Lehengoan jarraitzen du Paueko Krimen Auzitegiko Fiskaltzak: legea urratu zuen Nicolas Bonnemaison medikuak —Baionako erietxe publikoan zazpi eri pozoitzea egotzita epaitu berri dute—, eta zigorra merezi du. Horregatik, lehengo astean medikua errugabetzeko atera zen epaiaren kontrako helegitea jarri duela azaldu zuen, atzo, auzitegiko prokuradore nagusi Blandine Fromentek.Biktimak «zaurgarriak» zirela oroitarazi du —denak oso eri zeuden—, eta sendagileak ez zuela taxuz jokatu horien azken ordukoak erabakitzeko garaian.
Bizi osoko kartzelaldiaren mehatxua gainean zuen Bonnemaisonek iragan hilean, epaiketa hasi berritan. Hildako erien senitartekoek ez zuten haren kontrako zigorrik eskatu, baina fiskaltzak defendatu zuen zigorra jartzeko eskakizuna. Gogor aurrena; samurrago gero. Epaiketan medikuaren azalpenak eta argudioak entzun ahala, bigundu egin zen fiskaltzaren jarrera. «Ez zara pozoitzaile bat; ez zara hiltzaile bat». Medikuari halaxe mintzatu zitzaion Marc Mariee prokuradorea. Ulerbera azaldu zen Baionako erietxeko medikuarekin, baina argi utzi zion zigorra merezi zuela. «Konbikzioz jokatu dukezu», aitortu zion. «Baina konbikzio hori ez dator bat legeak dioenarekin. Huts egin duzun mediku bat izan zara», egotzi zion. Horregatik, bost urteko baldintzapeko kartzela zigorra eskatu zuen medikuarentzat. Kasua epaitu duen zinpekoen epaimahaiak, ordea, ez du aintzakotzat hartu eskari hori, eta, horregatik, ulertzekoa da helegitearen aldeko hautua.
Marieek zigorraren alde argudiatu zuen Bonnemaison medikuak pozoitutako gaixoekin egin zituenak ez zirela izan «mediku ekintzak», baizik eta «ekintza urratzaileak». Hilurrenean dauden erien sedazioa erietxeetan usu egiten dela onartu zuen, baina praktika horren helburua eriak «lokartzea» izaten dela azaldu zuen, eta bestelako helburua zuela Baionako erietxeko medikuak: «Bizia bururatzea». Hori erakusten duten hainbat froga badirela argudiatu zuen: azaldu zuen, esaterako, kurarea ekaia erabiliz pozoitu zituela eriak, eta, Hypnovel izeneko produktua injektatu ziela horretarako erabili behar den protokolora lotu gabe.
Epaiaren argudioak
Fiskaltzaren jarrerak lehengoan dirau, beraz. Kasua epaitu duen zinpekoen ebazpenaren arabera, ordea, errugabetu egin behar da Bonnemaison. Auzipetuaren defentsaren mezuarekin bat egin dute. Medikuak «fede onez» jokatu zuela argudiatu dute. Epaiketan hildakoen senitartekoek ere argi utzi zuten ez zutela medikuaren kontrako jarrera argirik: batzuek erabat babestu zuten sendagilea, eta kritikoago azaldu zirenek informaziorik ez ematea egotzi zioten, ez besterik.
Epaiaren arabera, aintzat hartu behar da kasu hau epaitzeko orduan medikuak bere jardunbidean zuen «testuinguru berezia». Oroitarazi dute Baionako erietxe publikoko larrialdi zerbitzuetan ziharduenez aski egoera gogorrak ikusten zituela egunero Bonnemaisonek: «gorputzez eta buruz» sufritzen zuten eriak artatu behar izaten zituela azaldu dute, eta ez dagoela frogatzerik «hiltzeko asmoarekin» jarri zienik injekzioa. Medikuak berak aitortu zuen epaiketan legeak ezarritako urrats guztiak ez zituela bete eri horiek artatzean, baina, epaiaren arabera, barkatzeko modukoa da.Hainbat goi karguk ontzat jo dute ebazpena, besteak beste, Osasun ministro Marisol Tourainek.
Aintzat hartu behar da zein testuingurutan egin den epaiketa ere. Frantziako Gobernuari so daude herritar asko, bizitzaren amaierakoak erabakitzeko —eta lasai hiltzen laguntzeko— lege berri baten aiduru. Hollandek usu azaldua du egiteko borondatea, baina oraindik ez da egikaritu.
Bonnemaisonen absoluzioaren aurkako helegitea jartzeko erabakia hartu du fiskaltzak
Paueko prokuradore nagusiak jakinarazi du, eta Mariee fiskalak epaiketan izaniko jarrera berretsi.Eri «zaurgarriak» hiltzea egozten diote medikuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu