Politika

Borja Senper PPko eleduna izanen da maiatzeko hauteskundeetan

Politikatik at hiru urte igaro eta gero itzuli da, Feijoo buru duen «zentraltasun eta moderazio proiektua» bultzatzera.

Borja Senper, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko urtarrilaren 9a
16:36
Entzun

Duela hiru urte utzi zuen kargua Borja Senperrek, eta gaur adierazi du Alberto Nuñez Feijooren PPren eledun izanen dela datozen hauteskundeetan. Feijoo buru duen «zentraltasun eta moderazio proiektua» bultzatzea izanen du egitekoa, eta, horretarako, hedabideen aurrean azalpenak emanen ditu.

Feijook eskerrak eman dizkio Senperri, «zerbitzu publikoarekin izan duen konpromisoa handiagoa» izan delako «bere bizitza profesionalean, pertsonalean eta arlo ekonomikoan izan dituen ondorioak baino». Haren ibilbide politikoa ere goraipatu du.

Politika utzi zuenetik, Ernst Young aholkularitza taldearentzat aritu da lanean. Politika «familiagatik eta lan eskaintza batengatik» utzi zuela erran zuen 2020ean: «Ziklo baten amaiera da, bukatu den etapa pertsonal bat, eta ez da egon hori eragin duen beste ezer». Aitortu zuen politikan ez zegoela deseroso, baina ez zuela atsegin orokorrean arlo horretan egon ohi den giroa.

Ahots propioa

PPn egon zen urteetan, ahots propioa izan zuen Senperrek, inoiz ez baitzituen ezkutatu alderdiaren ildoarekin zituen desadostasunak. Vox alderdia Espainiako politikan sartu zen momentuan hasi ziren gorabehera horiek. Iradoki zuen, gainera, PP Voxera hurbilduz gero, berak ez zuela lekurik izango politikagintzan, eta hitza bete zuen. 11 urtez aritu zen Irunen zinegotzi, eta, PSOErekin egindako gobernu akordioen ondorioz, alkateorde izan zen bi aldiz. 2010etik aurrera, Eusko Legebiltzarrean eta alderdi barnean aritu zen lanean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.