzitegi Nazionala utzi dugu bazterrera, eta hori ere kristoren lorpena da. Egin dugun borrokaren ondorioz, konstruktu hori, ETAko kide izatearena, atzera bota behar izan dute, eta baldintzak eman dira askatasunean bizi ahal izateko. Ikusi da, 1999an bezala, jazarpen politikoa dela, eta nabarmendu nahiko nuke nik ez dudala hau lorpen juridiko gisa ikusten: borrokaren lorpena da nire itzulera, borroka horrek baldintzak sortu dituelako eta horrela lortu ahal izan dugulako juridikoki konponbide bat nire egoerari normaltasun bat emateko.

Tartean hamabortz urte pasatu dira. Anitz ala guti da?

Nire bizitzaren herena. Ihesa da haustura bat, alde baterako bidaia txartela, eta argi neukan izan zitekeela luzeago edo agian ezin nintekeela itzuli. Baina beti konfiantza eduki dut herriarengan, eta banekien itzulera hori egiten genuen borrokaren araberakoa izango zela. Erbestean ere bilatu dut borrokatzeko leku bat, eta horrek luzera motzagoa egin du. Baina bazen garaia.

Nola ikusi dituzu Asteasu eta Euskal Herria?

Jendea utzi nuen leku berean dago bihotz aldetik: elkartasun eta maitasun horretan. Herria handitu da, eraikuntza aldetik gauza asko aldatu dira, baina gehiena txokatu nauena da gurekiko maitasuna eta elkartasuna leku pribatura bultzatu dela, eta kanpoan presentzia askoz ere txikiagoa dela: pankarta aldetik, pintaketa aldetik... Horrek markatu nau egun hauetan.

Txarrera?

Memoria historikoaren borroka horretan, oraindik ere hilobietan dauzkagu hildakoak aitorpenaren bila, eta gatazka hau ere horrela itxi nahi dute: guk sufritutakoa gordearaziz. Gu bezalako pertsonek egin dugun ibilbidea eta borroka ezabarazi nahi dute, eta uste dut hori dela galtzaileen eta irabazleen arteko narratiba bat inposatzearen ahalegina. Zer pentsatua ematen dit.

Zure itzulera berezia da Euskal Herriko jende anitzentzat. Zure izenak burura ekartzen ditu torturak, tortura sexualak, 18/98 auzia... Nola bizi duzu?

Batzuetan, ez naiz kontziente Suitzan egin dudanak hemen zer ondorio daukan edo alderantziz, baina, bai, nabaritzen dut erreferente bat naizela, batez ere emakume askorentzat, argi daukadalako bizipen hauek emakume izaeratik kontatu nahi ditudala. Niri ez dit balio esateak: «Orain ez da garaia hau kontatzeko».

Uste dut gure borrokak intersekzionala izan behar duela, ez direla hierarkizatu behar zapalkuntzak, eta, niretzat, argi zegoen Suitzan atxilotu nindutenean tortura sistematikoaren salaketa ikuspegi horretatik egingo nuela. Zeren eta ni, bai, euskaldun gisatorturatu ninduten, baina nire emakume gorputza gudu zelai patriarkala bihurtu zuten. Hor sartzen da emakume, ama eta iheslari izatearen zailtasuna ere.

Bertze batzuentzat esperantzagarria izan daiteke zu itzuli izana?

Ez naiz ausartzen esatera. Nik esperoko nukeena da denok pauso hori ematen dugunean askatasunean bizitzeko izan dadila. Eta ni oraindik ez naiz aske sentitzen. Ez da askatasuna kide gehiago barruan baldin badaude eta zer esan pentsatuz eta frenoa jartzen ibili behar badut zer. Egun hauetan ere Guardia Zibila hemen dabil erabat, eta, horrekin batera,konturatu naiz herri honetan badagoela trauma kolektibo bat.

Egoera berean egonen bazina, berriro ere eginen zenuke ihes?

Bai. Berriro ere ez nuke onartuko epaiketa politiko bat, eta, batez ere, epai politiko hori torturapean egindako deklarazioetan oinarritzen bada. Egoera gogorrak izan dira, baina, niretzat, gogorragoa izango zen epai hori onartzea:izango zen tortura onartzea. Bestalde, asko ikasi dut pertsona gisa, beste mugimendu bat nire eta gure borrokara lotzeko aukera izan dudalako, Euskal Herriaren gatazka nazioartean zabaldu dugulako, eta neuzkan tresnekin gai izan naizelako Europaren erdira tortura sexistaren salaketa ekartzeko. Horrek baieztatzen dit hartu nuen bidea ona izan dela.

Nolakoa izan da ihesi bizitzea?

Aurreneko urteak, atxiloketara arte, ilegaltasunean eman nituen. Hor alde handia dago: ilegaltasunean bizitzeak zer esan nahi duen ama gisa, zer esan nahi duen zure identitatea gorde beharrak; eta, aldi berean, ikusgarri egin behar izatea, haurraren beharrak asetzeko —eta, nire alabaren kasuan, ni bakarrik nengoen berarentzat—. Beldurrak, beharrak nola asetu; zu, bera... Hori dena ilegaltasunean ez da erraza, ez zarelako existitzen. Ama izatean normalki gizartetik banatzen zara, baina ni iheslari gisa ja ez nintzen gizartearen parte.

Eta, gero, atxiloketa: 2016an.

Alaba eta biok 24 ordu egotetik, haurraren eskolaren aurrean atxilotzen naute, eta hor berriro irekitzen dira torturaren zauriak: trauma hori. Berriro ere Poliziak, min handiena non ematen duen, hortxe eraso zidan, eta berriro nire emakume gorputzari eraso zioten esanez kontrola biluzik egin nahi zidatela: ez banuen egiten, umea umezurtz etxera eramango zutela. Eta min horrekin, jakin gabe alaba non dagoen, sartzen naute espetxean, inkomunikatuta guztiz.

Espainian bezala Suitzan.

Gizonek gizonezkoentzat egindako leku batean; gizarte kapitalista, arrazista, patriarkal honetan; ikusi nuen gure lekua, migrante, emakume eta iheslari gisa zela eskalaren azkena. Oso mezu argia izan zen Suitzan hartu nuena: «Hemen zaude, eta leku honetan nik zurekin egiten dut nahi dudana». Han erabaki nuen, ez Euskal Herrian pasatutakoa bakarrik, baizik eta espetxe barruan Suitzan pasatzen dena ere salatzea, emakume ikuspegitik nola zapaltzen gaituzten espetxean.

Etengabe duzu presente feminismoa. Zer eman dizu?

Tresnak, ulertzeko niri pasatu zaidana ez dela niri pasatu zaidan zerbait, baizik eta horren atzean egitura edo sistema bat dagoela. Tresnak horri aurre egiteko. Eta zerbaiten parte izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.