Nekane Txapartegi. Euskal presoa eta 18/98 auzian zigortua

«Borroka existentziala da hemen egunerokoa; ez naiz subjektu»

Apirilean Suitzan atxilotu zutenetik, preso dute Txapartegi. Tortura frogei bizkar eman eta estradizioa baimentzea «gero eta zailago» izango dutela dio: «Horko elkartasunak bultzatuko du hemen justizia».

Hodei Iruretagoiena
2016ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Apirilean atxilotu zutenetik, Suitzan dute preso Nekane Txapartegi (Asteasu, Gipuzkoa). 1999an atxilotu zuten, eta torturatu egin zutela salatu zuen. Hala baieztatu berri du Eusko Jaurlaritzak sustatuta Paco Etxeberria auzi medikuaren lantaldeak egindako txostenak. 18/98 auzian zigortu zuten, baina ihes egin zuen, eta Espainiak haren aurkako estradizio eskaera egin dio Suitzari. Erantzunaren zain dagoela erantzun ditu BERRIAren galderak, idatziz. Bihar, haren aldeko manifestazioa egingo dute, Bernan (Suitza).

Zein da orain zure egoera, estradizio prozesuari dagokionez?

Ia sei hilabete iragan diren arren, erantzunaren zain nago oraindik. Estradizioaren aurkako argudioak aurkeztu genituen, baita torturatua izan nintzeneko agiri mordoa ere. Eta, horrekin batera, asilo politikoa eskatu nuen. Baina Suitza ez da modu aktiboan tortura salaketa ikertzen ari; guk eta Espainiako Estatuak bidali txostenak ikertzera mugatu da.

Paco Etxeberriak aurkeztutako txostenaren harira, AI Amnesty International, OMCT eta giza eskubideen aldeko beste zenbait eragilek ni ez estraditatzeko eskatu berri diote Suitzari. Beraz, Suitzak froga horiei guztiei muzin egin eta erabaki politikoa hartzea gero eta zailago izango duelakoan nago. Hala eginez gero, NBEren torturen prebentziorako batzordeak edo Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Suitza zigortzeko arriskua hartuko luke.

Zer bizi baldintzatan zaituzte?

Kapitalismoaren sistema patriarkala errepikatu eta areagotu egiten da espetxean. Bakartzea eta elkartasun lokarrien haustura bilatzen dute. Harreman afektibo, politiko, kultural, sozial eta sexualak moztuak ditut. Anulazioa, kontrola, debekua eta zigorra dira espetxeko baldintzen oinarri. Dena gutxieneko bizi baldintzetara murriztua dago: egunean ordubeteko patioa; asteburuetan, 23 ordu edo gehiago itxita; dutxatzeko aukera astean bitan bakarrik; gutunak zentsuratuta; liburuak edo musika sartzea debekatuta; eguneroko ziega kontrolak; bisitak astegunez, ordubetekoak, kristalarekin... Janari eta beste ateko zulotik ematen dizkigute, eta eskari guztiak eskutitz bidez egin behar dira. Ez dago erabakitzeko edo autonomiarako aukerarik, ez naiz subjektu. Borroka existentziala da hemengo egunerokoa.

Nola egiten zaio aurre horri?

Bakartzeari aurre egiteko aukera bakarra lan egitea da, eta esplotazio sisteman hartu behar da parte. Herrialdeko enpresek lana ematen diote espetxeari; Malaysiatik datozen eskularruak plastikotik atera eta etiketak jartzea, esaterako, hemen eginak balira bezala saltzeko, edo propaganda prestatzea multinazionalentzat.

Okerrena ziurtasunik eza da, ez baitago ordutegi zehatzik, patiorako izan ezik. Bisiten berri ere bezperan ematen dute. Ezjakintasuna, bat-batekotasuna eta sorpresa erabiltzen dituzte egunerokoan; tortura psikologikoa da.

Langile sozialik ere ez dago, kirol edo bestelako jarduerarik ere ez. Sendagile eta psikiatrek farmazia lana egiten dute, presoei botikak ematera mugatuz.

Konfiantzarik edo esperantzarik baduzu Suitzako justizian?

Asilo eskaeran nabariak ziren euskal gatazka politikoarekiko aurreiritziak; beraz, konfiantza gutxi justizian. Beraiek uste bezain neutralak balira, ez nintzateke preso egongo, eta erabakia aspaldi hartua legoke. Hala ere, badut esperantza hemen eta hor sortutako elkartasunak bultzatuko duela hemengo justizia.

Nola gertatu zen apirileko atxiloketa? Espero zenuen?

Espainiako Estatua ezagututa, garbi nuen atxiloketa arriskua hor zegoela. Eta Espainiako Polizia hona etorri ondoren, are gehiago. Atxiloketa alaba eskolara lagundu ondoren gertatu zen, eskolako atarian. Handik polizia etxera eraman ninduten, eta inkomunikatuta eduki. Biluztera behartu ninduten, eta ukatzen banintzen eta laguntzen ez banuen —DNA emanez, hatz markak hartuz...— alaba umezurtz etxera eramanen zutela mehatxatu. Handik egun pare batera, aireportuko poliziengana eraman ninduten abokaturik gabe deklaratzera, eta, han, estradizioa ukatu eta torturen salaketa egin nuen. Alabaren berri bertan jakin nuen.

Aurrez, Espainiako polizien jazarpena salatu zenuen. Hori ere ukatu du Espainiak.

Urtarrilean, bisita batekin hitzordua egina nuen, eta, inguratzean, norbait telefonoz gazteleraz entzun, eta susmagarria egin zitzaidan. Ziurtatzeko mugimendu batzuk egin, eta bi gizonek eta emakume batek jarraitzen gintuztela baieztatu genuen. Autobus batean sartu, eta haiek atzetik etorri ziren. Geltoki batean autobusa gelditzeko botoia sakatu genuenean, erreakzionatu egin zuten, eta autobusetik jaisteko itxura egin genuen. Haiek jaistean, azken unean alabarekin barruan gelditu, eta aurrera jarraitu nuen. Nahi bazuten, atxilotuko ninduten, baina, nire ustez, ez zuten egin legez kanpo sartu zirelako herrialdean. Ni lokalizatzea zuten helburu, suitzarrekin atxiloketa prestatzeko. Hala gertatu zen.

Madrilek dio ikertu zutela tortura salaketa, eta sinesgarritasuna kendu dio zure salaketari. Zer pentsamendu eragin dizu?

Erantzuna ez da berria, bai ordea testuingurua. Adierazpen horiek azken 50 urteotan Euskal Herrian 4.000 torturatu baino gehiago egon garela ziurtatzen duen txostena aurkeztu denean egin ditu. Txosten horretan, ni torturatua izan nintzela baieztatzen da, eta zilegitzat jo dute torturaren aurkako talde ugarik. Estrasburgok beste zigor bat ezarri berri dio Espainiari torturak ez ikertzeagatik. Beraz, Espainiako Estatuari gero eta zailago egiten ari zaio bere adierazpenak sinesgarri egin eta torturaren erabilera ukatu eta ezkutatzea. Neure burua zauritu nuela esan eta salaketa artxibatzeari ikertzea deitzen dio Madrilek. Lehen deklarazioa 2007an hartzeari eta torturatzaileak peritu gisa aritzeari ere ikertzea deitzen dio. Madrildik kanpo, ordea, zaila da hori ikerketa gisa ikustea.

1999an atxilotu, eta 18/98 sumarioan zigortu zintuzten. Hamasei urte baino gehiago dira atxiloketatik. Nola bizi izan zenuen epaiketa eta zigorren garaia?

Epaiketa desgaste ekonomiko, fisiko eta psikikoa izateaz gain, torturaren aurkako borroka pertsonalean beste aurrerapauso bat izan zen. Gogorra izan zen testigantza eman eta torturatzaileak aurrez aurre ikustea. Baina, nolabait, garaile atera nintzeneko bizipena izan zen.Auzitegi Nazionalera torturaren ahotsa eramatera eta salatzera joan nintzen, eta lortu nuen. Epaiketa politikoa zen, eta salaketa politikoa egin nuen. Uste dut balio handiagoa duela gaur egun testigantza hark. Bideoa oso hedatua dago, eta estradizioaren aurka eta asiloa eskatzeko baliagarria izan da.

Torturatzaileei begietara begiratu ahal izatean, indartsu sentitu nintzen. Aurpegia jartzeak indarra eman zidan borrokan jarraitzeko. Hala, bi guardia zibilen aurka salaketa jarri ahal izan nuen; orduan ere ez zuen aurrera egin. Hala ere, torturatuen lorpen kolektibo gisa bizi izan nuen haiek gure ahotsa entzutea.

Gaurtik ikusita, 18/98 auzia zer izan zela esango zenuke?

Espainiako Estatuaren beste pauso errepresibo bat nazio eraikuntzaren aurka. Ondoren etorriko ziren auzi politikoen abiapuntua izan zen. Nire ustez, aukera galdua Euskal Herriaren aurkako epaiketak geldiarazteko. Madrilen erasoei herri gisa erantzun beharrean, desobedientziarekin eta intsumisioarekin, zigor politikoa onartu eta espetxeak bete genituen, eta ez gara gai izan husteko. Gauzarik ederrena jasotako elkartasuna eta bertan ezagututako kideak izan dira.

Estradizioaren aurkako eta zure askatasunaren aldeko dinamikak abian dira; Euskal Herrian eta Suitzan, besteak beste. Nolaikusten duzu?

Egia esan, zaila da egunerokotasunari erreparatzea, harremanetarako bideak murritzak baitira. Baina babes handia jasotzen ari naiz bi herrialdeetatik, baita nazioartetik ere —Alemania, Italia, Austria...—. Hemen, Free Nekane taldea osatu da: Euskal Herriaren Lagunak, giza eskubideen aldeko eragileak, emakume feministak eta ezkerreko eragileak batu dira. Gutunak bidaltzeaz gain, Zuricheko Lora irratian agurrak bidaltzen dizkidate, herrialde osoan sostengu taldeak antolatu dira, espetxera inguratzen dira agurtzera. Manifestazioa ere antolatu dute irailaren 24rako, Bernan. Babesa zabala da, alabaren eskola ingurutik hasi eta eragileetaraino.

Oraingoz, torturaren salaketa ozen entzunarazi dugu Europaren bihotzean, eta babes zabala jaso. Atxiloketak eta espetxeratzeak Euskal Herriko gatazka politikoa ikusarazteko balioko duelakoan nago, eta bide horretan jarraituko dut. Nekane Libre plataformaren dinamiken berri jasotzen dut, berandu bada ere. Mugimendu feminista lan bikaina egiten ari da tortura sexista salatuz. Eskertzekoa da, babesaz gain, sakabanaketari aurre egin eta bakartzea gainditzeko plataformak egiten duen lana, senideei ematen dien elkartasuna. Bernako manifestaziora ere autobus bete etorriko da, eta bi herrialdeetako elkartasuna indartzeko balioko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.