Borotra auzipetu egin dute baliogabeturiko isunen aferan

Asteartean Poliziak galdekatu ondoren, prokuradoreak hamar urteko espetxe zigorra eska dezake haren aurka

Didier Borotra, Miarritzeko auzapeza, artxiboko irudi batean. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2013ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Didier Borotra Miarritzeko (Lapurdi) auzapeza auzipetu egin du Frantziako Justiziak, asteartean Poliziak galdekatu ondoren. Atzo urrats bat gehiago egin zuen Anne Kayanakis Baionako prokuradoreak, haren kontrako hiru salaketa mota atxikiz. Orotara, 5.512 isun baliogabetzea leporatzen diote Borotrari. Ordaindu izan balituzte, 120.542 jasoko zituzkeen ogasunak.

Frantziako Justiziak prozedura abiatu zuelarik, 3.600 isun indargabetzea egotzi zioten. Kopuru hori 2009 eta 2010 urteetan ezabatutako isunei dagokie, eta horiek bertan behera uzteagatik 70.000 euroko ordainketa ez jasotzea egozten diote. 2011, 2012 eta 2013 urteetan bertan behera utzitako isunak erantsi dizkio prokuradoreak hasierako kopuruari.

Borotrak ez du onartu haren kontrako salaketa, eta polizia etxetik atera orduko adierazi zuen zailtasun handiak dituzten jendeei laguntza emateagatik baliogabetu zituela isunak. Gidari elbarrituei eta osasun arloko langileei gaizki aparkatzeagatik ezarritako isunak ezabatu dituzte, auzapezaren arabera.

Espetxe eskaera

Baionako prokuradoreak ez du sinesten auzapezaren bertsioa, eta hiru salaketa mota atxiki ditu haren aurka. Hain zuzen ere, honako hauek dira: agintari publiko gisa diru publikoa desbideratzea edo lapurtzea, agintari publiko gisa legea ez gauzatzeko urratsa egitea, ministerio publikoaren eginkizunean esku hartzea edo haren tokia hartzea. Izan ere, Udaltzaingoko buruari agindu zehatzak ematea leporatzen diote Borotrari, bertzeak bertze, sakelako telefonoa baliatzen zuten auto gidariei isunik ez ezartzeko agindu izana.

Joan den abenduaren 3an kargu berak atxiki zituen prokuradoreak Xavier Blaisot Miarritzeko udaltzainen buruaren aurka. Kayanakisen arabera, udaltzainburuak eta auzapezak sistema oso bat ezarri zuten plantan isunak bertan behera uzteko. Ukatu egin du behin-behineko baliogabetzeak baino ez direla izan. Nabarmendu du ez dela lehen aldia izan, eta gogoratu du 2002an eta 2008an idatzi ziotela Borotrari, eskatuz gelditzeko isunen baliogabetzea. Oharra jaso arren auzapezak deus ez duela egin ohartarazi du prokuradoreak.

Espetxeratze eskaera

Baionako prokuradoreak hamar urteko espetxe zigorra eska dezake Borotraren aurka, arestian aipatuta lehen bi salaketengatik. Hirugarren karguarengatik hiru urteko espetxe zigorra eska dezake. Espetxe zigorra ezartzeaz gain, Borotrari isuna ezar edo kalte-ordaina eska diezaioke prokuradoreak, eta aginte publikoa izatea debekatu. Azken neurri horrek ez luke eraginik, Borotra ez baita aurkeztuko 2014ko udal hauteskundeetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.