Mikel Onko, Isaac Kortabitarte, Loren Aldarondo eta Arrate Urreisti. Euskal iheslariak

«Borrokan sinistu dugun bezala, orain konponbide giroa elikatu behar dugu»

Gatazkaren konponbidean irabazlerik eta galtzailerik ez dagoela eta, guztiekin hitz egiteko prestasuna daukatela diote lau iheslariek; gizarteak determinazioan sinetsi behar duela azpimarratu dute.

HITZA.
2014ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Argi dute nondik datozen eta nongoak diren, eta are argiago daukate zer nahi duten: konponbidea eta sorterrira itzultzea. Mikel Onko (Markina-Xemein, 1983), Isaac Kortabitarte (Lekeitio, 1955), Loren Aldarondo (Ondarroa, 1951) eta Arrate Urreisti (Mutriku, 1952) iheslariak konponbide prozesuan parte hartzeko prest agertu dira, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza-ri esan diotenez.

Egungo egoera kontuan hartuta, zein da iheslarien analisia?

Mikel Onko: Beti gustatzen zaigu epaile izatea norberaren tesiak babesten ez dituenarekin. Azken hiru urteetan hori oso nabarmen ari da gelditzen Euskal Herrian. Bakoitzak bere ekarpena egin beharrean, besteak zer egin behar duen ari gara exijitzen. Larria iruditzen zaigu alderdi politiko batzuk etengabe ezker abertzaleari kontuak eskatzea, ETAren urratsak gutxiestea... Gizarteak akordioak nahi ditu, sentsibilitate guztiak elkarlanean nahi ditu, Euskal Herria beste aro batean ikusi nahi du. Aldiz, gizartea norabide horretara bultzatzea ez zaie interesatzen batzuei. Zergatik? Guk iritzia badugu, baina ez da eztabaidaren mamia: nola lortzen dugu gatazkaren aktore denak mahai batean egotea? Egingarria den egunean, konponbidea bide zuzenetik joango da. Egun, aldebakarreko mugimenduak ari dira ilusioari bidea erakusten.

Ekainean pauso bat eman zenuten. Erantzuna zelakoa izan zen?

Isaac Kortabitarte: Iheslarien inguruko tabu asko apurtzeaz gain, mugarria izan nahi zuen. Gure prestasuna nahi genuen azaldu. Horretarako, historian lehendabiziko aldiz, Iheslarien Kolektiboak bere bitartekaritza aurkezteaz gain, iheslarien arazoa konpontzeko bide orri bat aurkeztu genuen. Hitzak paperean gelditzen badira, ez dute esanahi handirik, eta horregatik uste dugu hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia dela. Azken hiru urteek garbi erakusten dute estatuek prozesurik ez dutela nahi. Jendarteak oldartu beharra dauka, eta hori da indartu nahi dugun mezua. Prest gaude estatuen gainetik pasatzeko, gure erantzukizunaz hitz egiteko, denekin hitz egiteko, uste baitugu borroka batean sinistu dugun bezala, orain konponbide giro hori elikatu beharrean gaudela.

Oztopoak non ikusten dituzue?

Loren Aldarondo: Baionako Bake Forumean Interpoleko idazkari ohiak esandakoarekin bat nator: 'Ez dut inoiz ikusi munduko gatazkatan Frantziak eta Espainiak duten jarrera desarmatze proposamen baten inguruan. Lotsagarria da! Armak utzi nahi dituenari ez uztea, ez dugu ulertzen'. Harrigarriagoa iruditzen zaigu Urkullu [Jaurlaritzako] lehendakariaren taldeak daraman bidea; ekimena izan beharrean tokia hartu ezinik dabil, eta aukera paregabea galtzen ari da. Borondatea praktikan ez bada ikusten, borondatez hitz egitea erraza da. Hori apurtu behar da. Bizikidetza eta bakerako Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako planean iheslarien arazoa ez zen planteatzen. Hitzak ondo, ekintzak hobeto.

Egoera aldatu den heinean, zuek duzuen egoeran zerbait aldatu al da?

Arrate Urreisti: Iheslari hitza aipatzean ezjakintasuna da nagusi. Oso egoera desberdinak ditugu, hainbat belaunaldik osatua. Batzuek bizitza normala egiten dute, beste batzuk sasian dira, batzuek paperik gabe eta oinarrizko eskubiderik gabe nolabait bizitza aurrera eramaten ari dira (Uruguai,Venezuela, Sao Tome, Cabo Verden bizi direnak). Harritzen du pentsatzeak zenbat belaunaldi lotu diren borroka honetara. Honek guztiak badu izaera kolektiboa, baina, guretzat, psikologikoki eragin handia du. Aktore zarela sentitzeak, hainbeste urtez gure sufrimendua bigarren plano batean uzteak, ez dizu onik egiten, nahiz eta jakin gerra egoera bat tartean dagoela. Pixkanaka bada ere, pertsonen biziei aurpegiak jartzen ari gara, existitu ez dena existitzen dela erakusten.

Pauso batzuk eman eta gero, zein izango litzateke hurrengoa?

Onko: Egoera berria ez da bakarrik etorriko. Jendarteak bere determinazioan sinetsi behar du. Eremu instituzionaletatik gatazkari ez zaio erroetatik heldu. Markatze izugarria dago, eta jendeak beste irtenbide batzuk behar ditu. Horregatik izan da garrantzitsua bake foroek egin duten lana, gatazkaren konponbidea irabazle eta galtzailerik gabeko egoera batean kokatu baitute. Guztion artean, politika egiteko modua kaleko bizian txertatu behar dugu.

Espetxe politikaz zer deritzozue?

Kortabitarte:Euskal presoekin hartu den suntsipen politika bidegabea eta krudela izan da. Horri gehitzen badiogu Euskal Preso Politikoen Kolektiboak eginiko adierazpena, inor gutxik uler dezake aldaketarik ez egotea: borroka armatuari uko egin diote helburu politikoak lortzeko, eragindako mina aitortu dute, legearen barnean pausoak ematearen alde agertu dira. Prozesuaren garapen guztian gertatu dena gertatu da Madrilen partetik: prozesuaren aldeko edozein mugimenduri atxiloketekin erantzutea. Eztabaidaren mamiari beldurra diote estatuek.

Zer da, oro har, gizarteari eta agintari politikoei eskatzen diezuena?

Aldarondo: Gure ustez, ekuazioa sinplea da. Bien arteko sinergia aurkitu behar dugu. Herriak agintari sentitu behar du, eta agintari politikoek herria direla ikusi behar dute, eta ez goi mailako elite bat. Herriari, beraz, motorra izateko eskatzen diogu, ez baita geldirik egoteko garaia. Ardura politikoak dituztenei beraien ardura betetzea eskatzen diegu. Hau da, bide orriaren inguruan akordioak, konpromisoak eta babesa lortzea.

Noizko ikusten duzue Euskal Herrian libre bizi ahal izateko aukera?

Urreisti: Ez gara ohartzen azken hiru urteetan jokaleku politikoa nola mugitu den. Norabide horretan, iheslarien kolektiboak bere harria jarri zuen ekainean. Lehen iheslaritik azkena itzuli arte egin beharreko bide pausatu bat proposatzen dugu. Ezin dena egin da etengabe alde berari pausoak eskatu; are gehiago, bakoitzaren izaera ezabatzea nahi duten jarrerek ez digute mesederik egiten. Proposamen zehatz bat plazaratu genuen, eta orain gure herrien txanda da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.