Joan den larunbatean aurkeztu zuten Ernai antolakundea. Atzo, elkarrizketa digitala egin zuten, BERRIAren Andoaingo egoitzan (Gipuzkoa), Irati Sienra eta Mikel Button bozeramaileek. Sarean ikus daiteke osorik.
Sortu eta Ernai ildo berekoak zarete. Zuek zein esparrutan egingo duzue lan? Kepa Torrealdai.
Guk gazte eremuan egingo dugu lan. Gazteen arazoak izango ditugu ardatz, eta, alde horretatik, bizi ereduen lanketa izango da gure ildo nagusia.
Non dauka Ernaik jatorria? Lehenago zegoen beste antolakunderen baten ondorengoa da, edo guztiz berria? Telle.
Ernairen jatorria Gazte Zukgua prozesua da, eta, beraz, hutsetik abiatutako eztabaida batean du jatorria. Hala ere, gazte eremuan ezker abertzaleak oso ibilbide luze eta oparoa du, guk aintzat hartzen duguna.
Nolatan igaro da feminismoa bi zutarriekin batera egotera? Ez al litzateke Euskal Herri euskalduna ere maila berean kokatu behar? Aitz.
Sozialismoak feminismoa biltzen duela uste dugu, baina ezker abertzalearen eta ezkerreko mugimenduen praktikak erakutsi digu bigarren planoan utziz gero ez dugula benetan lantzen. Euskarari dagokionez, ez dugu Euskal Herririk ulertzen euskalduna izan ezean, eta, beraz, ez dugu helburu estrategikotzat hartu. Ez maila berean ez dagoelako, oinarri-oinarrian dagoelako baizik.
Egungo sistemaren aurka borrokatzeaz gain, zein aternatiba landu daitezke gazteriak kanpora ez jotzeko? Ion.
Burujabetza da gure filosofiaren oinarria, eta, sistemari pitzadurak sortuko dizkion proiektu lokalen bidez, posible da guretzat etorkizun bat eraikitzen hastea. Adibide ugari ditugu Euskal Herrian: gazteek sortutako kooperatibak, baratze autogestionatuak, etxe okupatuak...
Gazte batzarretan parte hartzeari buruz zein jarrera duzue? Iñi.
Gazte mugimendua gazte boterea egituratzeko subjektu nagusi den heinean, Ernai bertako parte da. Kide asko daude antolaturik gazte batzarretan.
Irudipena daukat oraingo gazteek ez dugula beste belaunaldi batzuetan egin zen besteko lana eta aldarrikapena egiten. Zer uste duzue? Alaia.
Lizarran ikusi bezala, gazteok lanerako eta borrokarako prest gaude, eta inoiz baino arrazoi gehiagorekin. Dena den, helduek beti esango digute haiek, gazte zirenean, borrokalariagoak zirela. Helduen boterea da... Kar-kar!
Hemendik aurrera, zein da prestatua duzuen agenda?Izar Larrauri.
Gazte Danbada izango da Gazte Antolakundearen eta gazte boterearen isla. Hala ere, egunerokoan eraiki behar ditugu bizi ereduak: gaur bertan [atzo], martxoaren 8an, gazteok badugu zer esan; datorren asten gazteoi modu berezian eragingo diguten aurrekontuak onartuko dituzte Gasteizen; maiatzaren 1a gainean dugu; ezin ahaztu auzipetuta dauden gazte guztiak... Borrokarako jaio gara, eta Ernaik beti izango du agenda betea.
Mila esker parte hartu duzuenoi eta, nola ez, elkarrizketatuei. Berria.info.
Mila esker guztiei Ernai ezagutarazteko aukera emateagatik. Dei egin nahi diogu gazteriari, zibilizazio krisi honen aurrean, antolatu eta borrokatzera. Antolakuntzaz, independentzia, sozialismoa eta feminismoa.
Irati Sienra eta Mikel Button. Ernai gazte antolakundeko bozeramaileak
«Borrokarako jaio gara; beti izango dugu agenda betea»
Gazte Zukgua prozesu eratzailea amaituta, ez dute atsedenerako tarte handirik hartu Ernaiko kideek: antolatzera deitu dute gazteria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu