Bonnemaison: «Erien sufrimendua laburtzeko sedatu nituen»

Hilurreneko gaixoen oinazeaz eztabaidatu dute Baionako mediku ohiaren auziaren bigarren egunean.Eriak hil nahi izatea ukatu du.Ez zuen ingurunea informatu

Nicolas Bonnemaison medikua, eskuinean, Pauen epaitu zutelarik, iazko ekainean. LAISSAC LUKE / EFE.
maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2015eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Eztabaidaren muinean sartu dira Angersko Krimen Auzitegian (Frantzia) Nicolas Bonnemaison Baionako ospitale publikoko mediku ohiaren aurka egiten ari diren auziaren bigarren egunean. Izan ere, erien azken uneko sufrimenduaz aritu ziren ezbaian atzo Bonnemaison bera, defentsako zein akusazioko abokatuak eta hainbat aditu. Nola jakin zein den hilurren dagoen gaixo baten sufrimendua? Fisikoki sufritzen ote du soilik, edo psikologikoki ere bai? Halako galderei erantzuten saiatu ziren akusatua eta epaiketara bildutako aditu ugari.

Biziki gaixo ziren zazpi eri «pozoiturik» hiltzea leporatzen dio prokuradoreak Bonnemaisoni. Eta hain justu, hil ez, baizik eta sedatu egin zituela berretsi zuen atzo Baionako mediku ohiak, eta haien «sufrimendua laburtzeko» xedez egin zuela hori. Hypnovel produktua erabili zuen, baina soilik «sedazioa lortzeko helburuarekin, inolaz ere pertsona horien bizitzari akabera emateko». Zainketa aringarrietan erabiltzen den produktu bat da. Mediku ohiak azaldu duenez, «sedazio batek biziaren bukaera labur dezake», baina «ez da helburua»: «Hypnovel injekzio batekin eriak orduak iraun ditzake».

Haratago joan zen atzo goizean eztabaida, ordea. Eriaren sufrimendua nola neur daitekeen galdetu zion epaileak Bonnemaisoni. «Zalantzak daude. Zientzia gaur egun garaturik dagoen bezala, ezinezkoa da ziur jakitea». Ezjakintasun horren aitzinean, onena «okerrena aurreikustea» dela argudiatu zuen akusatuak: «Prekauzio printzipioa aplikatzen dugu».

Zazpi eri horiek, zehazki, «bizitzaren akaberan» zirela zehaztu du Bonnemaisonek, eta beren kasa hiltzen zergatik ez zituen utzi galdetuta, haien sufrimendua laburtzeaz mintzatu zen berriro. «Ezin dugu besoak gurutzaturik goaitatu eriak hiltzea. Ezin ditugu eriak hiltzen utzi haien sufrimendua baretzeko parada izanik».

«Bakarrik» aritu izana

Erien onerako sedatu bazituen, familiak eta inguruko langileak zergatik ez zituen informatu? Hori da auziaren bertze puntu garrantzitsuetariko bat, atzo errepikatu zutena. Erantzukizun osoa bere gain hartu nahi zuela azaldu zuen Bonnemaisonek, eta erietxeko zerbitzua «babestu» nahi zuela. «Pentsatzen nuen talde paramedikalak, hots, erizainek eta laguntzaileek, gaizki bizitzen ahal zutela biziaren bukaera den bezalako muturreko kasu bat. Sedazio bat plantan ezartzen dudanean, iruditzen zait medikuari dagokiola bere gain hartzea». Haren erranetan, mediku txostenean ere horregatik ez zuen ezer idatzi: «Maizegi ikusi dut medikuek erizainei erabakien berri ematen dietela, eta, azkenean,haiek egin behar izaten dituzte injekzioak medikuen partez».

Senideei ere ez zien gehiegizko erantzukizunik eman nahi izan: «Familietan ikuspuntu ezberdinak egon ohi dira, eta erabaki horretan parte hartzeko eskatzea pisu sobera ematea iruditzen zitzaidan». Halere, «laster hilko zirela» abisatu zien senideei, haren arabera.

Akusatua bera ez ezik, aditu anitz mintzatu ziren atzo Bonnemaisonen aurkako dei auziaren bigarren egunean. Horietako bat Michele Delaunay, Frantziako ministro izandakoa eta sendagilea. Haren ustez, Bonnemaisonek ez zuen hilketarik eragin: «Ez du hiltzaile baten mentalitatea». Lankideak informatu ez izanaz defendatu du: «Larrialdietako zerbitzua ez da lekurik aproposena erabakiak anitzen artean hartzeko». Baita senideak erabakiaren parte ez egin izana ere: «Familiek iritzia alda dezakete dolu garaian, eta beren burua errudun senti».

Delaunayk ez ezik, Frantziako etika batzordeko kide Jean-Claude Ameisenek, Sandrine Rousseau politikari ekologistak eta Regis Aubry irakasle eta bizitzaren bukaerako adituak ere parte hartu zuten atzoko eztabaidan. Bonnemaisonen kasu partikularretik haratago, heriotzaren mementoan hartu beharreko jarrerez eztabaidatu zuten, legeak guzia zehazten ez duela jakitun. Medikuek erabakiak beren kabuz hartzea egokia den, zainketa aringarriak aski garatuak ote diren... Ondoko egunetan segituko dute eztabaidek, hamar egun irautekoa baitu epaiketak. Urriaren 24an emanen du erabakiaren berri zinpeko epaimahaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.