Borroka sozialen astea hasi da

Donostiako erdigunean eraikin publiko bat okupatuz abiatu dute 'Bizitza da handiena' kanpaldia. (Bideoa albistearen bukaeran).

Protestaren partaideak, atzo, okupatutako eraikinaren aurrean. JON URBE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Donostia
2018ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
«Kontsolatzerik ez!/ denbora ez da luzea/ ustelak lurpera / bizitza da haundiena/ galtzea, litzake galtzea dena». Mikel Laboaren Liluraren kontra abestiaren doinuan, eskuetatik helduta kantatuz abiatu zuten atzo berrehun lagunek baino gehiagok borroka sozialen astea, Bizitza da handiena lelopean. Donostian izan zen, hiriburuko erdigunean, Idiakez kaleko seigarren zenbakiaren aurrean. Izan ere, eraikin hori okupatu dutela jakinarazi zuten atzo eguerdian: lo zakuak eramateko deia egina zuten, eta maiatzaren 27ra arte bertan geratzeko asmoa agertu zuten protestaren partaideek. «Herritarren gehiengoaren aurka eta gutxiengo baten alde inposatzen dizkiguten politikei eta erabakiei aurre egiteko astea izango da», adierazi zuten.

Donostia «kolorez janzten» hasi ziren 10:30ean; Bulebarrean ziren biltzekoak, «bizipoza hartu eta kalera ateratzeko». Ileordeekin agertu ziren batzuk, maskarekin eta sudur gorriekin beste batzuk; turutak eta banderolak eskuetan hartuta, kalejiran abiatu ziren Gipuzkoa plazarantz, eta handik metro gutxira sartu ziren okupatutako eraikinean. Herri boterea lelodun pankarta erraldoi bat eskegi zuten, funtsean hori baita kanpaldiaren helburua: «Egunero zapaltzen gaituzten horiei aurre egitea, herri boterea eraikitzen jarraitzea».

Kanpaldiaren planteamenduaren adibide gisa hartu dute Donostian azken urteetan kezka piztu duen «turismo eredu suntsitzailea». Iazko udan izandako protesten aurrean hotel bat okupatu zuten gazteak auzipetzea eta isunak jartzea egotzi diete erakunde publikoei. Mezu bat igorri diete: «Zuen bulegoetan herritarrak kontuan izan gabe hartzen dituzuen erabakiak gure kontra doaz zuzenean, eta guk, bulegoak baino, plazak nahiago ditugu. Bizitza dugu aldarri».

«Herria gu gara, eta antolatuta gaude», erantsi zuten. Izan ere, 60 mugimendu sozialek eta sindikatuk babestu dute borroka astea. Tartean daude auzo elkarteak, gazteak, feministak, pentsiodunak, antiespezistak, internazionalistak, kultura egitasmoak, ekologistak... Egunero, 19:30ean batzar bat egingo dute, baina, horrez gain, askotariko ekitaldiak prestatu dituzte: hitzaldiak, protestak, bazkariak, ginkanak, tailerrak... «Elkartasunetik, alaitasunetik eta herritik» borroka egitera deitu dute: «Ez dugu biolentziarik erabiliko, eta espero dugu boteretik ere ez erabiltzea. Lege eta politika injustuei aurre egiteko, gure tresnak desobedientzia zibila, kolaboraziorik eza, ekintza zuzena eta erresistentzia izango dira».

Idiakez kaleko eraikina izango da kanpaldiaren erdigunea. Azpiegitura publikoa da: Espainiako Gobernuko Enplegu Ministerioaren bulegoak hartu zituen urte luzez. «Urteak dira hutsik dagoela hiriaren erdian, herritarren beharrak izugarriak diren arren. Eraikin publikoak ez dira administrazioarenak; herritarronak dira, publiko hitzak ongi dioenez». Ohartarazi dute, gainera, legez ere ezingo dituztela bertatik atera: «Okupazio mugimenduarekin lan egiten duten abokatuek esan dutenez, Polizia ezin da sartu eraikin hau hustera hamar eguneko epean; beraz, gu zazpi egunez egongo garenez, argi jakinarazi nahi dugu sartuko balira legea hautsiko luketela».

[youtube]https://youtu.be/vz74hrspJEs[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.