Kolpea jaso du beste behin Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargo lehendakariak. Bordeleko administrazio auzitegiak atzera bota du elkargoaren helegitea, eta Paueko administrazio auzitegiak lehen instantzian hartutako erabakia berretsi du: ez da legezkoa Euskal Elkargoak CFE enpresen gaineko zerga emendatzea. Larunbatean, aitzinkontua berrikusi zuen Ipar Euskal Herriko erakundeak, eta zergen igoerarekin espero zituzten bi milioi euroak hornidura gisa atxikitzea erabaki zuten.
Bordeleko dei auzitegiak bere atarian argitaratu duen urriaren 3ko epaiak argiki dio: Elkargoaren «erabakiaren legezkotasunari buruzko duda handiak badira». Ipar Euskal Herriko erakundearen defentsak Paueko auzitegian erran zuen hiru urtez ez zuela CFE enpresen funtsen gaineko zerga emendatu, eta erreserba gisa erabil zezakeela hori bozkatu duen heineraino joateko. Bordeleko dei auzitegiak argiki atzera bota ditu argudioak: «Euskal Hirigune Elkargoak aurkeztu txosteneko elementu bakarrak ere ez ditu baieztatzen eman dituen azalpenak».
Horrez gain, Bordeleko auzitegiak berretsi du Euskal Elkargoko hautetsiek ez zituztela «argitasun guziak eskutan erabaki horren hartzeko», ez eta zergen administrazioak ere: «Deusek ez du erakusten administrazio fiskala maiztasunarekin jakinean emana izan dela».
«Ez badugu zergaren palanka erabiltzeko eskubiderik, ezingo ditugu gure politika publikoak aitzina eraman, ez garraio arloan, ez etxebizitza arloan, ez ekonomia arloan; botererik gabeko lurralde bat izanen gara»
JEAN RENE ETXEGARAI Euskal Elkargoko lehendakaria
Etxegarairen hitzetan, Bordeleko epaileak ez du ukatu elkargoak CFE zerga emendatzeko eskubidea zuenik; forma akatsak egozten dizkiola baieztatu du. Zergen Kode Orokorraren arabera, elkargoak urtero emenda lezake zerga, baina, egiten ez badu, emendatze hori kapitalizatzeko aukera du, gehienez ere hiru urtean. Baina Bordeleko ebazpenaren arabera, hautetsiei eta Frantziako Estatuko finantza zerbitzuei jakinarazi beharko lieke kapitalizazio hori erabiltzeko xedea zuela; eta hori ez dute egin. 1636-B artikulua aipatzen dute hor. Elkargoko lehendakariak erran du ez duela bat egiten interpretazioarekin. «Artikulu horrek ez du prozedura araurik ezartzen. Arau bat asmatu dute», salatu du.
Hori da Estatu Kontseiluaren aitzinean Bordeleko auzitegiaren erabakiaren kontra ezarri duten helegitearen funtsa. Epe laburrean ebatziko dutela espero du Etxegaraik. Horrez gain, lehentasunezko konstituzio galdera bat ere egin zioten Estatu Kontseiluari afera Pauen aztertu zutenean. Izan ere, herri elkargoek ez dute mugarik CFE zerga emendatzeko, eta hirigune elkargoei baldintzak ezartzen zaizkie. Horrek berdintasun printzipioa urratzen duela iritzi diote. Estatu Kontseiluak eskaera ontzat ematen badu, Frantziako Konstituzio Kontseiluak izanen du azken hitza.
«Iruditzen zait erabaki honek zalantzan jartzen duela lurralde elkargoek beren ardurak betetzeko duten eskubidea», adierazi du Etxegaraik auzitegiaren erabakiaren gaineko iritzia emateko egin duen prentsaurrekoan. «Ez badugu zergaren palanka erabiltzeko eskubiderik, ezingo ditugu gure politika publikoak aitzina eraman, ez garraio arloan, ez etxebizitza arloan, ez ekonomia arloan; botererik gabeko lurralde bat izanen gara. Ezin dut sinetsi hori denik estatuaren borondatea, baina ikusten dut hori dela prefetak abian emandako ekintzaren emaitza».
Hautetsien kritikak
Alain Iriart EH Baiko kide eta Bil Gaiten-eko talde politikoko hautetsiak erran du garrantzi handia eman zaiola formari, baina haren ustez ez dela hori aferaren funtsa. «Zerga emendatzearen kontra bozkatu genuen, baina ez auzitegiak eman arrazoiengatik; pentsatzen genuen beste posibilitate bat bazela». Udaberrian bi argudio eman zituen: batetik, Elkargoaren inbertsioen obratzea %70 ingurukoa zela, aitzineko soberakinak kontuan hartu behar zirela; bestetik, instituzioak bazuela oraindik mailegatzeko gaitasuna. «Lantegiek eta jendeek sufritu dute inflazioagatik; zuhurtziaz egin genuen proposamena». Funtsean, larunbateko aitzinkontu berrikuspenak arrazoi eman diela uste du, elkargoaren finantzak «arriskuan eman gabe» mailegatzea erabaki baitute. «Inportanteena hori da: elkargoak aitzina egitea, proiektuak egitea, zergak egin ahala gutxi emendatuz».
Horiek horrela, erran du kontuan hartu behar dela Bordeleko auzitegiaren erabakia, baina ontzat eman du elkargoak bere burua defendatzeko prozedura guziak bururaino eramatea. Hala ere, «harridura» agertu du prefeturarekin abiatutako tirabirak horraino iritsi izateagatik. «Guk ez dakigu zuzen zer pasatu den, eta erabakia ere prentsaren bidez jakin dugu». Haren hitzetan, prozesu osoan hautetsiak ez dira parte izan.
«Zerga emendatzearen kontra bozkatu genuen, baina ez auzitegiak eman arrazoiengatik; pentsatzen genuen beste posibilitate bat bazela»
ALAIN IRIARTBil Gaiten taldeko hautetsia
«Espero dut funtsezko gaia aipatzeko parada izanen dela: funtzionamendu gastuaren igoera etengabe, eta ekonomia xerkatze behar gorria»
PEIO ETXELEKUElkarrekin Herriarentzat taldeko hautetsia
Peio Etxeleku Elkarrekin Herriarentzat talde politikoko buruak BERRIAri adierazi dio «dolu» duela Frantziako auzitegi batek halako erabaki bat zalantzan eman dezan, baina «lotsagarriago» iruditzen zaio nola elkargoko zerbitzuek zerga igoera proposatu ahal izan zuten legez kanpokoa zela jakinez. Era berean, salatu du prefeturarekin izandako elkarrizketen garaian gaia ez dela sekula berriz aipatua izan hautetsiekin. «Parada bikaina izaten ahal zen berriz eztabaidatzeko funtsezko galderari buruz».
Ororen buru, erran du «berri on bat» dela Ipar Euskal Herriko ekonomiarentzat eta lantegi buruentzat: «Kinka oso txarrean dira; bederen zerga hori aurreztuko dute. Eta espero dut funtsezko gaia aipatzeko parada izanen dela: funtzionamendu gastuaren igoera etengabe, eta ekonomia xerkatze behar gorria».
Prefetaren helegitea
Martxoaren 23an bozkatu zuten 557 milioi euroko aitzinkontua Euskal Elkargoan. 232 hautetsietarik 128k alde bozkatu zuten; 39k, kontra, eta 52 abstenitu egin ziren. Halaber, CFE enpresen gaineko zergak emendatzea erabaki zuten bilkura hartan: %28,49tik %29,91ra pasatu zen. Desadostasun anitz eragin zuen gaiak, eta alde txikiz gailendu zen: 113 hautetsik baizik ez zuten babestu emendatzea.
Apiril hasieran Pirinio Atlantikoetako prefeturak Elkargoari dei egin zion, eta erran CFE behar baino gehiago emendatu zuela. Elkargoko zerbitzuek ez dute bat egiten DDFIP Finantza Publikoen Departamenduko Zuzendaritzaren ikuspegiarekin. Afera biziki teknikoa da, baina bi milioi euro dira jokoan, irabazi hori espero baitzuten emendatzearekin —orotara 45 milioi biltzen dituzte CFEren bidez—.
Julien Charles Pirinio Atlantikoetako prefetak Paueko administrazio auzitegira jo zuen uztailaren 22an, eta auzitegiak arrazoi eman zion prefetari, eta erran «duda handiak badirela» Elkargoaren erabakiaren legezkotasunari buruz. Ez du oraino auziaren funtsari buruz erabaki, baina lehen helegite horretatik ezeztatu du Elkargoaren erabakia.
Paueko auzitegiaren ebazpenari helegitea jarri zion Elkargoak, eta Bordeleko administrazio auzitegiak irailaren 30ean aztertu zuen.