Iazko abuztuan irten zen Rafa Diez Usabiaga kartzelatik (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1956), Bateragune auzian sei urteko zigorra bete eta gero. Atseden tarte baten ostean, «jende askorekin» hitz egiteko aukera izan du hilabeteotan, eta arnasa luzeko gogoetan ari da Sortun.
Urte erdi da espetxetik irten zinela. Nola topatu dituzu euskal gizartea eta ezker abertzalea?
Historikoki, ezker abertzaleak gaitasuna izan du, bere antolaketa sarearekin, belaunaldien arteko lotura egiteko, baina ilegalizazio zikloak kolpatu egin zuen antolaketa eredu hori. Aldaketa estrategikoak ere ekarri zuen egoera berri bat, eta, harekin, egiturak egokitu eta beste kultura politiko bat sortu beharra. Ikusten ari gara belaunaldi berriek arazo gehiago dauzkatela prozesu politikoari eusteko. Despolitizazio sentipena handia da, eta birpolitizatzea ezinbestekoa izango da. Herri gisa non gauden aztertzeko, ezinbestekoa izango da berrarmatze ideologikoa.
Birpolitizatu, nola?
Borroka armatua desagertzean, nolabaiteko erlaxazio kolektibo bat gertatu da. Abangoardia sozial eta politikoa zena fase berrian sartzean, deskonpresio batean sartu zen. Fase berri horretan ikusi dugu [Espainiako] estatuak eta EAJk erabakiak hartu zituztela gatazka politikoa baldintzatzeko. Azken urteetan, teorian baldintza potentzial asko genituenean prozesu politikoa abiatzeko, itsasontzia kaian egon da, atera gabe.
Zergatik?
Estatuak presoekin blokeoa ezartzeari ekin ziolako, eta EAJk, Bilduren emaitzak eta Kataluniako prozesua ikusita, galga jartzea erabaki zuelako. Belaunaldi berriek ikusi dute fase berri batean gaudela, baina prozesu politikoa ez dela mugitzen. Aukera ez da behar bezala baliatu, eta bidegurutze batera iristen ari gara.
Jende askok ez du aukerarik izan prozesu politiko batean integratzeko. Hasi dira dinamika sektorial askotan, baina badaude dinamika sektorial asko prozesu politikoarekin lotuta ez daudenak; hemen ardatz nagusia nazionala da, eta dinamika sektorialak beti izan dira proiektu nazionala elikatzeko, eta ikusten dut dinamika sektorialek bide propioa egiten dutela, ez dutela elikatzen herri gisa dugun proiektu politikoa.
Gara-n zenioen jendeak falta duela «ortzimuga argi bat». Zein da Sortuk eskaintzen duena?
Estatutik datorren erasoaldia ikusita, bidegurutze batean gaude, duela 43 urte bezala. Egun, erreforma bat egiten bada, izango da kontrarreforma bat, eta garai hartan haustura zena euskal demokraziaren edo burujabetzaren hautua da gaur egun. Ikusita estatuak ez duela eskaintza demokratikorik, badaude gehiengoak mahai gainean jartzeko harreman eredu berri baten bizkarrezurra: nazio bat garela, erabakitzeko eskubidea dugula, burujabetza dugula erreferentzia gisa, eta berme sistema bat nahi dugula. Ezin gara estatuaren zain egon, ezta mugatu ere sortzen duten beldurra kudeatzera. Abertzaletasunak eta esparru aurrerakoiak pentsatu behar dugu oinarri eta printzipio batzuk defendatzean.
Zeintzuk dira oinarri horiek?
Lortu behar dugu barne sinkronizazioa hiru eremuetan, subjektu nazionala indartzeko; Kataluniarekin ere bai, erabaki eskubidea ardatz hartuta; eta Europan, estrategia bat osatu behar dugu, beste errealitate batzuekin koordinatuta. Badugu elementu nahikoa herri gisa gehiengo politiko, sindikal eta sozial bat bideratzeko. Esparru askotan dago horretarako gogoa, baina gogo hori ez dago egituratuta pausoak emateko. Bada garaia lidergo politiko sendoak izateko, gizarte zibilak iritziak plazaratzeko, eragile sindikalek herri gisako apustuak egiteko... funtsean, epe motzeko jokaerak uzteko eta arduraz jokatzeko.
Uste duzu, ordea, independentismoak ez duela nahikoa indar. Zer egin behar du ezker abertzaleak: errealitate horretara egokitu edo hura eraldatzen saiatu?
Pentsatzen dugu ikuspegi mesianiko batekin lortuko dela independentismoa gehiengo izatea? Dialektika bat behar da. Dialektika horretan saiatuko gara jendeari esaten alor kulturalean, ekonomikoan eta sozialean alternatibarik onena euskal estatua sortzea dela, baina hori izan behar da masa dialektika batean sortu beharreko atxikimendu dinamika bat. Inportantea da itsasontzia abiatzea; prozesua martxan jartzea. Urteak daramatzagu autonomismotik burujabetzarako bidean, abertzaletasunak akatsak egin ditu Lizarran, Loiolan... bidea luze xamarra izaten ari da, deskapitalizazio bat gertatu da, baina ziur nago aukerak badaudela. Helburu taktikoa da Nafarroako eta EAEko estatus politikoek oinarri eta printzipio batzuk jasotzea: nazio aitortza, erabaki eskubidea, beste botere maila bat eta berme sistema argi bat. Alde bikotasun erreal bat sortu behar da, erabakitzeko eskubidean oinarrituta. Independentzia da xede estrategikoa, baina ez dugu indar nahikorik. Espainia erakusten ari da ezin dituztela arazo nazionalak demokratikoki konpondu. Ezinbestekoa da sektore askoren planteamendu komun bat. Borondate kolektibo berri bat eraiki behar dugu.
Espetxetik irtetean, esan zenuen bazeudela indarrak prozesu subiranista bat abiatzeko, baina egituratu egin behar zirela. Urte erdi igarota, zertan da egituraketa hori?
Sakabanaketa handia dago. Instituzioetan, indar korrelazioak hor daude; gehiengo sindikalak ere sekulako indarra dauka. Zergatik ez dugu bateratze lan sakon bat egiten, koiunturalismotik at, eta ez ditugu jartzen herri gisako erronkak, eta ibilbide orri bat horien inguruan? Oinarriak eta indarrak baditugu, baina oso desegituratuta daude. Bakoitzak bere iraupen politikoaren inguruan egiten du bere jarduera. Bada garaia gure herria beste jokaleku batera eramateko konpromisoa dugunok ortzimuga kolektibo bat jartzeko. Bakoitzak bere proiektu estrategikoak izan behar ditu, baina, 155a hor dugula, herri bezala jokatu behar dugu. Datorrenari sakabanatuta aurre egiten badiogu, atzerapausoak egon daitezke.
Zerorrek galdetu zenuen: «Zergatik ez du sindikalismoak abiatzen prozesua?». Erantzunik?
Irailean, ELAk eta LABek aldarrikapen inportantea egin zuten burujabetzaren alde. Azken urteetan, joko arauak aldatu dira, kapitalaren eta lanaren arteko oreka apurtuta dago, eta sindikalismoak arazo latzak ditu langileen eskubideak defendatzeko. Ezinbestekoa da euskal eskala politikoan burujabetza planteatzea aldaketa soziala bideratzeko, lan harremanetan euskal esparru bat izateko. ELAk eta LABek egin dute planteamendu hori. Kontua da nola lantzen den hori langile mugimenduan eta gizartean. Borroka ideologikoa eta masa borroka zabaltzeko, bide orri bat behar duzu. Zabaltzen ez bada dinamika propio bat hori lortzeko, ez du eraginkortasunik. Ezinbestekoa da teoriatik praxira pasatzea. Zer oztopo dago ELAk eta LABek eskainitakoa gauzatzen hasteko? Nik ez dut ikusten. Agian, denok dugu postureo politiko eta ideologiko bat. Zintzoki, gauzatze dinamika bat eta ildo koherente bat garatu behar da.
EAJrekin elkarlana bilatu behar da, edo kontra egin behar zaio?
Argi dugu azken urteotan EAJk neoliberalismo ideologikoa zabaldu duela. Baina guk herri gisako diagnostikoa egin nahi dugu, eta ikusten dugu bidegurutze historiko batean gaudela, asko dagoela jokoan, eta, egoera ikusita, lehentasuna dela ortzimuga kolektibo hori argi jartzea eta euskal gizartearen giharra plano guztietan indartzea. Bakoitzak manten dezala bere nortasuna, baina aurre egin diezaiogun datorrenari. Bateragarria izan behar da herri bezala dugun erronka hau beste kultura politiko eta esparru sindikal eta sozial batzuekin konpartitzea, eta nork bere planteamendu estrategikoa defendatzea. Ez dut ulertzen hori bateraezin gisa aurkeztea. Ez dakit EAJk zer hautu egingo duen datozen hilabeteetan, azaleko erreforma bat edo herri gisako apustu bat lehenetsiko duen, baina EAJko jende asko oso kezkatuta ikusten dut eginiko aliantzekin eta herri gisa galtzen ari garen interlokuzioarekin.
Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean bada oinarririk akordio bat lortzeko?
EAJk badaki estatua ez dagoela prest bere proposamenean jartzen duena negoziatzeko, eta are gutxiago adosteko. Badakite, PSOErekin adostu nahi badute, alde batera utzi behar dituztela gizarte segurantza, lan harremanen euskal esparrua... Abiapuntu bat izan daiteke EAJk mahai gainean jarritakoa. Erabakitzeko eskubidea ezin da kamuflatu; bizkarrezurra da euskal eskala demokratikoa eraikitzeko, alde bikotasuna erreala izateko. Ez da kapritxo bat. Horrez gain, EAJk proposatutako botere maila inportantea da, jauzia handia izango litzateke. Beste hainbeste hori blindatzea, eta ez Auzitegi Konstituzionalaren mende egotea. Testuinguru horretan, inportantea izan daiteke Ahal Dugu-k har dezakeen erabakia. Esaten diegu estatuko inboluzio antidemokratikoaren aurrean euskal eskala demokratikoaren alde egin behar dutela.
Bada planik Madrilek ezezkoa ematen badu?
Saiatu behar dugu negoziazio prozesu bat lantzen, eta, ezezkoa etortzen bada, gehiengo hori zabaldu behar dugu, presio demokratikoa landu, nazioartera joan.
«Gizartearekin konektatutako Txiberta 2» proposatu duzu. Bateragarriak dira Txibertako eskema eta partaidetza herritarra?
Parte hartzea oso inportantea izango da herritarrak ere protagonista bihurtzeko. Nire kezka nagusietako bat da jende asko ez dela egoeraren larritasunaz jabetzen. Horregatik, ezinbestekoa da eztabaida legebiltzarreko hormetatik ateratzea eta diagnostikoak, proposamenak eta irtenbideak era zabalean egitea. Gogoratu behar da Ibarretxeren plana: gizarterik gabeko prozesu baten eredua izan zen. Orain hor dago Gure Esku Dago-k landu beharreko dinamika, eragile sindikal, sozial eta politikoek bateratu egin behar dituzte euren eskemak... Baikor naiz, uste baitut datozen hilabeteetan euskal gizartean jauzi kualitatiboa emango dugula egoera barneratzeaz, eta klase politikoak mahai gainean jarriko duela bidea zein den.
Nafarroaz, azaroan zenioen: «Ezker abertzaleak estrategia aldatu ondoren, Nafarroan erabat aldatu da mapa politikoa, baina geldirik dago herri proiektua».
Sekulako aldaketa izan zen UPN boteretik kenduta, eta urteotan pauso garrantzitsuak eman dira. Prozesua perspektiban aztertu behar da, eta balio handia ematen diet emandako urratsei eta sortutako haize berriei, nahiz eta mugak hor dauden eta alor sozialean ez diren bete hasierako espektatiba batzuk. Giltzarri da hurrengo hauteskundeetan aldaketa mantentzea eta beste jauzi bat ematea.
Geroa Bai PSN Ahal Dugu koalizio baten beldur zarete? Eta Ahal Dugu-ren zatiketak eragin dezakeen aritmetikaz?
Ahal Dugu-ren krisia sakona da, eta albo ondorio asko eragin ditzake. Podemos proiektu gisa higatzen ari da, baina ez dut uste indar korrelazioetan eraginik izango duenik, beste indar politiko batzuk badaudelako gehiengo hori mantentzeko. Beste kontu bat da Geroa Baik eta EAJk aliantzak norekin egin nahi dituzten. Ez dut uste zenbakiek emango luketenik laukoan PSNk EH Bildu ordezkatzeko; hala balitz, hanka sartzea izango litzateke, PSNren papera ikusita. Politika zaharretara itzultzea litzateke.
Urtebete da Euskal Elkargoa sortu zela. Zeintzuk dira Sorturen lehentasunak Ipar Euskal Herrian epe motz eta ertainera?
Azpimarratu egin behar da emandako pausoaren tamaina. Instituzio bat izateak aukera handiak ematen dizkigu euskal subjektu nazionala bertebratzen joateko. Ezinbestekoa izango da indartze fase bat, politika propioekin, gaur egun dituen tresnak erabiliz.
[youtube]https://youtu.be/hvDpC5j6A7Q[/youtube]
Rafa Diez. Sortuko Orientazio Estrategikorako arduraduna
«Borondate kolektibo berri bat eraiki behar dugu»
Garai politikoa «bidegurutzean» ikusten du Diezek, eta, bidegurutze horretan, uste du badela garaia «epe motzeko jokaerak» uzteko eta «ortzimuga» bat adosteko. Bestela, «atzerapausoak egon daitezke». Bideoa albistearen amaieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu