Asiloa eskatzen dutenean, gobernuak onartu edo ez erabaki arte, eskubide batzuk lortzen dituzte migratzaileek. Egoera erregularrean daude, eta gizartean errotzen hasten dira. Ezezko ebazpena etortzean gizarteratze prozesu hori etetea «bidegabea» dela salatu du CEAR Euskadiko zuzendari Patricia Barcenak (Bilbo, 1971). «Estatuak esan zezakeen: 'Ez dizut asilorik emango, baina badira beste aukera batzuk. Bizitzeko baimena emango dizut, arrazoi humanitarioengatik'».
Nork du nazioarteko asiloa eskatzeko eskubidea?
Arrazagatik, nazionalitateagatik, gizarte talde bateko kide izateagatik [emakumeak, LGTBI komunitatekoak, indigenak...], iritzi politikoagatik edo erlijioagatik jazarpena sufritzen duten guztiek; horiek aipatzen ditu Genevako itunak. Horrez gainera, badira gatazka orokortuetatik datozelako babesa eskatzen dutenak ere; adibidez, Siriako gerratik datozenak. Pertsona horien artean egon daitezke jazarriak diren pertsonak, eta horiei badagokie errefuxiatu estatusa; baina egon daitezke jazarpen orokorrari ihesi datozenak, eta horientzat babes subsidiarioaren estatua dago.
Non eskatzen da babesa?
Espainiak Madrilen du horretarako bulegoa. Baina, probintzia bakoitzean, Espainiako Poliziaren bulegoetan badago asilo eskaerak kudeatzen dituen talde bat.
Beraz, iristean eskatu behar da?
Ez beti. Bi bide daude. Bata, mugan bertan eskatzea. Prozedura azkarragoa izaten da hori: eskaera, erantzuna, helegitea eta azken erantzuna, gehienera, zortzi egunen buruan bukatzen da prozedura. Horren arabera izango duzu estatuan sartzeko aukera edo ez. Beste aukera da Espainiara sartzea, eta behin barruan zaudenean egitea eskaera. Kasu horretan, hilabeteko epea dago eskatzeko, bisa dutenek salbu; horiek bisa iraungi arteko tartea dute eskaera egiteko. Bigarren bide hau luzeagoa da. Eskaera egin eta hilabetera erantzuten dute eskaera tramiterako onartu duten edo ez; erantzunik ez badago, onartu dutela esan nahi du. Azken erabakia, legez, sei hilabete igaro aurretik hartu behar du administrazioak. Baina, praktikan, hamabi, hamazortzi edo 24 hilabete igarotzen dira erantzuna jaso aurretik. Eskaera egin denetik sei hilera, eskatzailea lanean has daiteke. Horri esker, asko lanean hasten dira, Gizarte Segurantzan kotizatzen dute. Baina, gehiegitan, euren gizarteratze ibilbidea hautsi egiten da bat-batean, eskaerari buruzko ebazpena iristen zaienean. Izan ere, gehienak ezezkoak izaten dira. Iaz, %70 ez zituzten onartu. Guk CEARen bertan eduki ditugu kasuak, gurean kontratuarekin lanean egon diren asilo eskatzaileenak: gauetik goizera haien egoera irregularra bilakatu da, errefuxiatu estatusa ukatu dietelako.
Zein eskubide dituzte?
Norbere burua identifikatzeko dokumentazioa edukitzekoa, lanerako eskubidea —eskaera egin denetik sei hilera—, babes sozialerako eskubidea, zuzenbide arloko aholkularitza jasotzekoa eta osasun arreta edukitzekoa. Adingabeen kasuan, beste edozein umeren eskubide berak.
Ezezko ebazpena iristen den kasuetan, zer aukera daude?
Helegitea jar daiteke; hori beti egin behar da. Helegitea Espainiako Auzitegi Nazionalean jartzen da, eta, eurek behin-behineko neurriak hartzen ez badituzte, eskubideak galtzen dituzu. Beraz, eskatzailea egoera irregularrean dago, bai, baina helegitea jarri du, eta hori bada ñabardura bat. Adibidez, kalean dabilela Poliziak dokumentazioa eskatuz gero, agian ez du ezer, baina badu helegitearen agiria. Polizia nor den, seguruenik, ontzat joko du, eta ez du polizia etxera eramango.
Badago beste aukerarik?
Bai, Atzerritarren Legearena. Behin asiloa ukatzen dizutenean, Atzerritarren Legearen esparrura igarotzen zara. Orduan ezberdina izango da egoera erregularrean edo irregularrean egon. Eta irregularrean daudenen kasuan ere, ez da gauza bera erroldatuta egon edo ez. Erroldatuta daudenek osasunerako, hezkuntzarako eta gizarte laguntzetarako eskubidea dute; azken eskubide hori, epe batzuk betetakoan. Badira aukerak. Adibidez, errotuta badago, bizitzeko baimen berezia eska daiteke; horretarako, hiru urte eroan behar dituzte Espainian bizitzen. Formulak aurkitu behar dira. Baina lotsagarria da; normalizatuta dagoen bizitza bat dute, eta, bat-batean, dena zapuzten diete. Agian ez dagokiela errefuxiatu estatusa ezin izan dutelako jazarpena frogatu? Ados, baina badago babes subsidiarioaren estatusa, eta hori euren sorterrira itzultzea arriskutsua denentzat da baliagarria. Eta bada hirugarren aukera: administrazioak ez dizu sinesten jazarpenaz esaten duzuna, baina zerbaitek egon behar du ihes egitea erabakitzeko; beraz, bizitzeko baimena emango dizu, arrazoi humanitarioengatik. Bada, ez lehen aukera, ez bigarrena, ez hirugarrena... Iaz ez zen baimenik eman arrazoi humanitarioengatik. Borondate politiko falta da arazoa. Azkenean, prozesu guztia hutsetik hasi behar dute berriro, baina, orain, Atzerritarren Legearen esparruan.
Atzerritarren Legeak hiru urteko egonaldia eskatzen die lanerako baimena lortu ahal izateko. Tarte horretan egoera irregularrean egotera behartzen ditu.
Kasu batzuetan izan daiteke asilo eskaera tramitatu bitartean egoera erregularrean egon izana, eta hirugarrena irregularrean. Baina, bai, hala da: hiru urtez egon behar dute erroldatuta, baina ezkutuan, arazorik sortu gabe, baimenik gabe eta eskubiderik gabe. Nola? Ezkutuko ekonomian lan eginda. Azken batean, ikusezin bihurtu eta ezkutuan irautea lortu dutenek jasotzen duten nolabaiteko saria da bizitzeko baimena.
Patricia Barcena. CEAR Euskadi
«Borondate politiko falta da arazoa»
Barcenak esan du Espainiako Gobernuak beste aukera batzuk dituela asiloa ukatu arren: arrazoi humanitarioengatik bizitzeko baimena onartzea, adibidez. Baina iaz ez zuen bakar bat ere eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu