Mikel Martin. EHGAMeko kidea

«Bono ministro ohiak ezbaian jarri zuen erasoa; zuzenketa eskatzen diot»

2005eko urtarrilaren 13an, Espainiako armadako lau militarrek Mikel Martin jipoitu zuten. Sei urte igaro diren honetan, Donostiako auzitegiak erasotzaileak zigortu ditu.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
jon olano
Donostia
2011ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Espainiako armadako lau militarrek Mikel Martin Zutik-eko eta EHGAMeko militantea jipoitu zutela sei urte bete diren honetan, Donostiako auzitegiak gertakarien inguruko epaia jakinarazi du: bina urteko espetxe zigorra eta 300na euroko isuna bi akusaturi, eta 4.500na euroko isuna beste biei.

Martinen testigantza «oso koherentea» dela argudiatuta, ontzat hartu du epaileak biktimak kontatutakoa. Nahiz eta ezarritako zigorrak Martinen abokatuak eskatutakoak baino txikiagoak diren —hiru urteko zigorra eskatzen zuen bi akusaturentzat—, pozik da Martin: «Berandu bada ere, justizia egiten ari da».

Nola baloratzen duzu epaia?

Garrantzitsuena da azkenean epai bat badagoela, eta seigarren urteurrenaren egunean, gainera. Hiru gauza nabarmendu nahi ditut epaiaren harira. Lehena, garrantzitsuena, Jose Bono Espainiako Defentsa ministro zenak erasoaren biharamunean Espainiako telebistan zalantzan jarri zuen nire testigantza. Galdetu nahiko nioke Bonori ea, epaia eskuan izanda, zalantzak dituen oraindik ere. Esan zuena zuzentzeko eskatuko nioke. Bigarrena, hainbeste denbora eta gero, lortu dugula nahi genuena, alegia erantzunik gabeko erasorik ez egotea. Eta, hirugarrena, inpunitatea haustea lortu dugu; lau harroputz horiek uste zuten militarrak izateagatik edozer egin zezaketela, inork ezer esan gabe.

Ez nago erabat pozik, gure zigor eskaera handiagoa baitzen, baino nahikoa hurbiltzen zaio. Nire testigantza sinestea eta haien asmakizuna atzera botatzea izan da niretzat garrantzitsuena.

Errekurtsoa jartzeko asmorik al duzue?

Gaur bilduko naiz abokatuarekin, eta epaia hobeto aztertuko dugu. Ez dakit bi urteko espetxe zigorrarekin kartzela saihestuko duten ala ez, baina, behintzat, euren ibilbide profesionalean orban galanta izango dute.

Zer iruditzen zaizu erasoa izan zenetik epaia ezagutu arte sei urte igaro izana?

Egoera ugari gertatu dira epaiketa hainbeste luzatzeko —besteak beste, akusatuetako bat urtebete kanpoan lanean ibili izana, eta guk froga gehiago aurkezteko, epaiketa luzatzeko eskatu izana—, baina egia da auzia gehiegi luzatu dela. Eraso bat dagoenean, zenbat eta azkarrago izan epaia, askoz hobe.

Esan izan duzu jipoitu zintuztenetik ez zarela lehengo bera. Zertan aldatu zara?

Egia da; ez naiz lehengoa. Pertsona bera naiz, baina ez naiz bizi lehengo lasaitasunarekin eta konfiantzarekin. Oso pertsona fidakorra nintzen lehen, eta edonori laguntzeko prest nengoen. Kalean, berdin zitzaidan nire ondotik nor pasatzen zen; ez nion erreparatzen. Orain, ordea, nire erasotzaileen antzeko itxura duen norbait ikusten badut kaletik, beste espaloira noa.

Duela gutxi, norbait atzetik nuen kalean, eta, larritasunez egin nuen aurrera, atzera begiratu gabe. Lehen, ez zitzaidan hori gertatzen. Psikologoaren arabera, jarrera hori ona da, horrela, egoera arriskutsuak saihesten ditugulako. Ni, ordea, ez naiz lasaitasun osoz bizi.

Behin epaia ezagututa, argi al duzu zergatik eraso zintuzten?

Uste dut argi dagoela. Haien ideologia faxistari erreparatuta, kaletik nirekin topo egin, eta pentsatuko zuten: «Hara hemen euskalduntxo bat». Nire ustez, eraso xenofobo bat izan zen, euskaldun itxura nuelako jipoitu baininduten. Kaletik Espainiari gorazarre egiten zihoazen, eta, niri joka ari zirela, «ziur ETArekin eta Ibarretxeren planarekin ados dauden horietakoa zarela», esaten zidaten. Herri baten parte izateagatik eta nire ideia politikoengatik jo nindutela agerian uzten du horrek: ez zuten holandar bat, galiziar bat edo islamiar bat jipoitu nahi, euskaldun bat baizik.

Babesik jaso al duzu alderdi politikoen eta erakundeen aldetik?

Eraso ninduten astean, babes mezu andana jaso nuen, baita alderdi politiko guztien aldetik ere. Donostiako Udaleko alderdi guztiek gertatutakoa gaitzetsi zuten, eta Espainiako Parlamentuan auziaren inguruko galderak egin zituen Uxue Barkos NaBaiko parlamentariak. Ibarretxe lehendakari ohiak eta Iñigo Lamarca Arartekoak ere idatzi zidaten. Oraindik ere, Errenterian jende askok animoak ematen dizkit kaletik ikusten nautenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.