Lur Albizu eta Aitor Servier. Ernai eta Aitzinako bozeramaileak

«Borroka sektorialak burujabetzaren bidean jartzea gure ardura da»

Aitzina eta Ernai gazte antolakundeek Gazte Topagunea antolatu dute Lemoan, ostiraletik igandera. Borroka diferente askoz ari dira, baina horrek zatikatu bainoago «iraultzarako subjektua» aberasten duela diote.

Maider Galardi
Andoain
2019ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Azken asteetan buru-belarri ari dira Aitor Servier eta Lur Albizu, Aitzina eta Ernaiko bozeramaileak, Lemoako (Bizkaia) Gazte Topagunea antolatzen. 40 urteko ibilbideari egingo diote aitortza, baita orain martxan dituzten proiektu berriei eta «gazte borrokari» ere. Nahiko lukete topagunea izatea egindako lanaren isla.

Azken urteetan udaberriko ekitaldiari Burutakzio, Akelarre, Danbada... deitu diozue. Gazte Topagunearekin, izaera jakin bat berreskuratu nahi duzue?

LUR ALBIZU: Egia da hamar bat urte izango direla Topagunea antolatzen ez genuela, eta bada urteurren baten kari egindako hautua. Izaera berreskuratzeagatik baino, 40 urteotan egindako lanari aitortza bat egitearren izan da. Ez da atzerako buelta bat.

AITOR SERVIER: Aurtengo Topaguneak badu indar berezi bat, egitarau politikoari dagokionez. Urte osoan zehar aritu gara gazte antolakundearen komunitatea zabaltzen eta belaunaldi berriengana iristen; Topagunea aukera bat da gazte horiek elkartzeko.

Esan zenuten inoizko «hunkigarriena» izango zela; ezker abertzaleko kidez inguratuta egin zenuten agerraldia. 40 urteko ibilbideari eginiko aitortza da?

L. A: Bada aitortza bat, eta baita aurten abian jarritako Bulkada berrien garaia da dinamikari amaiera emateko modu bat ere. Galduta zegoen belaunaldien arteko transmisio hori berreskuratu dugu. Ilegalizazioek de facto eten zuten transmisioa.

Ilegalizazioek moztu zuten belaunaldiz belaunaldiko katea?

L. A: Ilegalizazioak eragin zuzena izan du gazte antolakundearen azken urteetan, eta dinamikak balio izan du nortasun konkretu bat ere finkatzeko. Horrek eman digu militatzeko modu bat, lan egiteko modu bat, ezker abertzalea ulertzeko modu bat... Orain arte ez dugu hori azaleratu. Badirudi gazte antolakundearen irudia errepresioari oso lotuta egon dela, baina lanketa antzekoak egin ditugu, eta borroka horiek segitzen dute martxan.

A.S: Iraganeko gazte borrokari begiratzen diogunean, mitifikaziotik erreparatzen diogu, iraganeko epika bat elikatzen, eta aurtengoa izan da aukera bat aurreko belaunaldietatik autokritika zintzo bat ere entzuteko. Guk ondare hori geure egin dugu, eta hainbat gako eman dizkigu.

Eta, gaur egun, nolako osasuna dute Ernaik eta Aitzinak?

L. A: Ernai sortu zenean, eztanda handi bat egon zen, ia desagertzear ginelako. Azken urteotan egonkortu egin gara. Borroka asko jarri ditugu martxan: kulturgintzako gazteak, euskalgintzan, nolako ekarpena egin behar dugun burujabetza prozesuan... Eraiki dugu antolakundea, eta egiten diogu ekarpen bat euskal gazteriari. Ernaik badu bere tokia ezker abertzalean eta Hego Euskal Herrian.

A.S: Ipar Euskal Herrian badugu gazte antolakundea ulertzeko beste modu bat. Aitzina jauzi kualitatibo bat izan zen Ipar Euskal Herriko gazteriari proiektu berri bat eskaintzeko. Aski bide oparoa jorratu dugu desobedientziaren arloan. Orain bi urte abiarazi genuen militantzia ereduaren inguruko gogoeta bat. Eskema zurrunagoekin genbiltzan, eta gazteriak bizi zituen aldaketei egokitu behar genuen.

Borroka asko abian jartzeaz ari zarete, baina, inork esan dezake norabide eta helmuga argi bat lausotzen dela horrela.

L.A: Eztabaida handia da. Burujabetzarako subjektua eratu egiten da, ez da aurretik ezartzen, eta subjektu hori osatuz doa borroka eta identitate diferenteekin. Mugimendu feministak frakzionatu egiten du iraultzarako subjektua, ala batu egiten du? Borroka sektorialak pizten dira, baina denak helburu bakarrarekin. Beraz, hori ez da subjektua zatikatzea. Gure ardura da borroka horiek guztiak burujabetza prozesuan kokatzea, eta herri sektoreen eta langile klasearen emantzipaziorako bidean jartzea. Errealitateak ertz pila bat ditu.

Militantzia ereduaz jardun duzue. Nola hautsi eskema zurrunak konpromisoei helduz?

L.A: Lan egiteko modua asko aniztu da, eta gu saiatu gara zaintza hirukoitza lantzen: proiektua, ni-a eta kolektiboa. Epe luzeko lanketa da, eta praktikan, zaila.

A.S: Gaur egun gazte antolakundean aritzea haizearen kontra aritzea izan daiteke, baina, dugun tradizioagatik, badakigu garaipen txikiak ospatzen. Militantzia ereduez ari garela, geure kide feministek jarri dute begirada gure artean dauden botere harremanetan. Zer pentsa eman digu.

Zein dira Ernairen eta Aitzinaren proiektu politikoak?

L.A: Ohartu gara «olatu sozialak» etorri direla, eta prekaritatearen gaia lantzen ari gara, kolektiboki. Uste dugu proiektu hori Euskal Herrian egin behar dugula; duin bizi nahi dugu gure herrian. Irudikatu behar dugu gazte gisa nolako herria nahi dugun: feminista, euskalduna...

A.S: Euskal Herrian lan egin, ikasi eta bizi nahi duten gazte guztien artean egin nahiko genuke lanketa bat. Aurtengo ikasturtea bihurgunea izan da, hainbat arlotan gazte mugimenduaren berrantolaketa bat gertatzen ari da: gaztetxeen koordinadora dela, EHZ dela, Oldartu G7aren aurkako dinamika dela... Bagabiltza horri guztiari txapel komun bat eman nahian. Ipar Euskal Herriko testuinguru instituzional berriari falta zaio kaleko hanka, eta jadanik ari gara hori sustatzen.

Badu zerikusia azkenaldian Ipar Euskal Herrian izandako aldaketa sozial eta instituzionalekin?

A.S: Abagune politiko berria da. Azken urteetako instituzionalizazio prozesuarekin, eta hainbat alternatibaren gauzatzearekin, aldaketa soziologiko bat gertatu da. Gizartearen sektore gero eta gehiagok ikusten dute Euskal Herria bizitzeko eta borrokarako esparru gisa. Armagabetzearekin, laborariek martxan jarritako harresiekin, proiektu txikitzaileen aurkako dinamikekin, migratzaileen aldeko borrokekin... Marrazten ari gara halako ikuspegi bat. Bada gure erronka hori gazteriaren artean zabaltzea.

Biak ari zarete nazio eraikuntzaz, baina, bost urteren ondoren, bi gazte antolakunde diferente zarete oraindik.

L.A: Egia da harremana gehiago dela barrura begirakoa. Duela bi urte gogoeta hori abiarazi genuen antolakundean. Bagenituen nazio erakundetzerako asmo batzuk; autokritika gisa, egia da Hego Euskal Herritik ez dugula askorik begiratzen Ipar Euskal Herrira. Edonola ere, asmo hori ez da desagertu, eta urte eta erdi barru helduko diogu gogoetari.

A.S: Nazio ikuspegiaz ari garenean, ikuspegi mugatuarekin aritzen gara; beti ari gara Hego Euskal Herriaz, baina, gainera, Hego Euskal Herri osoa ere ez da gauza bera. Alde horretatik, ezker abertzaleak orain eskaintzen ditu tresnak erritmo diferentean joateko. Edonola ere, baditugu elkarrekin aritzeko markoak, eta harremanetan gaude; badugu borondatea horretan sakontzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.