POLIZIA OPERAZIOA. ATXILOKETAK

Borroka egunera deitu du AAMk Euskal Herri osoan, ostiralean

«Bizi dugun zapalkuntza egoera larriari tamainako erantzuna ematera» deitu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak

Ainhoa Sarasola.
DONOSTIA
2004ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
AINHOA SARASOLA -DONOSTIA@:Azken asteotan izandako atxiloketen harira, borroka egunera deitu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Euskal Herri osoan, datorren ostiralerako. Hala, herri guztietan mobilizazioak iragarri eta bertan parte hartzeko deia egin zien atzo Jon Enparantza abokatuak herritarrei. «Bizi dugun zapalkuntza egoera oso larritzat jotzen dugu, eta horrek tamainako erantzuna eskatzen du», esan zuen Enparantzak.

Urritik hona izandako polizia operazioen inguruko datuak eta balorazioa eman zituen AAMk atzoko agerraldian. Atxiloketeneta tortura salaketen kopuruak eta horietan «erabili dituzten metodo basatiak, horien artean elektrodoak, bainuontzia eta bortxaketa» nabarmendu zituen Enparantzak. Eta datu horiek agerian uzten dutela Espainiako eta Frantziako gobernuek Euskal Herriko auziari zapalkuntza erabiliz erantzun nahi diotela. «PSOEren gobernuak torturarik ez dela esanaz abiatu zuen bere agintaldia, Galindo aske utzi zuen gero eta presoen sakabanaketa indartzeko hautua publikoki aitortu du», salatu zuen Enparantzak. Espainia eta Frantzia gatazka bide polizialetik konpon daitekeen ustea gizarteari sinistaraziz ari direla esan zuen abokatuak, eta hori «arduragabekeria izugarria» dela. Halaber, Euskal Herriak «salbuespen egoera ez aitortua» bizi duela nabarmendu zuen Enparantzak. «Gerra zikin selektibo eta odoltsuan adituak diren horiek, gerra zikin estali eta bereizi gabea ari dira praktikan jartzen, egunez egun sarekada izugarriak eginez eta tortura legalizatuz». Ildo horretan, «gerra zikinaren modalitate berritzat» jo zituen azken asteotakoak.

«Indar okupatzaileen rola, eztabaida baldintzatzea»

AAMren ustez, azken sarekadak ez dira «kasualitatea» izan eta «Euskal Herrian ireki den eztabaida politikoan eragiteko asmoz» gertatu direla salatu zuen Enparantzak. «Eragileen artean eztabaida garrantzitsua ematen ari da, jarrera interesgarriak eta mugimenduak ematen ari dira eta hori guztia baldintzatzera datoz interferentzia hauek».

Halaber, «indar okupatzaileen rola betidanik berbera» izan dela gaineratu zuen abokatuak, hots, «euskal jarduera eta eztabaida politikoa baldintzatzea». Ideia horren harira, «inoiz baina ozenago indar armatu arrotzek Euskal Herritik alde egin behar dutela aldarrikatzeko beharra» azpimarratu zuen . «Ezinbesteko baldintza da hori eztabaida eta prozesu demokratikoa izateko». Ideia horren inguruan kokatu zuen Enparantzak datorren ostiralerako AAMk deitu duen Borroka eguna eta, halaber, Espainiako Gobernuko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterok Euskal Herrira egingo duen bisita. «Horrelako kolpe errepresiboen bisita txartelarekin dator Zapatero Euskal Herrira. Zertara dator, baina?», galdetu zuen Enparantzak. Hala, datorren ostegunean Gasteizen mobilizazioak izango direla iragarri zuen Enparantzak, Espainiako Gobernuko presidentearen bisita salatzeko. «Jarrera horrekin segitu artean, etorri bezala alde egin dezala eskatzen diogu, bere armada osoa berarekin eramanez». Halaber, euskal agintariei Zapaterori harrerarik ez egiteko eskatu zuen AAMk. «Ezin dugu egoera hau onartu, ezin dugu besoak gurutzaturik geratu, erreakzionatu beharra dago», adierazi zuen abokatuak, AAMren izenean.

-

Datua





62

Urritik hona: 62 euskal herritar atxilotu, erdiak kartzelatu eta beste erdiak aske utzi dituzte. Tortura salaketak 20tik gora izan dira, eta hiru lagun bortxatu egin dituztela esan du AAMk.

Bosgarrena: Azken asteko polizia operazioa, ustez Ibon Fernandez Iradiri atzemandako paperen «aitzakiaz» eginiko 5. operazioa dela esan zuen AAMk. Ondorioz, dagoeneko 92 euskal herritar atxilotu, 42 kartzelatu eta 50 aske utzi dituztela, eta orain artean 57 tortura salaketa izan direla salatu zuen AAMk.

Hiru aste: Azken hiru asteotan egunero, uneoro izan da euskal herritarren bat inkomunikaturik, AAMk salatu duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.