Azterketak euskaraz

Bordeletik Baionara bizikletaz joango dira baxoa euskaraz pasatzeko eskubidearen alde

Estitxu Robles kolegioko hogei ikaslek parte hartuko dute mobilizazioan: apirilaren 22an iritsiko dira Baionara, euskalgintzak egingo duen manifestaziora.

Estitxu Robles kolegioko ikasleen prentsaurrekoa Baionako suprefeturan. GUILLAUME FAUVEAU
Garazi Aduriz Zuñeda.
2023ko martxoaren 29a
13:32
Entzun

Baionako suprefeturaren aitzinean, baxoa euskaraz igarotzearen aldeko bizikletaldia aurkeztu dute Estitxu Robles kolegioko ikasleek. Apirilaren 18an abiatuko dute ibilaldia Bordeleko Errektoretzatik, eta, apirilaren 22an iritsiko dira Baionara euskalgintzak antolatuko duen manifestaziora batzeko. «Gure nahia litzateke baxoa euskaraz egiteko eskubidearekin Euskal Herrira itzultzea», azaldu du Kima Goietxe Estitxu Robles kolegioko ikasleak; «eta gaurdanik, Baionako suprefeturaren aitzinean, gure bizikletekin, mezu hori helarazi nahi diogu Parisi».

Izan ere, Paristik berririk ez du oraino Seaskak. Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak azaldu duenez, «lehen erantzun bat» eskuratu zuten martxo erditsuan, kolegioetako ikasleek brebeta euskaraz pasatzen ahalko zutela zioena. Alta, erantzun hori zuzenki egin ez izana deitoratu du: «Ez dugu harremanik hezkunde nazionalarekin: ez diete erantzuten gure deiei». Eta mementoko borrokan segituko dutela azpimarratu du Seaskako lehendakariak: «Gure eskaera ez zen brebetara mugatzen, bistan dena; gu ari gara azterketa guztiak euskaraz pasatzeko eskubidearen alde». Bide horretan, apirilaren 22an egingo den manifestazioa antolatzen dihardutela adierazi du, Parisi oroitarazteko «bizpahiru purruska laxatuz» ez direla lasaituko eta prest daudela haurren eskubideen defentsan «borroka bururaino» eramateko.

Ikusi gehiago: Parisen «mespretxua» salatu du Seaskak, eta borrokan segituko dutela erran

Bizikletaldiaren ideia Bordelen egin mobilizazio batetik etorri zitzaien ikasleei. Autobusez joan-etorria egin ondoren biziki «ekologikoa» iruditu ez zitzaiela-eta, Estitxu Robles kolegioko bi ikasle hasi ziren ideia garatzen. «Hastapenean, airean esaniko ideia bat izan zen, irri egiteko; baina bi ikaskidek ideia garatu nahi izan zuten, eta irakasleekin bilkurak egiten hasi ziren», kontatu du Goietxek. «Guk ere gure alea ekarri nahi dugu azterketa guziak euskaraz lortzeko bidean». Mañolo Espellete Estitxu Robles kolegioko zuzendariak uste du ikasleengandik datorren proiektu hori ez dela «arrunta», baina horrelakoetan laguntzea izaten dela helduen eginkizuna: «Guraso eta irakasleek sekulako inplikazioa erakutsi dute ikasleak sustengatzeko. Helduoi izango da gauero kanpalekuak kudeatzea, afaria eta piknikak prestatzea, beste hainbat gauzaren artean».

Hirugarreneko hogei ikasle inguruk egingo dute ibilbidea. Bordeleko errektoretzatik hasiko dira, eta lehen etapa La Teste-de-Bunch (Okzitania) izango dute, bigarrena Biscarrosse (Okzitania), hirugarrena Contis (okzitania), laugarrena Messange, eta azkenik Baionara iritsiko dira. Estitxu Robles kolegioko ikasleek «zazpi probintzietako euskaltzale guztiak» gomitatzen dituzte Azterketak Euskaraz manifestazio nazionalera. Eta hitzordu berezia proposatu dute azken etapa haiekin bizikletaz bukatu nahi dutenentzat: Bokaleko (Lapurdi) merkatuko plazan izango da, 16:30ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.